Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Lehenbiziko ipuinak

Aitor Arana

narrazioa

Hiria, 2005

 

MUTIKO ZURIA

 

        Iluntzen ari du eta aurki gaua herri osoaz jabetuko da. Iluntasuna kalean osoro hedatzen denean, itzuli bat egitera joango naiz, baina lehenik historia bat kontatuko dizut, irakurle; egia den ala ez zerorrek asmatu beharko duzun historia.

        Egazi zen herriaren izena eta bertan Telleria medikua bizi izan zen 1947. urtea arte. Kale Zaharrean zegoen kokatuta Mediku Zaharraren (halaxe esaten zioten) etxea eta gauza bitxia gertatu zen beronekin: hil baino lehenago, etxea giltzaz ixteko agindua eman zuen eta ez zuen inortxok ireki beharko, Egazin beraren pareko beste sendagile bat sortu arte.

        Etxeko giltza atso konkordun batek gorde zuen, Telleria medikuak halaxe nahi izan zuelako.

        Sendagilea hil eta urte bete geroago arte ez zitzaion inor azaldu atso konkordunari giltza eske, baina behin lehenengo pertsona asmo horretan azalduz gero, a-a hilero agertu zen baten bat bere etxean. Banan-banan bidali zituen antzarak ferratzera, tentazio handiei beti uko eginez, diru kopuru ederrak eskaintzen baitzizkioten. Oso ongi aukeratu zuen Mediku Zaharrak giltza konkordunaren eskuetan uztean, alafedea! Berdin zitzaion beroni giltzaren eskean zihoazkionak Euskal Herriko edozein tokitatik Egazira etorriak izatea; baita atzerritik etortzea ere.

        1947, 57, 67, 77... Urteak aurrera zihoazen beren betiko axolagabekeriaz eta herri osoan oso ezaguna zen zurrumurrua egia zela zirudien; konkorduna ez zen gehiago zahartzen: zaharra zen medikua hil zenean eta gehiago zahartu gabe jarraitzen zuen.

        Eta Mediku Zaharraren etxea, beti bezala, itxita. Lapurretak ere egin nahi izan zituzten, baina, agi danez, lapurrek ez zuten gauza interesgarririk aurkitu. Gainera oso lapur bereziak ziren, ez baitzituzten zilarrezko apaingarriak harrapatzen; paper artean arakatu, besterik ez omen zuten egiten. Hala esaten zuen behintzat konkordunak, galde egiten ziotenean.

        Eta 1995. urtea iritsi zen. Abuztuaren erdi aldeko goiz eguzkitsua. Konkorduna Txanboliñenean izeneko bere etxetik atera zen oso pausu lasaiaz. Egazi la hutsik zegoen, opor garai guztetan bezala.

        Errekatxo auzorantz igotzen has zen atsoa ttipi-ttapa. Poz arraroa nabari zuen, inorekin ez topatzean agurrik egin beharrik ez zuelako. Errota Berri aldera iritsi zenean, egundoko zalantzak izan zituen, ez baitzuen hango ezer ezagutzen. Etxekoandre bat atera zen bertako pisuetako batetik eta nabarmen harritu zen konkorduna han ikusteaz. Beronek ingurura zalantzaz beterik begiratzen zuenez gero, ea noren bila zebilen galdetzen ausartu zitzaion etxekoandrea.

        —Mikel Gauxen jaunaren billa nabillen —erantzun zion Egaziko euskaraz—. Ba al dakin nun bizi dan?

        —Hementxe bertan —etxekoandreak eskubialdean zeukaten atea seinalatuz—. Nahi baduzu, lagunduko zaitut.

        —Asko eskertuko niñake. Ez datunat etxetzar hauek ezagutzen.

        Zortea izan zuen konkordunak: Gauxen jauna etxean zegoen. Gaztea zen berau, bizarduna. Uztailean bukatu berria zuen medikuntza karrera. Hori hala bazen ere, esperientziaduna eta trebea zen bere lanean, kontura ez datorren bizi izandako egoerak hala eskatu ziolako. Gauxenek sartzera gonbidatu zuen eta egongelan, atsoak mediku gaztearen jakinmina asetzeari ekin zion:

        —Hik ez huan Telleria jauna ezagutu. Nola ezagutuko huan ba... —Begietara egin zion so Gauxeni—. Zenbat urte dauzkak?

        —Hogeita bost.

        —Hogeita bost... —hasperen sentikorra benetan konkordunarena—. Nun geratu ote xatuan nereak... Iual daok. Hauxe esan nahi nian: Nahiz eta hik ez jakin, ongi dakiat Mediku Zaharra bezain ona izango haizena hire lanean. Horrexegatik aukeratu haut Mediku Zaharraren lan sekretua egin dezaan.

        Gauxen mediku gaztea gero eta harrituago zegoen konkordunaren aurrean eserita. Baina, sendagilea izanik, izugarri interesatu zitzaion gaia.

