Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Zwei Frauen

Joxean Agirre

nobela

Elkar, 2011

 

1. IMITAZIOA

 

GIZONAK GIZONAGO
EGITEN DITUENA

 

        Goizero, Bertrand Moranek egingo zukeen bezalaxe, koadernoa aldean hartu eta nagusiki emakumeak ibiltzen ziren hiriko guneetara joaten hasi nintzen, eta ni baino zaharragoren bat aukeratzen nuen beti, nire adineko neskek, hogei urtekoek, kontatzeko ezer gutxi zutela iruditzen zitzaidalako. Norbaiten premian ziren unean hurbiltzen nintzaien, beso batean haur txikia eta beste eskuan erosketak zintzilik zituztela autoa irekitzen ari zirenean, esate baterako, eta nire laguntza eskaini ondoren haurrari buruzko komentarioren bat egiten nien gehienetan, horrek erraztu egiten baitzuen hizpidea. Baina emakume bat liluratzea ez da hain erraza, gutxiago oraindik hogei urte bakarrik dituzunean. Aldian aldiko pertsonaia bat txisteratik atera eta hori ziurtasunez kudeatzen jakin behar da, eta nire errepertorioa oso zen urria. Begietara begiratu eta beren gorpuzkerari edo itxurari buruzko esaldi melengaren bat esaten nien, baina inolako arrakastarik gabe gehienetan, dena aitortu behar bada. Ez dago erabat itsusia den emakumerik. Hori ere Bertrand Moranek erakutsi zidan. Destinua ez da hain krudela. Irribarrea izan daiteke, ahotsa bera, begiratzeko modua, ibiltzean gerriarekin egiten duen keinu lizun bat edo eskuarekin egin duen imintzioa.

        Saltokitik atera eta autora bidean jarraitzen nien, eta astia ematen zidan zehaztapen horietakoren bat pentsatzeko, baina errezeloz begira geratzen zitzaizkidan. Askok barre algara bat egiten zuten, algara urduria batzuetan, eta autoan sartu ohi ziten babes bila, nahiz eta bazekiten ez zutela inongo arriskurik nirekin, mutil gazte inozo bat nintzela, poeta gizajo bat seguruenik, jendez betetako aparkaleku batean oharkabean harrapatzen zituen emakumeei lausenguak esaten zizkiena. Bakanen batek autoaren kristala jaitsi eta, adarra jotze aldera, gordinkeriaren bat esan ziezadakeen, ea horrela izutzen nintzen edo uxatzen ninduen, eta ni burumakur itzultzen nintzen etxera, nire ereduak, Bertrand Moranek, emakumeak konkistatzeko zer egingo ote zuen pentsatuz, eta haren eleberrian murgiltzen nintzen beste behin.

        Bertrand Morane 1970eko eguberrietan ehortzi zuten Montpellierko hilerrian. Hiletara joan ziren guztiak emakumeak ziren. Arrosa gorri bana eskuetan zutela erreskadan jarri eta haren hilobiaren aurretik igaro ziren, eta lorearekin batean lurrera beren bihotzaren zati bat botatzen zutela ematen zuen, halakoxeak baitziren haien negar zotinak eta malkoak. Hildakoaren izena gogoratzen badugu, Franšois Truffaut-ek Emakumeak maite zituen gizona filma haren eleberrian oinarritu zuelako da. Morane ingeniaria zen. Mekanika institutu batean egiten zuen lana, baina haren benetako pasioa emakumeak izan ziren. Eleberri autobiografiko horretan (Le cavaleur), emakumeekin izandako maitasun historiak bildu zituen. Hain zuzen ere, eleberri horren aurkezpena egiteko Parisera joanda hil zen. Argitaletxeko emakume batekin igaro zuen arratsaldea hotelean. Hark alde egitean gelako balkoira atera omen zen eskuarekin agur egitera, eta han geratu omen zen kanpora begira. Beharbada beste emakumeren baten itzala ikusi bide zuen kalea gurutzatzen. Kontua da hoteleko bere gelatik jaitsi eta, emakumearen itzalaren atzetik nonbait, kalea zeharkatzen hasi zela. Auto batek harrapatu zuen. Berrogei urte zituen.

        Moranek bere liburuan dio arratsaldeko seietatik aurrera gizon orok behar duela emakume bat ondoan. Ni hogei urterekin, gazte gehienak bezala, bakardadera kondenatua eta zorigaiztoko sentitzen nintzen, eta esaldi hori irakurri nuenean munduko jakituria guztia bertan laburbiltzen zela iruditu zitzaidan, eta nik ere, Moranek bezalaxe, bizialdia emakumeak konkistatzen emango nuela erabaki nuen eta historia horiek liburu batean biltzen. Hori bai, kaleak gurutzatzean kontu gehiagorekin ibiliko nintzen, baina, arrisku handiko trantzeren batean bizia galtzea egokitzen bazitzaidan, banekien nire hiletan ere emakumeak izango zirela, emakumeak bakarrik.

        Esan dudan bezala, nire hasiera ezin zitekeen motelagoa izan. Tarteka, saltokiko langiletzat ere hartzen nindutela uste dut, emakumeei laguntzeaz gainera losintxak botatzeko enpresak berak kontratatu izan banindu bezala tratatzen baininduten batzuek. Eskerrak eman eta txanpon batzuen bila hasten ziren erosketak eta haurra autoan utzi orduko.

