Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gizonezkoen arteko prostituzioa

Aitor Arana

saiakera

Hiria, 2011

 

PROSTITUTUEN NORTASUNA ETA SEXUALITATEA

 

        Europan eta Ameriketan argitaratu diren gazte prostitutuei buruzko literatura irakurtzen hasiz gero, leku askotan zuzenak izango diren ezaugarriak ikusiko dira, baina ezaugarri horiexek beste leku batzuetakoekin —Euskal Herrikoekin, esaterako— zerikusirik ez dute izaten.

        Kanada aldeko idatzietara jo dugu bertako mutilen berri izan nahian, eta aurkitu dugun informazioa lanean edonon dabiltzanei buruzkoa izan da, hau da, kalean eta tabernetan, biluzik dantzatzeko lokaletan, bezeroen etxeetan edo hoteletan, edo mutilen euren etxebizitzetan bezeroak hartzen. Montreal eta Quebeceko mutilez ari gara gehienbat.

 

        Informatzaileen lanean hasteko batez besteko adina 20 urte ingurukoa da. Hau da, batzuk nerabezaroan hasi ziren, beste batzuk helduaroan. Elkarrizketa egin zitzaienean 27 urte zituzten batez beste. Hamazazpik homosexualak direla diote, hamahiruk heterosexualak direla, eta hamar bisexualak omen dira. Lehen harreman sexualak borondatez izan dituzte 13 eta 15 urte izan bitartean. Mutilon erdia baino gehiago gehiegikeria sexualen biktimak izan ziren, aitak, amak, amaren lagun gizonezkoren batek, lehengusu edo lehengusina zaharragoren batek, apaizak, zaindari batek, osabak, auzokoak, familiaren lagunen batek, gazteentzako harrera-etxeetako hezitzaileren batek, edo harrera-familietako gurasoek beharturik. Batzuek, hala ere, ez dituzte bortxazkotzat jo beren ingurukoek eragindako ekintza sexualak. [...] Beste batzuek ez dute galdera hori erantzun nahi izan «inori kalterik ez egitearren», eta hori esanguratsua da. Eraso sexualak izan dituztenen taldeko proportzioa askoz handiagoa da gizonezko biztanleen artean oro har izaten dena baino: Ipar Amerikan %16koa bada, gure taldeko mutilen artean kopuru hori 3'5 edo 4 aldiz biderkatu behar da, gehiago ez bada. [...] Galderak erantzun dituzten gazteei esker badakigu askok gurasoekiko arazo handiak izan dituztela txiki-txikitandik. [...] Horietako asko harrera-familietan eta zentroetan egon dira, eta ez dute beti bizipen onik izan. [...] Aurkitu ditugun sexu-langile gazteak leku guztietatik —hiritik eta herritxoetatik— badatoz ere, gehienak familia behartsuetatik datoz, eta horrek zenbaitetan argitzen du mutilek eskola goiz utzi izana. Gehienek 11 edo 12 urte bete ondoren utzi zuten. Bi informatzailek soilik egin dituzte unibertsitateko ikasketak, baina ez dituzte bukatu.

Travailleurs du sexe, 20, 21 eta 22. or.

 

        Hegoaldera joz gero, Brasil aldean gauzak are ilunagoak ziren XX. mendearen amaieran, eta oso antzera jarraitzen dute XXI.ean. Herri eta auzo behartsuak nonahi daudenez, mutil —eta are mutiko— asko eta asko dabil kaleetan atzera eta aurrera, erabat prostituiturik. Gurasorik ere gabe, asko eta asko eskolatu gabeak dira.

        Joan den mendeko Parisko lekukotasunetan ere denetik ageri da, noski, baina ikasketadun mutilak ez dira ezohikoak.

 

        Testuinguru sozioekonomiko honetan, argi dago prostituzioa miseriaren emaitza dela: lan bera eginda, emakumeek sarritan gizonen erdia irabazten dute [...] gizonezkoen prostituzioa langileen aterabide bat den bitartean; sarritan, prostitutu gazteak nerabe nagiak direla esaten da. Hala ere, Gustave Macé-k ziurtatzen du Boulogneko eta Vincenneseko basoan atxilotu zituen prostitutuak «denak ikasketak eginak» direla eta «haietako bat zuzenbidean lizentziatua» dela.

Homosexualité et prostitution masculines à Paris 1870-1918, 117, 118. or.

