Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Longa kapa beltza

Joxean Agirre

narrazioa

Haranburu Editor, 1984

 

ZURE EZPAINEN O OBALATUA I IZKUTUA

 

        [...]

        Dena den hasi behar dut. Gaur labadorarekin egin behar dut aproba. Aber gogoratzen naizen. Ohetik salto eta nire jertsei bat jantzi ohi zuen zangoak libre sentitzeko edo. Bideteko ura korritzen utzi eta labadorara joaten zen zuzenean moketa gaineko erropa zikinak bilduz. Botoi baten xaplada eta trasteak eskainiko zigun kontzertu luze eta bariatuaren preludioa hasten zen ura xurgatzen zuen bitartean.

        Miren jaboi pote zilindrikora makurtzen zen jertsei barrenetik ipurmasail zuri bien itzalean sexu beltzarana erakutsiz.

        Ezagutu nueneko goiz urruna gogarazten zidan istanteak. Kaderaren mugikera armonikoa hautsiz eskutik zeraman poltsa pisua andeneko adokin grisen gainean pausatu zuen gorputza zutitzean aurpegia estaltzen zion ileari atzerantz eraginez. Ahi esan zuen, edo Ohi, ez dakit, zenbat pisatzen duen. Nik kioskoan egunkaria erosi eta begira geratu nintzaion. Goizero jertse barrenetik sexu beltzarana erakusten zuenean ere begira geratzen nintzaion. Basokada jaboia hartu eta labadorari zerbitzen zion. Edo beharbada alderantziz da, labadorari jaboia bota eta gero sakatzen zuen botoiari registro desberdinetako zarata guztien kontzertuari hasiera emanez. Ondoren bidetari konfiatzen zizkion bere sekretuak. Ur epeletan eskua bustiz sexua kareziatzen zuen edo txaplatekoak ematen bere altxorraz harro bailitzan. Nik zeloak ere hartu nizkion bidetari eta postura arriskugarriak hartuz lababoan garbitzen nituen nere zerak.

        Ritualaren esijentzia balitz bezala, zer eguraldi egiten du galdegin eta jestu pausatuz kentzen zuen jertseia eta ikara arin batek lazten zion larrua bularrak hanpatuz. Neri berriro ohean sartu eta gorputz hura laztanez berotzeko gogoak irabiatzen zidan barrena. Ator maiteator tontabihotzalaztana entzunixo ixoator eta haren sexua zabaldutako masusta kolorearen gainean ardo beltzaren urrezko izpiak ikustea gustatzen zitzaidan eta ile hezeak mingainarekin apartatuz jaboi usaizko zulo misteriotsu haietan itsu-itsuan murgiltzea Mirenen arnas hots zoroek katxondo jartzen ninduten bitartean.

        Baina maizenik laster bederatziak dira esaten zuen, plazako erloju aurreratuaren resonantziak teilatuko antena artetik sentituz, eta ezpainak borobilduz musu ximel bat ematen zidan joan zihoalarik. Ausentziaren seinale, garbitasun hats berezia uzten zuen gelako airean eta apunteen karpeta lodia bularren kontra sujetatuz korrika imajinatzen nuen espaloiko zuhaitz hostoen berdeaz nahasian voltaje gutxiko eguzki goiztiarra lagun zuelarik autobuseko paradara bidean. Eskalinataren oinean pausa labur bat egiten zuen zintzilik zerabilen poltsaren bila eta akordeoizko ateak irensten zuen haren gorputzaren kontornoa aise dibujatzen zuen soineko arin eroria ixterakoan kasik ebakiz.

        Mutiko bat ezpaloitik zehar doake orduan eskuak poltsikoan harriari ostikoka. Oraindik aurpegian loaren seinaleak dituen jendea eta egunkaria irakurriz autobusari itxoitera berriro lerratu den fila indioa.

        [...]