        Oso gutxi izan ziren, ondorioz, liburuan biltzeko balio izan zidaten historiak. Bizpahiru emakumek gonbidatu ninduten auto barrura, egia da, baina historia horiek laburregiak izan ziren liburua gizendu ahal izateko. Errepide ertz batean bukatu zen lehena. Autoaren atzeko eserlekuan eserarazi ninduen gidariak, erosketa poltsen artean, eta arnasestuak bukatu zituenerako gogoan dut jogurt lurrin gozo bat barreiatu zela auto barruan.

        Bigarrenari buruzko oroitzapenak ere ez dira askoz ugariagoak. Atzeko eserlekuan neskato bat zuela dut gogoan, niri begira. Norbaiten begiradapean maitasuna egiteak uzkurtu egiten ninduela adierazi nion amari, eta okerrago zatekeela begira bere senarra banu, erantzun zidan. Etenaldi luzeak eginez jardun genuela dakit, ama intzirika hasi orduko hasten baitzen umea negarrez eta ahoan txupetea sartu behar izaren bainion. Emakumearen aurpegia berehala ahaztu nuen, baina haurraren begirada gelditu zitzaidan gogoan, zorrotzegi begiratzen baitzidan isiltzen zen bakoitzean, amari kalteren bat egiten ari nintzaiola pentsatuko zuen beharbada.

        Hirugarrenak zapore mingotsa utzi zidan. Orduan ikasi nuen badaudela lotsarazten gaituzten maitasun historiak ere, nahiz eta Moranek ez zituen bere liburuan bildu. Etxera gonbidatu ninduen, baina pare bat kale lehenago aparkatu zuen autoa eta gerritik oso modu nabarmenean helduta eraman ninduen auzoan barrena. Ilunabarra zen, ez zebilen jende askorik kalean, baina ni guztiz deseroso sentitu nintzen, ez inork ezagutuko ninduelako, auzo horretan ez bainuen lagunik ezta ezagunik ere, baina bai ikuskizun merke bat ematen ari ginelako eta nik ezer gorrotatzen badut horixe delako, hizpidea jarri edo zeresana ematea. Saltokitik atera eta autora bidean begiz jo nuenean ohartu behar izango nuen minigonaren azpitik hanka zuztar gizenegiak erakusten zituela, ezpainetako gorria esajeratuegia zuela edo ilaje kardatuak urratuak eragin zitzakeela ingurukoen aurpegietan. Hori guztia ikusi nuen, baina emakumeei buruz idatzi behar duen idazle batek hori eta gehiago eramaten jakin behar duela erabaki nuen. Nire pausoa bere pausajeari egokitu ezinik egin genuen bidea, oso trakets alegia (beldur nintzen bere takoiren batek ez ote zidan oina hondatuko), eta igogailuak aurrez aurre jarri gintuenean jakin nuen sekula ez nintzela emakume haren aurreikuspenen mailara iritsiko. Ez nion galdetu eta ez dakit zer lanbide zuen, alarguna zen ala bizpahiru senar zituen. Ez dakit, ezta ere, zergatik aukeratu ninduen ni gau horretan lehiakide izan zitzakeen emakumeei ehizaki moduan erakusteko. Ez dut esango traumatikoa izan zenik, gizonezkook gaztetan jasan ditugun bortxaketek, bortxaketa dei bageniezaie ere, beti baitute zerbait atseginetik, baina horrek ez du esan nahi indarkeriarik gabeak izan zirenik. Badaude ahaztu nahi izaten ditugun maitasun historiak, eta ez naiz hasiko gau horretakoa kontatzen. Zaila da batzuetan sexua zergatik suertatzen zaigun hain gogaikarria esplikatzen. Etxeko bainuontzia aparrez betetzen jarri eta biluzten hasi zelarik, emakumea ederra iruditu zitzaidan, gehiegizkoa baina ederra. Beharbada haren ahotsa zen arrotz sentiarazten ninduena, berotasuna iradoki nahi zuen arren, pitin bat lakarra, pitin bat maskulinoa baitzen. Ni bainugelaren bazter batean nengoen kikilduta, ezer egiteko gauza ez nintzela, baina hori gutxi axola zitzaion emakumeari, aski zuen berak ikusle bat izatea. Beharbada jendearen aurrean biluztea izango zuen bere eguneroko ogibidea, hori ere pentsatu nuen. Edo beharbada xanpainarekin topa egiteko beharko zuen norbait, tristea izan behar baitu ispiluari begira topa egin beharra ere. Gainontzean, ni ez nintzen izan haren irudimen lizunarentzat osagarri bat gehiago baizik, ni gabe ere atsegin osoa lortzen baitzuen behin eta berriz.

        Pixka bat nahastuta atera nintzen etxe hartatik eta egunak eman nituen koadernoan ezer idatzi gabe. Emakumeei beste tankera bateko gizonezkoak gustatuko zitzaizkiela erabaki nuen, ni baino helduagoak, horretan ez nuen zalantzarik, eta doilorragoak ere bai, edo zakarxeagoak. Ni melenga, belaxka, bigunegia nintzen.

        Bertrand Morane irudikatu nuen beste behin eta, emakumeak goxotasunez konkistatzen bazituen ere, bazuela aitortu behar izan nuen, nik oraindik ez nuen, seguru asko inoiz izango ez nuen dohain bat, gizonak gizonago egiten dituena eta artean zer zen ez nekiena.

        [...]