Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Kcappo, tempo di tremolo

Pako Aristi

nobela

Erein, 1987

 

1

 

        Sei ahizpatatik gazteena eta xarmantena izan zen bere ama, eta putetxeetan horditurik apustuez hitz egiten zuen gizon txanbergo batekin ezkondu zen. Ahizpa zaharrenak, zerbitzen zuen tabernako nagusiarekin egin beharreko guztiak kontsumatu zituen lanik gabe gelditzeko beldurrez eta horregatik familiaren erdeinu errukigabea pairatu zuen, Jainkoaren pakean babestuz, lekaime sartu arte igaro zituen zazpi urteetan.

        Ahizpa gazteena begiz jota zeukan gizon hark hiru urtetako gau guztiak behar izan zituen putetxeko jokoan tabernak balio zuen adina biltzeko eta, ahizpa zaharrenaren derrigorturiko ibilerak jakinez, ez zitzaion zaila gertatu tabernariaren borondatea bereganatzea. Jokoko irabazia ogibide eta emakumea etxeratzeko dote ukaezina bihurtu zitzaion. Aurki idatzi zion gutuna horrelakorik espero ez zuen ahizpa gazteenari, elkarren eta seme posibleen mantenua irabazten zuela eta ezkontza eskatuaz, bazuela eta hego haizeak lurrean pausatzeko sasoia. Aitak mantsoagatik esan zion alaba kutunenak gutuna erakutsi zionean:

        —Bi etxe badira mundu honetan goserik ezagutzen ez dutenak, taberna eta eliza ditun.

        Ezteietako otorduan, jadanik andre bihurtzen zuen ezkontza aldaezinaren ondoren, sentitu zuen noizbait damutuko ote zen susmoa, sapotzar bat jaurti baitzuten kaletik ume koskor batzuk eta senarrak mahaira jaso, zigarro piztua ahoan sartu eta irentsiriko keaz sapoa leherrarazteko alukeria egin baitzuen, gonbidaturiko zenbait gonbitolarrika jarriaz.

        Gauerdian, artean sapotzarraren pasadizoa ahaztu ezinik, begiak itxi behar izan zituen, gainera zetorkionaren izerdi, hats eta urduritasunaren nazka sapotzarrarenarekin nahastu ez zekion, eta gaztetako maitasunari buruzko berriketa haietara linburtu zen, gizonak egindakoaren mina lasaitu eta loak hartu zuen arte.

        Zortzi hilabete eta hogeita hiru egunetara arkakusoaren hortzakada iruditu zitzaion gizonak egindakoa, erditu ezinik ziharduen umeak aterarazten zizkion orroen ondoan; halere ez zuen sabela urratu eta alu aldea txikitzen ari zitzaionaren kontra estreinako gau mingarri hartan senarrarekiko sentitu zuen gorroto izpirik sentitzen, bizitza guztian egin zuen eta egin zezakeen gauzarik probetxuzkoena hartzen baitzuen egiten zirauena.

        Sapoak neguko lozorroa inguruneetako baratzetan igaro ondoren bitarte horretan jaio ziren kumeak bizkarrean harturik bandaka errekara itzultzen diren maiatzeko gau hartan jaio zen Ernesto Guardiola, baina amak erditzean harrapatu zuen gaitzak ez zion semeak bere ama kutuna ezagutu eta oroimenen batzuk gordetzeko adina urte bizitzen utzi, Ernestok bost urte zituela hil baitzen.

        Haurraren estreinako bost urte horiek inguratzen dituen ilunpe beltzetik erreskatatu zuen amaren oroimen bakarra behin tabernako mirabeak kalera atera eta txistua jotzen itzuli zenekoa zen. Aitak errietan eraso zion, hizketan baino lehenago musikan ikastea ez baitzitzaion iruditzen herrixka hartan bizitza atera behar zuen ume batentzat hazteko modurik onena, baina amak zorrotz babestu zuen aitari ez bezala hainbeste barruko min eman zion semea:

        —Tonu gutxiago dakizkite sapoek eta gau osoa kantuan dihardute. Gure baratzean dabiltzanetako bat bera ere akabatzeko adorerik ez baduzu, utziozu semeari ere nahi adina kantatzen.

        Aita emakumeak nazkagarriak zirela oihukatuz aldendu zen eta amak, bi astetara hil bazen ere, semearengan aitarekiko gorroto printzak piztu zituen lasaitasunarekin itxi zituen begiak per secula seculorum, amen.

