Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Historia lazgarria

Aitor Arana

nobela

Euskaltzaindia-BBK, 2001

 

BAT-UNUS

 

        Arratsaldero bezala, hormako erlojuak zortziak jo zituenean, denda giltzaz itxi eta etxera joan ninduan. Opari-denda duk nirea, dena eta ezer ez duten horietakoa, eta hiriaren erdialdean zagok. Egia esan, ezin nauk kexatu: ezer ikasteko gogorik gabe nengoela eta lanean hasteko batere asmorik ez nuela, ene aitona tentela hil (behean bego) eta niri utzi zidaan berak beti hain ongi zaindu eta aurrera ateratako opari-denda. Aitona gizajoa ez zuan ongi konpontzen bere alaba eta suhi bakarrarekin, hots, nire guraso okaztagarriekin. Normala duk: nik ere ezin ditiat ikusi, beti gizarteko beren ekintza onekin eta igandero mezatara ipurdia estu-estu daramatela joan behar horrekin. Ah! Pentsatze hutsak lotsa ematen zidak: ez auzo-lotsa, seme-lotsa baizik; askozaz ere okerragoa dena.

        Tira, kontua duk aitona infernura joan zenean neuri utzi zidala opari-denda eta, orduan hemezortzi urte beteta nengoenez, usoek hegan baino azkarrago esan niela «Agur, Ben-Hur!» neure guraso gorrotagarriei.

        —Esker txarrekoa! —esan zidaan amak, benetan banindoala ikustean.

        —Esker txarrekoa ni? —galdetu nioan, unetxo batez etxeko atarian geldituz eta ondoan zeukan nire aitari kasu zipitzik ere egin gabe—. Hil ez zaituztedanean!

        Ama negarrez utzi nian hantxe bertan eta aita hitz bakar bat esateko gauza izan zuan errieta tonuan:

        —Inazio!

        Horixe duk nire izena gurasoei entzun nien azken aldia. Inazio. Ba! A ze izena! Dauden izenak egonda: Iraultza, Heriotz, Sugar... eta, irudimen pixka bat izanez gero: Simaurre, Tentekor, Ohoin... Baina nireak bezalako zaharrei Inazio eta Mikel eta Alfontso bezalako izen ergelak baizik ez zaiek bururatzen. Patetikoa! Edo, nola esaten dute orain sasijakintsuek? Erdiragarria! Neuk jarriko nieke horiei, bai, zerbait erdian, arras erdiragarria.

        Baina esaten ari ninduan aitonak denda utzi zidala. Berak dendarekin irabazitako diru mordo bat ere utzi zidaan. Horrela, mundua —eta bereziki ondoko auzoa— bost axola zaien aberaskumez betetako auzo lasai batean etxe polita erosi nian garaje eta lorategiarekin; Estatu Batuetako horien antzekoa. Eroso baino erosoago jarri ninduan bertan bizitzen oso denbora gutxian.

        Etxetik lanera joateko metroa hartzen diat egunero. Auto ederra zaukaat, baina nahiago diat metroa, hiriko kaleetako auto ilaretan etsita ibili beharrean, jende ezberdina ikusteko aukera dagoelako. Lasai asko ikus daitezkek, gainera, eserita hoala aurrean nahiz metro batzuk harantzago dauzkaanak. Adin guztietakoak eta arraza askotarikoak. Autoa lagunekin asteburuetan gauez ibiltzeko erabiltzen diat: nire lagun berezienekin.

        Arratsalde hartan ere, beraz, zortzietan denda giltzaz itxi, eta etxetik oso hurbil utziko ninduen metroa hartu nian. Udazkena zuan eta ordurako bazituan bi ordu ilun zegoela. Kaleak bustiak zeudean, une hartan euria ari ez bazuen ere. Biziki gustatzen zaizkidak udazken eta neguko egun ilun eta euritsuak. Halakoetan bizitzeak benetan merezi duela ematen dik. Zertarako nahi ditiagu egun eguzkitsu eta sargoriak? Urrats bat luzatu orduko izerdi patsetan jarri eta arnasestuka hasteko? Hondartzara joan eta azaleko minbizia harrapatzeko? Utikan!