        —Zer da zehazki niregandik nahi duzuna, andrea?

        —Nahi dedana ez, Gauxen jauna: nahi DEGUNA! Mediku Zaharrak eta biok nahi diagu-eta. Ha, ha, ha! Hator, etorri hadi nerekin haren etxe itxira.

        Besterik esan gabe zutitu zen konkorduna eta Gauxenek gogo handiz jarraitu zion. Oso gustura egingo zion bisita Telleria medikuaren eme irrikatuari. Kotxez Braman zuen atsoa haraino eta beronek giltza atera ondoren, etxean barneratu ziren.

        Hotz zegoen etxe barruan. Etengailuari eragin eta argi ahula piztu ten. Bigarren pisura igo tiren Gauxenek ingurua begiradaz arakatzen zuela. Atso zaharra ohartu egin zen eta honela esan zion irribarrez:

        —Lasai, lasai. Laister izango dek dan-dana gustura ikusteko aukera.

        Giltza txiki batez atsoak bi hegaletako ate handia zabaldu eta esan zuena atearen txirrio zorrotzarekin nahasi zen:

        —Hauxe dek Medikuaren langela. Berak utzi bezala xaok. Gela hontan lapurtu nahi izan diek, baña eziñezkoa izan zatek.

        Gauxen elizan bezala sartu zen langelan. Konkorduna aurreratu zitzaion eta leihoak ireki zizkion; ezin zuen irria ezkutatu Gauxenen sentimenduaren aurrean.

        —Hirea dek dana. Ni bañoak. Eguerdi aldean jateko zerbait ekarriko diat.

        —Eskerrik asko...

        —Hago trankil. Iñork ez hau molestatuko. Begira zak dana patxaraz.

        Atsoak alde egin zuenean, mediku gazteak kaleko atea giltzaz ixten zuela entzun ahal izan zuen. Ez zion garrantzi handiegirik eman, batez ere etxea zaintzeko konkordunaren arreta kontutan izanik, eta apaletako liburuetako hautsetan murgildu zen. Liburu mordoa zegoen han Gauxen bezalako sendagile baten gozamenerako. Eskuizkribuak, koadernoak, oharrak, errezetak...

        Oharkabean, konkorduna azaldu zitzaion bazkariarekin eta hark utzi bezala laga zuen Gauxenek. Baina, iluntzen ari zuenean, ordura arte ikusi ez zuen armairutxo bat topatu zuen. Armairutxoa arasa handi baten gainean zegoen eta horregatik ez zuen ikusi. Irekitzen saiatzean ezin izan zuen eta atsoaz oroitu zen: hark izango zuen giltza. Kaleko atera aguro jaitsi eta itxita zegoen, noski. Ezin etxetik ateza. Konkorduna itzuli arte itxaron beharko zuen.

        Atzera langelara igo eta liburuetan murgildu zen berriro ere atsoa azaldu arte. Afaria zekarren agertzean. Sartu bezain azkar galdetu zion armairutxoaz, honako erantzuna jaso zuela:

        —Harrituta geratu nauk eguerdian horretaz galdetu ez diaalako, baña banekian oraingoan galdetu egingo hiala.

        Amantaleko poltsikotik giltza fin bat ateza zuen atsoak eta segituan zeuden zabalik armairutxoaren bi atetxoak. Harriduraren harridura jabetu zen Gauxenez, begiak zabalzabalik. Begi kliskadarik egin gabe hartu zuen armairutxo barruko flasko handia. Han, flaskoaren barruan, formoletan, bosten bat hilabeteko haurtxoa zegoen, baina ez bost hilabete jaioz geroztik zenbatuta, sortuz geroztik baizik. Umekia zen, beraz. Mahai gainean utzi zuen flaskoa bere edukinarekin eta harriduraz nagusitzen hastean, atsoari begiratu zion. Beronek armairutxoa seinalatu zuen:

        —Gehio xaok.

        Mediku gaztearen begirada nahasia atsoaren gainetik armairutxora igaro zen. Liburu urdin mehe bat ikusi zuen. Zabaldu eta berehala eskuizkribua zela konturatu zen. Konkordunak alde egindako une berean lotu zitzaion irakurtzeari. Baina orrialde batzuk falta ziren eta zenbait orrialdetan testua tintaz zikindurik zegoen. Zegoena irakurrita jakin zuen haur hura naturan sekula sortutako gauzarik indartsuena zela; «bizitza berria» ekarriko zuen gizakia, bere ama haurdun zegoenean hil zela eta horregatik sartu behar izan zutela formoletan. Ezin zuela Telleria medikuak haur bizi hura ama berri baten sabelean ezarri eta txertatu, medikuntza ez zelako horrenbesteraino iristen.