        Horrekin batera beste gizon bat lurperatzen ari ziren Iboko herrian, eta akolitoek elkarri begiratu zioten bi metrotara iristeko hain gutxi falta izan zitzaion gizon sorbalda zabalxka hura gordetzen zuen kaxak lurra jo zuenean. Kanposantura bideko lokatza artean igotzen ausartu ziren pertsona bakarren artean zegoen emaztea lau urteko semearen eskutik helduta, lurrazpitik ere, ezkontza gauean bere emaztea birjina ez zela jakinez, hain bihotz onez hartu zuenean, bota zion arrazoia botako balio bezala:

        —Birjina ez izatea ez den gaitza, baina emazte batek bere gizonarekin txortan egin ondoren inoiz egin behar ez dituen bi gauza esango dizkinat: koartoko argia piztu edo ohetik jaiki eta gizona hozten utzi.

        Baina bizitzan zoriontsu sentitu zen urte bakarrak aurreko gauean amaitu zitzaizkion, gizona perretxiko janean etiketarik gabeko anisarekin seko txipilindu zenean, etxaurreko kanala pasatzean hankek ez baitzuten buruaren agindua jarraitu eta, muturrez aurrera eroriz, putzuaren zolu lokaztua jo baitzuen. Goizean esnezaleak lehorreratu zuenean ezkailuek begiak erdi janik zeuzkaten eta suge bat irristatu zitzaion aho zulotik. Afariko perretxikoak ontzat jo zituzten herrian, baina, apika, ustegabean nahasiriko txarren bat jan ote zuen argudiatu zuten afarikideek, lagunaren putzuraketa tristea argitzearren, mundu honetako heriotza posible guztien artean mozkortuta hiltzea zelako fortunarik farregarriena eta mesprezagarriena, apaizak tabernazalekeriaren aurka sinestarazi zuen beldur bakarra hori izan baitzen hogei urtetako iganderoko sermoi luzeetan.

        Gizona hiltzean emakumea ardoari eman zitzaion eta jadanik hondatua zuen zorionari gizonak utzitako ondasunen hondaketa atxiki zitzaion, eta urte gutxiren tartean bereak zituen hiru etxe, bi baso eta terreno solte mordoxka bat galdu zituen, ardoaren memoria erratua baita. Umettoa guztiaren testigu izan zen eta hamar urterekin, bere ama astean bi alditan oheratzen zen mutil-zahar ilun harekin utzi zuen, inoiz topatuko ez zuen baserri batetan morroi kolokatuz. Bataiatzean ipini zioten izena ere amari utzi zion eta beste bat asmatu zuen bere buruarentzat: Santos Aldabalde.

        Laster manifestatu zituen bertsolari dohainak alegrantzia baino buruhauste gehiago eman zion gazte denboran, elizarako joera utzi eta taberna barrundatzen hasi zenetik behintzat. Tiple hasi zen bederatzi urterekin laginezko Introito, Pange Lingua eta Lauda Sion luzeak abesten Jainkoaren hizkuntza zelakoan, eta apezgorako bokazioa ere sentitu zuela uste izan zuen sasoi batetan, kanpandorretik elizara enara bat sartu baitzen, hiru egunetan koru eta aldareko kupuletako hautsak astintzen ibili ondoren, indarrez peto lurra jo zuen, eta azkenean, tiple batek harrapatu zuen akabatzeko asmotan. Santosek besotik heldu zion eta amak ere ez zuela ezagutuko enara soltatzen ez bazuen emango zion ezkerkadarekin, eta txoria emateko. Jainko imajinatu haren begi oneko zeinua sentitu zuen Santosek enara airera luzatu zuenean, eta munduan ere egoera txarrean zenbat pertsona egongo ote zen pentsatzen hasi zenean, apaiz egitea nahi izan zuen desgraziatu haiek salbatzeko. Horregatik, elizkoiek zioten aprezioa gorroto bizia trukatu zen bertsozaletasunak tabernara bultzatu zuenean.

        Sasoi hartan ulertu zuen Ernestok gerripeko kontuak ez direla aireratu behar, aitak alu puta zikina esanda somantakoz josi zuenean. Ernesto akolitoa zen eta apaizari lagunduz baserrietara egiten zituzten ibilaldi horietako batetan, abadea arboleratu egin zen, sotana altxatu eta belaunerainoko kantzontzilo luzeen artetik txiza erreka bat egin zuen. Ernestok, bere inozotasunean, ez zuen apaizaren lepotik hankapuntetarainoko gorputz beltz hark txikilik edukiko zuenik pentsatu ere egin, eta berebiziko harridurarekin begiratu zion makurtuta apaizari. Mirari hura ez zitzaion barruan kabitzen eta aitari kontatu zion. Honek alu puta zikina esan eta somantakoz josi zuen goitik beheraino.

