Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Urtegi misteriotsua

Aitor Arana

haur eta gazte literatura

Ibaizabal, 2004

 

LASTER AURKITUKO ZAITUT

 

        —Mikel! Oraindik ez zara jaiki? —galdetu zion amak mutikoari, haren logelako atea ireki ondoren—. Mugi zaitez, entzun? Zure aitona berria ordubete barru helduko da eta ordurako dutxatuta eta gosalduta egotea nahi dut. Entzun duzu, Mikeltxo?

        Mikelek entzun zuen, bai, baina ez zuen erantzun. Berak la inoiz ez zuen handiekin hitz egiten, ez ziotelako la ezer sinesten. Ama sukaldera joan zen. Emakume gaztea zen, garaia eta ilegorria. Emakume alaia eta bihotz onekoa zen oso, baina azkenaldian —aita bezalaxe— oso kezkatuta zebilen semearen portaera zela eta.

        Udaberriko larunbat goiza zen eta ama berari hots egitera etorri baino lehenagotik esna zegoen Mikel ohean, pentsatzen. Izan ere, azken egunetan askotan zebilkion kontu bera buruan bueltaka: nolakoa ote zen aitona berria? Gurasoek adierazi zioten nola udaletxean albiste bat zabaldu zuten: Euskal Herriko zaharren egoitzetan aitona-amona mordoa omen zegoen eta batzuek familiarik ez zuten. Hauetako bakar batzuk norbaiten etxera bizitzera joateko irrikatzen zeuden eta beraiek etxean hartuko lituzketen familiak aurkituz gero, pozik biziko ziren haiekin. Eta, hain zuzen ere, Mikelen gurasoek aitona-amona haietako bat etxean hartzea pentsatu eta udaletxeko paperak bete zituzten. Baina, hori egin aurretik, zaharren egoitza bateko zuzendariarekin eta udaletxeko gizarte-laguntzaile batekin hitz egin zuten. Eta gaur etorriko zen! Ederra kontua! Zertarako behar zuten beraiek aitona hura? Eskolako inork ez zuen aitona berririk ekartzen. Aitona-amonak hil egiten zirenean, ba kitto! Gehiagorik ez zegoen.

        Mikel umore txarrez jaiki zen. Ez zeukan dutxatzeko gogorik. Pijama kendu eta aurreko eguneko arropak jantzi zituen: praka bakeroak eta Son-Gokuren irudidun nikia. Mutikoak hamabi urte zituen, argala zen eta ilea beltza zeukan. Logelako hormetan, ohe-buruan, Son-Gokuren poster bat eta argazki handi bat zeuzkan jarrita; Son-Gokurena, telebistako bere heroirik maiteena zelako eta argazkia, bertan bere anaia bizkia Iker, eta Troski bien zakur handi eta zuria ageri zirelako. Mikelek esku bat pasa zuen anaiaren irudiaren gainetik. Biak Troskiri alai besarkatuta agen ziren, zakurra handia baitzen, eta irribarrez zeuden. Mutikoak tinko begiratu zion anaia irribarretsuari. Hiru hilabete ziren Iker urtegian itota hil zela.

        —Laster aurkituko zaitut —esan zion ahapeka anaia bizkiaren irudiari.

        Komunean pixa egin ondoren sukaldera abiatu zen. Han ama zegoen. Aitona berria iristerako dena txukun eduki nahi zuen emakumeak eta urduri zebilen.

        —Ohea egin duzu?

        —Ez —mutikoaren erantzuna, gailetak esnetan bustita jan bitartean.

        —Beti esaten dizut egiteko, baina berdin dio. Gaur neuk egingo dut eta horrela nire gustura egongo da Paxkual jauna etortzerako.

        Hitz haiek esan eta berehala, ama semeari begira geratu zen. Haren ondoan eseri zen mahaian eta, Mikelek esnea edan bitartean, esku bat pasa zion ileetatik.

        —Oraindik ez didazu esan zer iruditzen zaizun Paxkual jauna gurekin bizitzera etortzea. Mikelek esnea edaten jarraitu zuen.

        —Esana dizut oso gizon jatorra dela; asko gustatuko zaizu.

        Oraingoan mutikoak sorbaldak altxa zituen isil-isilik.

        —Rita bere bila joan da. Laster hemen izango dira. Zoaz dutxatzera; seme, eta gero jantzi arropa garbiak, e? Eta mesedez, badakit Iker gizaixoa joan zitzaigunetik la ez duzula hitz egiten, baina, etortzen denean, behar bezala agurtuko duzu Paxkual jauna, ezta?

