Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Note book

Pako Aristi

narrazioa

Erein, 2005

 

SOINUAK ETA HOTSAK

 

        Lehen oso berandu oheratzen nintzen, goizeko bostak aldera, sarritan. Halere, gaua, bere bakearekin, bere isiltasunarekin, esperientzia ugariz beteta iristen zen niretzat. Gauerditik aurrera argiak iraungitzen joaten ziren aurreko etxeetan, eta hori abisu bat zen nire barruarentzat. Une hartan bizitza propio bat eraikitzeari ekiten bainion lo geratu zen artaldearen aurrean. Idazten ematen nituen orduak, pentsatzen, irakurtzen, kopa bat edaten.

        Gau barearen gozamena nekearen azken mugarrietaraino eraman ondoren, unerik bereziena, beharbada, oheratzen nintzenekoa izaten zen. Nire gauaren amaierak bat egiten zuen auzoko askoren esnatzeko orduarekin, baina oso leku ezberdinetan egokitzen ginen zein bata nola besteak une hori iristen zenean. Ni ohean sartu berria nintzelarik, artean lo hartu gabe, kalera ateratzen ziren auzoko langileak, txandarik goiztiarrenetara iritsi behar zutenak. Negu gorrian, kanpoan begiak ateratzeko moduko izotza egiten zuenean, garajeetako ate-hots metalikoa entzuten nuen mantapean kukututa, neure arnasarekin ohea berotzen nuen bitartean. Neure epeltasunean are lazgarriagoa egiten zitzaidan langile haien hotza, haien aurpegietako destenplea.

        Garajerik ez zutenak kanpoan egokitzen zituzten autoak, eta goizeko bostak aldera haiek arrankatzen hasten ziren, orain bat, gero bizpahiru, hurrena beste bat, txandaka, lanera bidean. Auto batzuk ezin izaten zuten arrankatu, eta ekinaldi asko egiten zituzten. Langile haien gorputzak dardarez irudikatzen nituen, ahoa madarikazioz beterik, umorea petralduta, etsipena haien bihotzen jabe, goizalbaren ilunpe izoztuaren bakardadean.

        Apurka-apurka autoak martxan jarri eta alde egiten zuten auzotik, eta ni lo geratzen nintzen, beroa gozatuz, desanparo haren erdira atera beharrik ez neukalako. Geroztik, niretzat desanparoak ez dauka beste soinurik: neguaren ilunpetan, hezurretaraino sartzen den izotzaren erdian, arrankatu ezin duen auto baten karranka errukarria. Ez nuke desanparoa beste era batera definitzen asmatuko.

        Agian nire auzokoak bai. Nire ordu txikietako idazmakinaren hotsak asaldatu egiten zuen, nonbait, eta tarteka horman kolpeak jotzen zizkidan. Harentzat nirea izango zen desanparoa: tipo bat gauaren bakardadean idazten.

        Gaur ere berandu oheratzen naizen arren, dena desagertu da: auzokoa hil zen, ordenagailua jarri nuen, bi kristaldun leiho isolatzaileak... eta azken modeloetako autoek lehenengoan arrankatzen dute.