        Atariko postontzitik bi gutun ziztrin jaso eta etxean sartu nintzenean, gortinak itxita topatu nitian; leihoak itxita, beti bezala. Argia piztu, beraz, eta sarrerako mahaitxoaren gainean utzi nitian etxeko giltzak, beti autokoekin daramatzadanak. Sarreratik eskuinetara joz gero, sukaldea zagok eta ezkerretara egongela. Egongelara abiatu ninduan, atarian jasotako gutunak eskuan neramatzala. Ezer interesgarririk ez zegoan: ez nauk ni maitasun-gutunak sarri jasotzen dituzten horietakoa.

        Gurutz adiskidea egongelako besaulkirik erosoenean zegoan, telebistaren aurrean —berau itzalita egon arren—, aparatuaren eta beraren artean kristalezko mahai txikia zegoela. Biluzik zegoan patxada handiz eserita.

        —Kaixo, Gurutz. Zer ari haiz hor, jantzi gabe? Hoztu egingo haiz.

        Gogoeta sakonetan balebil bezala, ez zidaan erantzun. Nik orduan kaskarreko adiskidetsu bat eman nioan. Burua alde batera okertu zitzaioan eta ez zian zuzendu. Nola zuzenduko zuen, bada, hilda baldin bazegoen?

        Aurrean jarri nintzaioan, bere belaunei nire hankez helduz. Oker geratutako burua zuzentzeko, masaileko bortitz bat eman nioan. Beste aldera geratu zitzaioan, orain ere oker. Gurutzek bazeramatzaan egun batzuk hilda, nire etxean gonbidaturik. Azala errautsa bezain grisa jartzen hasia zian eta haragia pixka bat biguntzen. Usain nabarmenik ez zian hala ere, artean. Baina nik banekian ezingo nuela nirekin askoz luzaroago eduki; hura izango zela etxean lo egingo zuen azken gaua. Hurrengo egunean, ziurrenik, kirats jasangaitza jabetuko zuan ene adiskideaz eta etxeaz ere jabetzen hasiko zuan. Ez nian gogoko; horixe duk hildakoen gauza txar bakarra: usteldu egiten direla. Gurutz, gainera, etxera gonbidatu eta hilerritik ekarri nuenean, ez nian hotzez tratatu, esan nahi diat, ez nuela etxea bereziki hoztu, edo bera horretarako daukadan hozkailu berezian sartu. Ez. Ez zitzaidaan Gurutz usteltzea axola. Ongi merezia zian, kabroi alaenak.

        Hantxe utzi nian, besaulkian oker nire zaplastakoaren eraginez. Ez zuan kexu eta huraxe nian gogokoen. Izerdi distiratsua zeukaan azalean; halaxe edukitzen ditek hilek une jakin batean.

        —Afaria prestatzera noak —esan nioan adeitasunez—. Prest dagoenean deituko diat.

        Sukaldera joan eta hozkailutik arroz prestatu izoztua atera nian. Gustatzen zaidak janari azkarra, gustatzen zaidanez. Sua piztu, zartaginera olio pixka bat bota eta laster nian mahai gainean arroz goxo lurruntsua.

        —Gurutz, afaltzera! —dei egin nian burua egongela aldera biratu ondoren.

        Erantzunik ez. Ez nian arroza hoztu arte itxaroteko batere asmorik eta, hortaz, egongelara joan, Gurutzi besapeetatik heldu eta sukaldeka ekarri nian arrastaka. Ez zian merezi nire ondoan afaltzen uztea eta, horregatik, mahaipera bota nian; bai, utzi baino gehiago bota egin nian. Alfonbrarena egingo zian eta, nik afaldu bitartean oinak bere gainean jarriko nitian eroso-eroso.

        Arroza jan eta ardoa edan nuen sukaldeko telebista txikiari begira. Platerkada osoa jan ondoren, beste zerbait jateko gogoa izan nian. Arrautzak frijitu nitian oliba oliotan. Zeinen kolore berdexka ederra ematen dien zuringoei oliba olioak! Gurutz ongi sentitzen nian hankapean: bigun eta abegikor. Egia esan, ezin ninduan kexatu berarekin: zerbitzari leiala izan zuan etxean edukitako bost egunetan. Gauez bainuontzia eskaini nioan ohe gisa, eta txintik ere esan gabe onartu zian, ez haserre, ez pozik. Egia duk bere herioan nahiko aurpegi neutroa zeukala nire adiskideak: ez kexati eta ez irribarretsu. Bainuontzi hotzean gauero biluzik lo egin beharrak ere ez zian molestatu.