 

        Gugandik askoz hurbilago, Valentzia aldean egin eta argitaratutako Prostitución masculina liburuan, hogei prostitutu gazteri galdeketa sakona egin ondoren, honako ondorio hau atera zuten egileek prostitutuen ikasketei buruz:

 

        Prostituzioaren inguruko beste uste bat da lan horretan dabiltzan gazteak kultura maila baxukoak direla (horretan galdetu zaien herritarren %80k pentsatzen dute horrela). Gure lagina osatzen duten mutilen %75 orduan ez ziren ezer ikasten ari [...]. Ikasten ari ziren beste %25en artean, %10ek ikasle txartzat zuten beren burua eta %l5ek ikasle ontzat. [...] Hala ere, ezin dugu ziur esan aurkeztu ditugun portzentaje horrek gure inguruko prostitutuen errealitatea zehatz islatzen ote duten, prentsan iragarkiak jarrita telefonoz kontaktatu ditugun prostitutuen artean sarri aurkitu baititugu gure galdeketa egin nahi ez zuten mutilak, hain zuzen ere unibertsitateko ikasleak zirelako eta ezagutuko ote genituen beldurra zutelako.

Prostitución masculina. Estudio psicosocial en nuestro contexto, 61. eta 62. or.

 

        Gure lanerako erantzun duten prostitutuak hegoamerikarrak, bulgariarrak eta errumaniarrak izanik, denek izan dute beste lan bat —ikasketak burutu eta gero eskuratutakoa— prostituzio munduan hasi aurretik. Horrela, adibidez, Bilboko Albert bulgariarra arotza izan zen, eta Iruñeko Carlos etxegintzan eta zerbitzari ibili zen lehenik hiri berean. Donostiako Ivan errumaniarra erizaina izan zen Errumanian, eta Espainian gozotegi batean lan egin zuen.

        Bestetik, prostitutuen sexualitatearen alorrera etorrita, badira bezero batzuk sexu-jarduna gauzatzeko orduan prostitutu guztiz maskulinoak nahi dituztenak, benetan zein joera sexual duten axola ez bazaie ere. Haien itxurazko sexualitateari erreparatzen diotela esan genezake. Donostiako Ivanek horren lekukotasun argia eman digu:

 

        Bai, egia da. Bezero batzuek hau edo antzeko zerbait esaten dizute: «Hemen maritxu bakarra neu naiz, eta zuk ar erakargarria izan behar duzu!». Bezeroak ordaintzen du, eta nik obeditu egiten dut.

 

        Guk Bilbon, Donostian eta Iruñean elkarrizketatu ditugun mutiletako batek ere ez digu esan heterosexuala denik, gehienek bisexualak direla esan digute, eta batek ez du galdera hori erantzun nahi izan.

 

        Nire ustez gizaki guztiak bisexualak gara jatorriz, adierazi digu Donostiako Ivanek. Prostitutu gehienak bisexualak gara. Heterosexualek ez dute lan honetan irauten, bezero askok prostitutu heterosexualak oso gogoko dituzten arren.

 

        Iruñeko Carlosek kontua honela ikusten duela esan digu:

 

        Nire ustez denetik dago, baina gehienak gayak gara, eta bisexualak.

 

        Elkarrizketa egin diezaiogun onartu duen bezero bakarrak, A.H. jaunak, hauxe esan digu gaiaz galdetu diogunean:

 

        Hasieran, pixkanaka mutil prostitutuak ezagutzen eta haien bezero izaten hasi nintzenean, deigarria egiten zitzaidan ia denek «Ni bisexuala naiz» esatea. Nik, printzipioz, gehienak homosexualak izango zirela pentsatzen nuen, egiten duten lana egiten dutelako, hain zuzen. Egia esan, niri berdin-berdin zait zein joera sexualetakoak diren, zintzoak badira eta beren lana ondo egiten badute. Dena den, ez dut uste heterosexualek bokazio handirik izango dutenik.

 

        Bilbon elkarrizketatu dugun Andres brasildarrak emakumezko bikotekidea du, mutiko baten ama bera eta, Andres bezala, prostituzioan lanean dabilena. Bilboko Albertek ere semea du, Bulgarian aiton-amonekin bizitzen.

        Kanpoko literaturari erreparatuz gero, berriz, arestian aipatu dugun Valentziako ikerketa gure datuekin bat datorrela ikusten da. Baita bertan ageri diren urrunagoko datuak ere.

