Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Atharratzeko erregina

Aitor Arana

narrazioa

Hiria, 2000

 

ATHARRATZEKO ERREGINA

 

        Atharratzen bazen aspaldi gaztelu handi, ilun eta hotz bat, erregerik ez zuena. Baina bai erregina eta ez nolanahikoa gainera. Hogeita hamabost urte bete berri zituen eta beldurturik zeuzkan inguruko herri denak, bere ankerkeria eta odoltzalekeria zirela eta. Zerga beldurgarri eta, jakina, guztiz ordainezinak jarri zizkien bi urte lehenago —erregea hil zenean hain zuzen ere— herriko eta inguruko laborariei eta denek gorroto handia zioten.

        Baina erregina bihozgabea beraren antzeko jendez zegoen gazteluan inguraturik; nahi adina urre eta gehiago ematen zien beren isiltasuna eta zerbitzuak ordaintzeko eta lasai bizi zen oso gure erregina gaiztoa. Agintari eta ordezkari nagusiek betetzen zituzten bere erregetza lanak. Ez zeukan hortaz ardura handirik eta horregatik... horregatik «bere gauzetara» dedikatzen zen. Eta bere gauzak oso arriskutsuak ziren.

        Goizetan, inoren laguntzarik gabe eta gaztelutik bakarrik ez irteteko aholkuei batere jaramonik egin gabe, erreginak gizonezko arropa normalak janzten zituen, gazteluko zaldirik lerden eta bizkorrena hartu eta ziztu bizian abiatzen zen zelaietan gora, basoetan barna. Helburua betikoa zen: inguruko larreetan ardiak zaintzen ari ziren artzaintsak.

        Denbora luzean trostan ibili ondoren, zaldia eta erregina baso batera iritsi ziren. Udazkena zen eta hostoak erortzen hasiak ziren. Zeruan bazihoan, oso goian, txori-saldo bat hegoalderantz, lurralde epelagoen bila. Zaldiak purrustada egin zuen burua astintzeaz batera. Poliki abiatu ziren zuhaitz artean aurrerantz, basoa amaitzean zer aurkituko ote zuten. Harizti zaharra zen basoa, udazkeneko koloreek apainduta zoragarria baino areago ikusten zena. Ohera oso berandu zihoan gauhontz baten ulua entzun ahal izan zuten. Zaldiak lurreko orbela zapaltzean soinu jarraikor eta galkorra egiten zuen, errepikakorra. Oharkabean errekaren bateko ur hotsa iritsi zen erregina eta zaldiaren belarrietara. Zaldiak egarria nabaritu zuen. Erreka izanagatik, zabala zen laster topatu zutena eta zaldiak burua makurtu zuen ertzean, ura sabeleratzeko asmoz. Erreginak utzi egin zion.

        Abereak edaten zuen bitartean, erregina gazteak ingurura begiratu zuen, basoa non bukatzen ote zen-edo ikusteko asmoz. Ez zen han inguruan behintzat bukatzen, haritzak eta haritzak besterik ez baitzen ikusten. Baina bai, beste zer edo zer ere ikusi zuen: ardi beltz bat. Lehenengotan ez zuen ontsa ikusi orbelaren koloreetan nahasturik, baina bai, ardí beltza zen han ikusten zen hura. Bakarrik ote zegoen? Erreginak lepoa luzatuz eta ipurdia zela gainetik altxatuz begiratu zuen hobeto. Ez. Haruntzago beste ardi bat zegoen, zuria berau. Han-hemenka zegoen belarra ari ziren jaten. Zaldiari aurrera agindu zion eta erreka zabala zeharkatu ondoren ingurura begiratzeari ekin zion behin eta berriz arretaz, ea artzaintsarik ikusten ote zuen. Artzainik ikusiz gero, jo eta paso egingo zuen, noski.

        Ardiak bai, ardiak gero eta gehiago ikusten zituen, burumakur hosto arteko belarra jan eta jan. Beste beltzen bat ere ikusi zuen. Zaldiak aurrera zerraien poliki. Erregina gero eta urduriago, ez baitzen han inor ageri.

        Baina bai, azkenik pertsona bat ikusi zuen enbor baten gainean escrita. Bera zegoen lekutik, bizkarra ikusten zion. Neska zen artzaina. Gona hori ilun zabala zeraman eta larruzko txalekoa gerri eta bular inguruan. Alkandora zuri zabal eta maukaluzeduna ere bai. Eta sorbaldaren gainean artilezko txal zakar samarra. Makila luzea zeukan eskuan.

        Erreginak gelditzeko agindu zion zaldiari artzaintsagandik berrogeita hamarren bat metrora eta hari begira geratu zen, beti bere atzealdean. Neskak ilea aske zeraman bizkar gainean. Ondo jarri zuen esku batez eta burua mugituz, baina ez zen begira zeukanaz jabetu.

        Erreginak hurbiltzea pentsatu zuen une berean, bat-batean eta ustekabean, enborraren bestealdetik —artzaintsaren ondotik— artzaintxakur iletsu batek burua agertu eta zaunka egiteari ekin zion amorruz, ero moduan. Zaldia ez zen aztoratu, ohituta baitzegoen txakurrekin. Baina artzaintsa biziki izutu zen eta atzera begiratu zuen txakurrari harri-harri eginda begiratu eta gero, zera galdetuaz bat:

        —Zer duk, Leial?

        Zaldi gaineko «gizona» ikustean, neska zutitu egin zen makila askatu gabe.

        —Nor zaitugu, jauna?

        Erregina hurbildu egin zitzaion, zalditik jaitsi eta uhalez korapilo bat egin zuen basoko haritzetako baten adarrean. Neskarenganaino iristeko urratsak eman eta buruko kapela kendu zuen irri eginez.

        —Dakusadanez —esan zuen—, nire jantziek ongi engainatu haute. Ez dun hemen jaunik, hire erregina naun, Atharratzeko erregina, hire Andere Gorena.

        Eta hatzean zeraman eraztun erreala erakutsi zion artzaintsari, eskua luzatuz. Neska berehala belaunikatu eta errespetu handiz mintzatu zitzaion erreginari:

        —Oi ene anderea! Zer nahi ote zenuke nigandik? Zeure zerbitzaria nauzu.

        —Lehenik lasai hadi eta esaidan: zenbat urte ditun?

        —Hemezortzi, anderea.

        —Hemezortzi... oso adin polita dun hori...

        Sorbaldetatik heldu eta zutik jarri zuen neskatila. Ez zen artzaintsa Andere Gorenari begietara so egiten ausartzen, noski, eta lurrera begira zegoen. Erreginak bi hatzez okotzetik heldu eta bere aurpegiaren parera igo zuen neskatoarena. Halere beronen begiak behera.

        —Begiraidan.

Erreginaren agindua betez, begietara egin zion so. Une batez elkarri begira geratu ziren emakumea eta neska. Gero, ezpainak pausatu zituen andereak artzaintsarenetan. Musua ondo dastatzen ahalegindu zen erregina, baina neska urduriegi zegoen, teink egiteko moduan. Burua altxa zuen Andere Gorenak musua hautsiz eta zera galdegin zion hura dena sinetsi ezinik zegoen neskari:

        —Gizonik ezagutzen duna?