        —Ez! —esan zuen mutikoak eta, aulkitik salto eginez dutxatzera joan zen korrika. Amak hasperen egin eta semearen logela txukuntzera abiatu zen. Berak ere oso pena handia zeukan Ikerren heriotzagatik, baina anaia hilez geroztik Mikelek hartutako jarrera itxiak, helduekin ez hitz egin nahi hark, benetan kezkatzen zuen. Ohea egin bitartean, hormako argazkiari begiratu zion amak. Eta Mikelek Troskiri buruz zioena?

        —Ai, Jauna... —atera zitzaion emakumeari hasperen batekin batera.

        Dutxatu ondoren, Mikel etxeko lorategira atera zen. Troski berehala etorri zitzaion oinetara pozik.

        —Zer moduz zaude gaur, Iker? —galdetu zion mutikoak Pirinioetako mastin zuriari. Troskik eskuak milikatu zizkion.

        Mikel lorategiko belar gainean zutitu eta ingurura begiratu zuen. Mutikoa eta bere gurasoak hiriaren kanpoaldean bizi ziren, familia bakarrarentzako txalet moduko etxe polit batean. Etxe inguruko lorategia nahikoa zabala zen eta errepidea hurbil zegoen. Etxea oso-osorik aitak egina zen, arkitektoa eta eraikitzailea baitzen. Inguruan beste etxe batzuk, belardiak eta zuhaitzak ikus zitezkeen. Troskik hanka batez izterra ukitu zion mutikoari.

        —Zer nahi duzu? Komikiren bat irakurriko dugu?

        Orduantxe urrunean aitaren auto gorria agertu zen. Aita, semearen oso antz handikoa, gidari zihoan eta bere ondoan hirurogeita bost urte inguruko gizon argal bat zegoen. Ile eta bibote zuriak zituen eta praka eta alkandoraz jantzita zegoen, aita bezala. Paxkual jauna zen, noski, Mikelen aitona berria. Autoa etxera hurbiltzean aitak esan zion:

        —Horra hor Mikel, lorategian —eta bozina jo zuen agur gisa. Mutikoak begiratu bai, baina ez zuen erantzun. Troskik zaunka egin zuen.

        Autoa etxe ondoan gelditzean, ama kanpora atera zen. Aita eta Paxkual autotik atera ziren. Amak gizonari bostekoa eman eta gero, hiruak Mikelengana abiatu ziren. Beraganaino iritsi aurretik, Paxkualek amari esan zion:

        —Oso lore politak dituzu hemen, Edurne.

        —Eskerrik asko, Paxkual jauna, baina Txominek zaintzen ditu.

        —O! —esan zuen aitari begiratuz—. Oso ongi zaintzen dituzu, Txomin.

        Mikelenganaino iristean, amak esan zuen:

        —Mikel, hona hemen Paxkual jauna, gure aitona berria izango dena, zuk hala nahi baduzu.

        —O, mesedez, ez niri «Paxkual jauna» esan, lagunek Paxku esaten didate —eta hura esanda, bostekoa luzatu zion Mikeli. Mikelek gogorik gabe eman zion eskua eta, aurpegira begiratu gabe, «kaixo» besterik ez zion esan.

        —Oso zakur polita eta handia duzue —esan zuen Paxkuk—. Nola du izena?

        —Iker —Mikelen erantzuna. Bere gurasoek elkarri begiratu zioten kezkaturik.

        —Iker? —Paxkuk berriro—. Bai izen arraroa zakur batentzat. Hori ez al da ba pertsonaizena?

        —Zakurraren izena Troski da —esan zuen aitak—, eta zuk ongi dakizu hori, Mikel.

        —Ez! —esan zuen mutikoak bat-batean oihu eginez—. Zakurra dagoeneko ez da Troski. Askotan esan dizuet! Orain Iker da! Iker da, Iker, entzun? Iker! —eta lasterka hasi eta lorategiko hesi gainetik jauzi egin ondoren, errepidean behera joan zen korrika. Troski bere atzetik abiatu zen.

        —Mikel —hots egin zion aitak—. Etorri hona berehala, aditu? Hona etortzeko!

        Baina mutikoak errepidean aurrera jarraitu zuen burua itzuli ere egin gabe.

        —Utziozu, maitea —esan zion emazteak, eta gero Paxkuri begiratuz—: sentitzen dut, Paxkual jauna. Mikel lehen ez zen horrelakoa, baina anaia hil zitzaionetik ez da lehengoa...

        —Lasai egon, Edurne —Paxkuren hitzak—, ongi ulertzen ditut neska-mutikoak. A, eta... —esan zion Mikelen amari begi-keinu bat eginez—, dei iezadazu Paxku, mesedez.