 

        Gure mutilei beren joera sexualaz galdetu zitzaienean, haien %45ek homosexualak direla esan zuten, %50ek bisexualak direla, eta %5ek bakarrik esan zuten heterosexualak direla. Datuok zehatzago aztertu eta mutilek izan zuten lehen harreman sexualaren motarekin erlazionatuz gero, atentzioa ematen duten gauzetako bat da gure 20 prostitutuetako 14 gizonen eskutik sartu zirela sexualitatean, eta seik bakarrik egin zutela emakumeekin. Beren burua homosexualtzat zuten muti1 guztiek gizon batekin izan zuten beren lehen harremana eta gustura zeuden. Bisexualak zirela esan zuten 10 mutiletatik, hiruk gizonekin eta gustura izan zuten lehen harremana, batek ez zuen gustuko izan, eta hiruk emakumeekin eta gustura izan zuten. Azkenik, beste hiru kasutan, harremana emakumeekin izan zen, baina ez zen gustukoa izan. Heterosexuala zela esan zuen mutil bakarrak, bitxia dirudien arren, gizonezko batekin izan zuen lehen harremana eta atsegin izan zuen. Beraz, lehen harreman sexuala garrantzitsua da mutil hauen joera sexualari dagokionez, nahiz eta oso daitekeena izan egiten duten lanak eragin handia izatea adierazi diguten joeran.

        [...] Allenek 1980an Estatu Batuetan egindako ikerketa batean, 98 prostitututatik, 28 bisexualak ziren eta 52 homosexualak.

        Gainera, eta gure emaitzetan bezala, mutil horietako gehienek (98tik 63k) beren lehen harreman sexuala gizonezkoekin izan zuten. Kanadako Gobernuak ere bi ikerketa bultzatu zituen herrialde horretako gizonezkoen prostituzioa aztertzeko. Haietako lehenengoan (1984an egindakoan) prostitutuen portzentajeak hauek ziren haien joera sexualari zegokionez: %23 heterosexual, %31 homosexual, %31 bisexual, %7 transexual edo trabesti eta %8 zalantzatan. Bigarren ikerketan beren burua heterosexualtzat, homosexualtzat edo bisexualtzat hartzeko eskatu zitzaien, eta %30ek heterosexualak zirela esan zuten, eta gainerakoek edo homosexualak edo bisexualak zirela. Bestetik, Weisbergek (1985ean) Estatu Batuetan egindako beste lan batean ikusi zuen prostitutuen %47k gaytzat zutela beren burua, %29k bisexualtzat, %16k heterosexualtzat eta gainerakoek transexual eta trabestitzat. Boyerrek (1989an) jakinarazi zuen bere ikerketarako elkarrizketatu zituen prostitutuen %70 homosexualak edo bisexualak zirela. Robinsonek (1989an) argitaratutako lana egitean, prostitutuen %50ek homosexualak zirela ziotela ikusi Zuen, eta %25ek bisexualak zirela.

        Bi ohar egin behar ditugu transexualitatearen eta trabestismoaren inguruan.

        Lehenik, bi izenak sinonimo gisa erabili ditugu, funtsean informatzaileek ala erabili dutelako, baina berez transexualez ari gara beti.

        Bigarrenik, zehaztu beharrean gaude emakume transexualez ari garela, gizonezko itxura izatetik emakumezko itxura izateko bidea egin dutenez, alegia. Gizonezkoen prostituzioari buruzko lan honetan agerrarazi baditugu bi arrazoigatik egin dugu. Alde batetik, literatura gehienean eta informanteen hitzetan hala agertzen delako eta, bestetik, gure gaur egungo gizartearen transfobia mailak, oraindik, gizonezko bezala irudikatzen dituelako.

Prostitución masculina. Estudio psicosocial en nuestro contexto, 104. eta 105. or. 11

 

        Atal hau amaitzeko esan begi bistakoa dela gure datuak eta azkenaldian Europan eta Ameriketan argitaratu direnak oso antzekoak direla mutilen joera sexualari dagokionez. Baina deigarria da nola aldatzen diren datu horiek gaur egungo literatura eta aspaldi samarrekoa alderatuz gero. Izan ere, aspaldiko idazlan gehienek argi adierazten zuten prostitutuak gehienbat heterosexualak zirela. Benetan bitxia iruditzen bazaigu ere, Pieperrek 1979an zioen prostitutuen arteko homosexualen ehunekoa inoiz ez zela %l0-20tik gorakoa. Jersildek 1956an Danimarkan egindako ikerketan zioen prostitutuen arteko homosexualak eta bisexualak %15 zirela. Ikerketa horien egile gehienek ziotenez, prostitutu horiek beren bezeroek kitzikatzen zituztenean erekzioak eta eiakulazioak izateak ez zuen esan nahi homosexualak zirenik, homosexualitatea beren langintzan etor zekiekeen-eta.