        —Ongi hago, Gurutz? —galdetu nioan halako batean mahaipera begiratuz.

        Besoak edonola zeuzkaan eta hankak luze, arrastaka ekarri nuenez. Istripuz hila izan arren, ez zeukaan zauri itsusirik gorputzean; tira, buruan bai. Hobe zuan bere ile luzeskak gehiegi ez ukitzea, bere benda ez mugitzea. Gaueko ilunak babesturik hilerrian hilkutxatik atera nuenean ere, ongi eta txukun orraztuta zegoan eta ez zitzaioan ezer zatarrik nabari. Etxean bi egunez eduki ondoren, ordea, benda jarri behar izan nioan buruan, jakina baita hildakoei laster hasten zaizkiela garuna eta begiak hondatzen.

        —Nork esan behar zian hiri, mundu honetan egingo huen azken gauza nire gonbidatua izatea izango zela, e? —jarraitu nian berarekin hizketan. Adi-adi zegokidaan, sukaldeko mahaipean txakurren moduan etzanda—. Gaur joan egin behar duk, behar itsusitzen hasiko haiz-eta.

        Mahatsa. Mahatsa duk nire frutarik gogokoena. Beti izaten diat etxean: gorria, zuria, mikatza, gozoa, borobila, luzexka. Erroma sortu zenetik, zenbat mahats jan ote duk bertan? Ezin konta ahala. Gurutzi ez nioan eskaini, noski; gizalegetsua zuan eta ez zian hartuko. Gizalegetsua esan diat? Izango ez zen, bada? Ertzaina baitzen!

        —Nork esan behar zian, e, Gurutz? —egin nioan berriro galdera bera, oraingoan beste pentsamendu batetik abiatuta: oroitzapen batetik, zehazki esateko—. Hi ertzain! Lasalletarren ikastetxean kabroirik kabroiena eta zakilik zakilena izan hintzen, baina gero ertzain egin hintzen. Herritarrak zaindu nahiak baino gehiago, orduko krisialdiak eta langabezia handiak eramango hinduten horretara, noski. Osabaren baten laguntzaz sartu hintzen, gainera. Horrelakoxea hintzen, bai; inoren laguntzarik gabe ezin huen heure kabuz ezer egin.

        Jan ondoren, mahaian pixka batean lasai jarrita egotea gustatzen zaidak, inorako presarik gabe. Halaxe egon ninduan afalondo hartan ere, telebistari begira. Baina ez zitzaizkidaan koloretako pantailako irudiak garunean itsasten; beste zerbait zebilkidaan buruan.

 

        Hamabi urte neuzkaan eta Gurutzek adin bera zeukaan. Lasalletarren ikastetxean lehen urtea nian nik, eta berak bigarrena. Orduan orain bezain lerdena zuan gorputzez, mutiko lerdena. Ni, aldiz, gizenkotea, orain ez bezala. Zergatik sortu zuan gorroto bizi hura gu bion artean? Ezin diat gogoratu. Nire testu liburuei orriak erauzten zizkiean eta nik gauza bera egiten nioan. Ikastetxean, jolasorduan, atzetik hurbiltzen zitzaidaan gutxien espero nuenean eta berebiziko ukabilkada ematen zidaan sorbaldan nahiz bizkarrean. Nik laster itzultzen nizkioan haiek, noski, baina hura ez zuan giro hamabi urteko bi mutikorentzat. Eta fraideek nola ez zuten ezer jakin? Ikasturtea amaitu arte ez baitziren ohartu otoitzez eta kantu erlijiosoz betetako beren ikasgeletan, bi mutikoek elkar gorrotatzen zutela hil ala biziko gorrotoz. Txarrena ez zuan hura izan, ordea. Ikasturtea amaitu baino hiru hilabete lehenago, hots, irakasleek gertatzen ari zenaren berri izan baino hamar bat aste lehenago, Gurutzek bere alde jarri zian Kinta, gure gelako mutil atzeratua, guk baino hiru urte gehiago bazituena. Gogoan diat lepamotza zela, sorbalda zabalekoa eta baxu samarra... baina indartsua, arraioa! Tira, kontua duk ikasgelan ni jo eta izorratzeko ikaskide bat eduki beharrean, bi neuzkala orain. Gorriak ikusi nitian hiru hilabete haietan, ikastetxean pixa egitera bakarrik joaten ere ausartzen ez nintzela.

