Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Bazterrekoak

Xabier Aldai

narrazioa

Susa, 2000

 

EHIZTARIAK

 

1

 

        Luis Huertas izeneko gizon batekin ibiltzen zen nire ama 1972an. Ama baino gazteagoa zen; zenbat ez dakit ordea. Nik hamasei urte egin berriak nituen. Aitak utzi zigun etxalde apalean bizi ginen ama eta biok, tren geltokiko errailak igaro eta Arauntza bidean Azpeititik bizpahiru kilometrora. Aitaren bizitza aseguruak utzitako xoxetatik bizi ginen garai hartan. Horretaz gain, juxtu herriaren bestaldean, Urrakiko bidean zegoen ostatu batean lan egiten zuen amak, zerbitzari. Arratsaldeetan Tolosako tabernetara joaten zen, Marijo lankidearekin batera. Badakit taberna haietako batean ezagutu zuela Luis. Batzuetan elkarrekin itzultzen ziren etxera, eta orduan elkarrekin oheratzen ziren amaren logelan, aitaren alboan etzan izan zen ohe berean.

        —Gaur ez naiz lotara etxera joango, Luisekin geratuko naiz —telefonatzen zidan besteetan amak, gaua Luisen apartamentuan igaroko zuela ohartarazteko.

        Halakoetan telefono zenbakia ematen zidan, baina ez nion sekula deitu beharrik izan. Egiten zuena gaizki zegoela pentsatuko nuela uste zuen, baina bere indarren gainetik zegoen eta ezin zuen eragotzi. Niri, aitzitik, bizitzaren afera arruntak iruditzen zitzaizkidan, eta iritzi berarekin jarraitzen dut oraindik. Emakume gaztea nuen ama eta aldi hartan ni neu ere jabetzen nintzen horretaz.

        Luis Huertas sindikalista zen bokazioz eta ehiztaria zaletasunez.

        —Aurreko batean eskopeta hartu eta, mendira bidean nindoala, oilagor bat ikusi nian hegan. Benetan zaila duk horrelakorik gertatzea. Bertan akabatu nian! Lumatu eta lagunekin jan nian elkartean. Argazki albumean gorde ditiat lumak.

        Abere mota guztietatik behinik behin ale bat tiroz eraitsia zuela esan ohi zuen.

        Garaia zen, begi ilun eta ile-adats beltz motzekoa. Umore onez egoten zen ia beti. Behin baino gehiagotan amak ni unibertsitatera bidaltzeko zeukan ametsa aipatzen zuenean, unibertsitateko ikasketak amaitu gabe utzi zituela erantzuten zuen. Nire amarekin harremanetan ibili zen bitartean pentzu biltegi batean egiten zuen lan, eta bere ordu libreetan tabernak zapaltzen zituen, sarri nire ama bezalako emakumeekin trago bat edo beste hartzeko.

Bizimodua arrunta da mundu zabalean.

 

 

2

 

        Azaroa zen. Denbora asko generaman Luisen berririk gabe. Bitartean amak beste gizon batzuk ezagutu zituen, baina gehienetan etxera itzultzen zen lanetik irten ondoren. Logelan ematen zituen orduak, telebistari begira eta ardo merkea edaten. Goiz batean gosaltzeko orduan Luisi buruz galdetu nionean, non ote zebilen arrastorik ez zuela ihardetsi zidan, eta nik liskarren bat izan eta alde egin zuela suposatu nuen. Balmasedan edo ba omen zuen seniderik.

        Luis gustukoa nuela onartu behar dut. Azkarra zen. Eta nik ezkertiartzat jotzen nuen.

        —Herrialdea aberatsek pozoituta zagok! —esan ohi zuen asaldatzen zen bakoitzean, mahaia kolpatuz.

        Garai hartarako neskak ezagutzen hasia nintzen, eta horregatik ez zitzaidan komeni ama beti nire zain etxean egotea; Luis agudo itzul zedila eskatzen nuen... edo etxetik urrun entretenituko zuen beste gizon bat ager zedila nire amaren bizitzan.