        Orduan jakin zuen gerripeko kontuak ez direla inoiz aireratu behar. Haurtzaroa gehienak bezalakoa izan zuen: maitasun urri eta gogorkeria handikoa. Eskolaratu zenean arratsaldea bakarrik aprobetxatzen zuen, goizaldeetan aitaren joko lagunek narraztu zuten taberna txukundu behar izaten zuen eta.

        Tabernan beste edonon baino azkarrago ikasten da bizitzaren berri eta Ernesto apustu, tertulia eta mozkor artean hezi zen eta hori nahikoa izan zitzaion tabernari betirako gorrotoa hartzeko.

        Amaren ahizpa zaharrena zen izeba tabernara itzuli zen lehendik egiten zuen mirabe lanera eta askotan pentsatu zuen Ernestok gerora gaineratuko zitzaion tragediaren hasiera hura izan zela, bere ibilera zaharrak ezagutuz aitak nozituko zuena jakina baitzen. Hamar urterekin, konprobatu zuen aita lupua baino txarragoa zela. Tabernako mahai azpiko hondarrak jasotzen ari zen. Izeba mostradore atzean zegoen hasitako ardo botilak garrafoira husten. Aitak kortxo batzuen aitzakian gerria inguratu zion eta eskuetan zeuzkan botiletako kortxoak kentzen hasi zitzaizkion. Izebak ukabilarekin bultza egin zion jolasari jarraituz, baina aitaren esku dardaratiak blusapetik titietaraino heldu zitzaizkionean konprenitu zuen zer jokotara zetorren gizona. Kentzear saiatu zen baina gizonaren mingaina belarri bueltan sentitu zuenean gerripetik behera dena kizkurtu zitzaion. Izeba buelta ematen ikusi nuen aitaren ahoa bilatuz, honek blusa altxatzen zion bitartean. Garrafoia etzanda gelditu zen ardo guztia askara isuriaz, baina ez zioten kasurik egin. Izebaren eskuak mostradore azpian galtzen ziren aitak titiak batera eta bestera dantzatzen zizkiolarik. Nik ardoa erortzen ari da esaten nien baina ez zuten begirik, ez belarririk, eta, amari ez zitzaion gustatuko eta zeruan haserretu egingo zela pentsatu nuen. Mostradore atzean galdu ziren eta izebak ez, ez, ez esan arren ez zion aitari kontrarik egiten. Garrafoia jasotzera inguratu nintzenean izebak gonak bular alderaino jasoak zeuzkan, aitak galtzak izter pareraino jaitsiak beldurtu egin nintzen,eta kalera irten nuen aita eta izeba hil egin zirela oihukatuz. Jendea inguratu zen eta ihardunean harrapatu zituzten.

        Ondorio latzak ekarri zituen gertaerak familiarentzat. Aurreko tabernariari ez zitzaion zaila gertatu berari egin zioten truko berdina egitea Ernestoren aitari eta honek taberna saldu behar izan zuen oso prezio merkean. Izeba zaharrena, gelditzen zitzaizkion urteetan, egindako bekatuak sendatzearren moja sartu zen eta habito beltzak gorde zuen mundura zekarren umea.

        Izebak entzunak zituen komentuetako lurpeko pasagunetan aurkituak izan ziren ume jaio berrien gorpuen istorioak, eta inori ezer esan gabe bere kasa erdituko zuen umea, hau zazpikia izan eta komulgatzera zihoan batetan munduratzen hasi ez balitzaio. Lekaime guztien artean heldu eta oheratu zutenean lagundu ziotenek zeregin horretan jakituria zabala zeukatela egiztatu zuen. Konortea galdu eta egun bat igaro zuen horrela, eta esnatu zenean alboan palankana bat eta mesanotxean ur baso bat besterik ez zituen aurkitu. Umerik ez ikustean estutu eta deiadarka hasi zenez, superiora heldu zitzaion ohe barrenera bi hitzez guztia argituz:

        —Konortea kendu dizugu egun batez zure haurraren aztarrena betirako. galdu dezazun. Horren berri Jainkoak bakarrik daki.