        Ez nian ikasturtea gainditu eta hura mesedegarria izan zuan: Gurutzek eta Kintak aurrera egin zitean hurrengo urtean eta nik maila bera egin nian berriro. Bakea nire izate osoaz jabetu zuan bi txakil haiek gainetik kendu nituenean. Eta bakeak nire gorrotoa itzali zuela uste izan nian. Baina egunkarian goiz batez lasai-lasai gosaltzen ari nintzela, Gurutzen eskela ikusi nuenean, ezin izan nian baztertu bere gorpuaz jabetzeko ideia. Azken finean, hainbeste aldiz nengoan lehendik ere halako gonbidatu isilak eta esker onekoak etxera ekarrita.

        Moto istripuz hil zuan. Eta nola diren gauzak: ertzaina izanagatik ere, ez zeramaan kaskoa jarrita. Hileta elizkizunean negarrez ari zen emakume lodi baten ondoan eseri ninduan eta hark esan zidaan lan orduetatik kanpo gertatu zela istripua. Ertzainez beteta zegoan eliza, gehienak kaletar jantzita. Normala. Poz handiz entzun nioan andere lodi negartiari ez zutela gorpua erraustuko, Gurutzek berak nahiago izan zuelako lurpera zezaten. Ederki. Horrek zuzenean jartzen zian nire eskuetan. Ehortzi zutenean, hantxe izan ninduan, isilik eta serio, senide eta lagunen artean, hilerriko txoko aberats batean. Hartara, gauean bakarrik eta linterna baten aldikako laguntzaz etortzen nintzenean, ez nian hilobi berria aurkitzeko zailtasunik izango.

        Egia esan, Gurutz hila zela jakin nuenean nigan piztutako mendeku gripa, ez nian ongi ase behin bere gorpua etxean edukiz gero. Umiliatu egin nahi nian, nire aurrean makurrarazi, baina ez zitzaidaan ezer berezirik bururatu. Biluzik eduki nian denbora guztian, eta bainuontzi hotzean utzi nian gauez. Jo egin nian gogara, eta alfonbra gisa erabili nian. Baina ez nian beste hildako batzuekin izandako atsegina sentitu.

        Izan ere, nik hilak maite ditiat. Gurutz, berriz, ez nian maite, eta mendeku grinak bideratuta ekarri nian etxera. Hobe izango zuan ez ekartzea, egia aitortu behar izanez gero. Hilak gonbidatzen ditudanean, hainbat egunerako izaten duk eta, bainatu, orraztu eta ongi janzten ditiat. Batzuek gonbidatuen gelan lo egiten ditek, eta beste batzuek —berezienek— neurekin. Gurutz orraztea edo garbitzea, ostera, ez zitzaidaan gustatzen. Pentsa zeinen gutxi gozatu dudan berarekin: nire gonbidatuen oroigarriren bat gordetzea gustatzen zaidak; maitasunez moztutako ile xerloren bat, edo hatz txikiren bat, baina Gurutzenik ezer ez nian pentsatzen gordetzerik.

        Osorik izoztu ere egin nezakean, haserre nengoenean atera, eta hari kolpeka hasteko. Gehien maite izan ditudan hilak, honegatik edo hargatik gustatu izan zaizkidanak, izoztuta zeuzkaat leku gorde eta ezkutu batean. Ez nian, haatik, Gurutz izoztuko. Beste batzuei egin bezala, plastikozko nire zaku beltz horietako batean sartu eta ibaira botako nian. Ala, arrainen elikagarri!