        Larunbat sargori batean arratsaldeko ordu bietan iritsi zen Luis. Ama eta biok atarira irten ginen, Renault urdina aitak haizea mozteko landatu zituen pinuen aurrean balaztatu zuenean. Nekea antzeman nuen amaren aurpegian. Urteko sasoi hotzak gainean genituen. Elurrak mendi gainak estaltzen zituen jada, baina egun hartan hego haizeak jotzen zuen, eta giroa udaberriko egunari gehiago zegokion udazken parteari baino, nahiz eta Xoxote tontorrean susmagarriak ziren urdin zilarrezko hodeiak zerua estaltzen hasiak izan.

        —Bizi haiz? —esan zion amak hoztasunez.

        —Nire arreba gazteena, mutua, hil egin dun —erantzun zion Luisek autoko atearen kontra zutik—. Hari lur ematera joan behar izan ninan —arras umore oneko zirudien.

        —Ziur —esan zion amak, iraindu balute bezala—. Ez duk deitzeko astirik ere izan?

        —Mutila ehizara eraman nahi dinat, Isa. Antzara saldoak jaitsi ditun mendi elurtuetatik. Bizkor ibili behar dinagu, bihar beste norabait hegaldatuko baitira. Orain ez zaukanat eztabaidan hasteko betarik. Gero ere nahi adina denbora izango dinagu hitz egiteko.

        —Ez dik hirekin joateko gogorik —amak, zakar.

        —Badut —aurka egin nion nik.

        Amak bekozkoa zimurtu zuen.

        —Zergatik? —galdetu zidan.

        —Arrazoi bat behar dun, ala? Ez dun nahiko ba heu baino handiagoa den mutil puska gonapean ezkutatzea, ezta?

        —Arrazoi bat? Ez huke, ez, gaizki etorriko arrazoiren bat hire ahotik —modu arraroan behatu ninduen amak—. Mozkortuta dagoela dirudi, seme.

        —Ez, ez; orain ez dinat edaten —esan zuen Luisek, nahiz eta sinesteko zaila gertatu.

        Bioi begiratu zigun, eta amak beheko ezpaina hozkatu zuen. Adi-adi begiratzen ninduen, amarru txar batean erortzen ari zela eta batere ondo iruditzen ez zitzaiola jakin nezan. Zer sentitzen zuen konturatu nintzela jabe zedin ahalegindu nintzen. Emakume ederra zen nire ama, baina haserre bizian ipintzen zenetan gogortu egiten zitzaion aldartea, eta orduan nekeak bisaia desitxuratzen zion.

        —Ongi zagok, joan hinteke nahi baduk —esan zuen, bereziki inori ariko ez balitzaio bezala.

        Bere gain hartu beharreko ardura zela zeritzon, neure ordez gehien zer komeni zitzaidan erabakitzea. Ez zuen kontrakarra atsegin.

        —Ehizatu, hil eta trenka itzak antzarak zein tximeletak! Hire aitak ere horretan jarduten zian kasketaldiak emandakoan! —itzuli eta etxeko atea zabaldu zuen.

        —Hator gurekin, Isa! —gonbidatu zuen Luisek. Barrez jarraitzen zuen, geroz eta alaiago.

        —Zertara? —zigarreta paketea soinekoaren patrikatik atera eta ahora eraman zuen ale bat.

        —Merezi din begira egotea.

        —Hildako txoriei begira egotea?

        —Lurralde hotzetatik datozen antzarak ditun, Isa; ez hemengo antzara arruntak. Eta gero beharbada, afaltzera gonbidatuko zaituztet —xaxatu zuen, nire adatsak igurzten zituela—. Zer dion?

        —Bai? Zer diruz gonbidatu behar gaituk ba?

        Ez nuen ulertzen zergatik zegoen hain haserre. Logikoagoa iruditzen zitzaidan Luis agertu zelako pozik egotea. Baina bazirudien Luisekin zerikusirik zuen guztia gorrotatzen zuela bat-batean. Maite zuelako beharbada.

        —Gaur gaueko afaria ordaintzeko nahikoa badinat behintzat.

        —Zorionekoa hi —esanez etxeko ate irekira abiatu zen berriro ama.

        Luisek ezer erantzuterako amak danbateko bortitz batez itxi zuen atea, eta egun ezintasunaren adierazgarri ulertzen dudan aurpegiera bitxiz begiratu ninduen Luisek. Ez ikusiarena egin nuen nik isil-isilik.