        Hau da, formoletan zegoen haurra, «bizitza berria» ekarriko zuen Jesukristo II.a zen. Mediku Zaharrak behin eta berriro errepikatzen zuen garrantzi handiko gauza:

        «Umeak, jaiotzean, begi eta ile zuriak ez badauzka, erahil egin beharko da. Albinoa izan behar du derrigor». Telleria medikuak «bizitza berria» nolakoa izango zen ere azaltzen zuen liburuan, baina azalpena has bezain azkar, azken orriak ez ezik, gainontzekoa faltan zegoen.

        Gauxenek ezin zuen gertatzen ari zena sinetsi. Baina hantxe zekusan haurtxo jaiogabea. Bere eskuetan zegoen «Jesukristo II.a» mundura ekartzea ala ez. Ia gau osoa eman zuen langelan zer egin pentsatzen eta atzenean formoletako haurtxoa sabel berri batean txertatzea erabaki zuen. Berehala gainera! Itxaropen auzoko ospitale berrian egingo zuen ebakuntza. Ideia hau Gauxenen burutik pasatzen zenean, itzalak sortzen zitzaizkion begi inguruetan zinez. Baina zein sabeletan sartuko ote zuen? Bai! Lau bat hilabete izango ziren bere auzoko hogei urteko neska hura haurdun geratu zenetik. Ez zuen ezkondu nahi izan eta amarekin bizi zen.

        Eguzkia ateratzeko zegoenez, Gauxenek neska berehala bahitzea erabaki zuen. Kalerako ateraino jaitsi eta zabalik topatzean, atsoaren maltzurkeria zela-eta irri egin eta segituan atera zen Mediku Zaharraren etxetik, besapean flaskoa eta edukina zeramatzala.

        Txanboliñenea izeneko etxearen paretik igarotzean, argi bat eta beronen aurrean konkorduna ikusi zituen. «Ongi ibilli» esan zion atsoak. Gauxenek apal barre egin eta abiadura handian gidatu zuen autoa ospitalerantz, istripurik ez izateko arretaz. Ospitaleko bere laborategian utzi zuen haurtxoa eta jarraian hogei urteko neskaren etxerantz abiatu zen. Badaezpada ere, aurpegia zapi batez estali eta ate guztietarako ospitaleko giltzaz ireki zuen neskaren etxeko atea. Egoerarako prestaturiko kloroformoaz mukizapia busti eta ohean lo zetzan neskaren ahoa gainean jarri zuen. Neska ez zen ezertaz ohartu eta, besoetan hartzean, damutu egin zen Gauxen izandako presa txepelarengatik. Autoa ospitale ondoan uztea ere! Baina halaxe jarraitu behar izan zuen, eta egunargiaren lehen xirrintarekin batera iritsi zen ospitalera.

        Atsedenik hartu gabe ipini zuen neska ebakuntza-mahaian eta ebaketarako beharrezko guztiaren bila has zen.

        Sabela ireki zion eta bertatik lau hilabete pasatxoko haurtxo errugabea atera zuen, beronen ordez urtetan formoletan egondako haurra jartzeko. Egun osoan iraun zuen ebakuntzak eta bukatu ondoren, neska iratzarri zenean, hipnotizatu egin zuen ezer jakin ez zezan. Hipnotizaturik edukiko zuen haurdunaldiak iraun bitartean.

        Bost hilabete luze izan ziren haiek Gauxenentzat. Urduri zegoen, baina lasai bestalde, ez baitzuten erlazionatu neskaren desagertzearekin. Azkenean haurtxoa jaio egin zen. Ama, berriz, hil erditze zailaren eraginez, eta Gauxenek ospitaleko sotoko labe handian erre zuen. Inor ez zen ezertaz konturatu. Gainera oso pozik zegoen, haur jaio berria albinoa baitzen.

        Mediku gazteak ospa egin zuen Egazitik Ameriketara Iker izena jarritako haur zuriarekin. Ikerrek hamar urte hete zituenean itzuli zen herrira, ezkonduta. Herriko jendeak ez zuen inoiz ezer susmatu, eta Gauxen normaltasun osoz bizi izan zen «bere» seme berezi eta emazte amerikarrarekin.

        Baina hogei urte bete zituenean, Iker desira arraroa sentitzen has zen; gauero atera eta oso berandu itzultzen zen etxera. Egunez beti zegoen etxean estudiatzen edo telebista ikusten, edo ordenagailuaz jolasten bestela.

        Jende asko has zen herrian hiltzen eta Gauxen oso nahasirik zebilen: semea, Mediku Zaharrak idatzi bezala, «Jesukristo II.a» baldin bazen, zergatik ez ote zen gauza bereziak egiten hasten? Egin, mezatara joan ere ez zuen egiten.

        Hogei urte t'erdi bete zituenean, Iker baserri batera joan zen bakarrik bizi izatera. Harrezkero ez zuten egunez gehiago ikusi eta gero eta jende gehiago has zen bera bezalaxe portatzen. Egaziko jendearen erdia gauez eta beste erdia egunez ibiltzen hasi ziren. Baita Gauxen bera ere.