Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Nire Uztapide

Pako Aristi

biografia nobelatua

Bertsolari, 2000

 

3

 

        Nik hamahiru urte nituen Uztapide ezagutu nuenean. Ezagutu, ezagutzen nuen lehenagotik, baina biok aurrez aurre hitz egin genuen uneaz ari naiz; berak ni beste guztietatik bereizi ninduen egunaz.

        1981. urtean izan zen, maiatz aldera. Goiz batean amak zalapartaka esnatu ninduen.

        —Jaiki hadi, ume, Uztapide etorri duk eta hirekin hitz egin nahi dik!

        Egia esan, Uztapidek ni egun hura baino lehenago bereizita ninduen besteetatik. Hain zuzen ere, Santa Ageda egunetik. Eskean atera ginen baserriz baserri, eta Laguntzarrenera iritsi ginen, Uztapide bizi zen baserrira. Guk ez generaman bertsolaririk gure artean. Kopla zahar batzuk ikasten genituen denon artean, eta txandaka haiek kantatu. Laguntzarrenen niri egokitu zitzaidan. Uztapide han egon zen atarian, ezer esan gabe baina tinko guri begira-begira. Gero dirua bota zuen eta handik alde egin genuen.

        Badakit geroztik galdezka ibili zela bere etxe aurrean kantatu zuen mutiko hura nor zen jakin nahian. Nire gurasoekin ere hitz egina zen zerbait, niri ezer asko esan ez bazidaten ere. Nik, halere, sumatzen nuen hark zer nahi zuen.

        Sukaldera jaitsi nintzen. Hizketan ari zen Uztapide.

        —Ai, ohean egotea gauza ona da batzuentzat. Guk berriz, geure garaian ez genuen horretan ere ikasi!

        Mattini omenaldia antolatu zioten Oiartzunen ekainerako. Horren bueltan hasi zen Uztapide. Bertsolari asko etorriko omen zen kantatzera, bera ere gonbidatu zutela, baina ez bertsotara, jaialdira eta bazkaritara baizik. Eta orduan, bere inguruan hain modu samurrean sortzen zekien isilune horietako bat egin zen sukaldean. Eta esan zidan:

        —Aditu, nik jarriko nituzke bertso batzuk, baina nik kantatu ez ditut egingo. Norbaitek kantatu behar lituzke bertso horiek!

        Tronbosi atake bat izana zegoen orduko. Getarian egin zioten omenaldira bi bertso pentsaturik eraman zituen, eta kantatzen hasi zenean, ezin. Oso urduri jarri omen zen, kabitu ezinik. Hitz egin zezakeen, baina kantatu ez.

        —Neuk kantatuko ditut, zeuk ondo irizten badiozu!

        —Goazen gure baserrira! —esan zidan berehala. Hark orduko idatzita eduki bertsoak.

 

 

4

 

        Aproba egin nahi zuen lehendabizi. Beldurra izaten zuen inori bertsoak emateko.

        —Lehen ere, iloba baten ezkontzarako jarri nituen, eta apaizari eman nizkion kantatzeko, eta kristoren txapuza egin zuen apaiz hark!

        Libreta berde bat atera zuen, Balandro marka ezagunekoa. Han zeuzkan idatzita bertsoak, boligrafo gorriarekin. Ez zidan eskuetara eman nahi izan. Niri beste libreta bat luzatu eta kopiatzeko esan zidan. Berak irakurri egiten zituen, bere ahots gozo eta sakonarekin, eta nik kopiatu. Orduan idatzitakoa irakurtzeko eskatu zidan niri:

 

                Gaur omendutzen dugu

                Mattin aheztarra

                Denbora baten etzan

                Bertsolari txarra...

 

        Ondo zegoen. Doinua neuk aukeratzeko esan zidan, eta hasi nintzen kantuan. Burua mugitzen zuen goitik behera. Zuzen begiratzen zidan. Ez zuen irribarrerik egin, baina gustatzen zitzaiola jakin nuen.

        —Agure honen itsumutila izan nahi al duzu?

        Beti zuka hitz egin izan zidan.

 

                Itsumutil edo itsuaurreko:

                antzina itsuek edukitzen zuten morroia,

                bazterrik bazter ibiltzeko.

 

        Mattinen omenaldian ondo atera zitzaigun eginkizuna. Uztapide atzean eseria zela, ni mikrofonora altxa eta kantatu nituen bertsolari zaharrak idatzitako bertsoak. Ondoren sei omenaldi egin zizkioten errezkan, Zegaman, Seguran, Lasturren, Arroa Goikoan... eta nirekin konfiantza hartuta deitzen zidan:

        —Aizu, konpromisoa daukat, baietz esana daukat Zegamara joateko. Etorriko al zinake?

        Hala bihurtu nintzen ni Uztapideren itsumutil. Baina bere bista baino gehiago haren ahotsa izan nintzen. Itsua neu bainintzen, neure hamahiru urte inozo haiekin. Eta Uztapide izan zen nire begietara argia ekarri zuena, mundua ezagutzen lagundu zidana. Hirurogeita hamabi urte zituen orduan. Bi besterik ez zitzaizkion gelditzen munduan.

 

 

5

 

        Uztapiderekin egun bat pasatu ez duenak ez daki denboraz ezer; ordu asko pasatzen zuen leku batera joan-etorrian, baina inoiz ez nuen denbora alferrik galtzen genuenik sentitu.

        Zegaman prestatu zioten omenaldia, 1981eko azaroaren 15ean. Goizean garaiz atera ginen Oiartzundik. Bere lagun batek eraman gintuen autoan. Bere garaian era guztietara ibilia zen batera eta bestera Uztapide: autobusean, trenean, motoan, taxian, antolatzaileak bila joanda... berak ez baitzuen gidatzeko karnetik.

        Denborarekin ibiltzea gustatzen zitzaion, eta Zegaman hitzordua eguerdiko ordu bietan bagenuen, gu han geunden hamar eta erdiak ingururako. Hamaiketakoa egin genuen, salda eta haragi egosi pixka batekin, eta gero halako bisitatu genuen, eta bestelako, eta beste hura. Hark ezagutzen zuen mundu guztia, Zegaman ez ezik herri gehientsuenetan. Niri denen esplikazioak ematen zizkidan.

        Bazkaria izan genuen, eta ondoren omenaldia. Nik kantatu nituen berak idatzitako zortzi bertso. Giro ederra zegoen. Hamar urte bazituen Uztapidek Zegamara joan gabe, baina jendea erruz inguratu zitzaion hitz egitera, agurtzera, kontu zaharrak berritzera. Hura maitea zen, eta ni pixkanaka joan nintzen maitasun horren arrazoia ulertzen.

        Bueltakoan halakoaren etxean geratu behar genuela, gero beste harenean, hark ezagutzen zituen etxeak ziren denak, noizbait lo egin zuelako haietan, edo etxeko nagusia edo andrea lagun-mina zuelako. Lasai arraio egon ginen guztietan, eta azkenerako berandutu.

        Eta nik uste horixe nahi zuela berak: nonbait afaltzen gelditzea, segituan etxeratu gabe. Zahartuta zegoen baina ondo aguantatzen zuen martxa, jan eta edan ondo egiten zuen, pattarra alde batera utzita, noski.

        Hura ez zen erlojuarekin ibiltzen. Eta ez da antigoalekoa zelako, ez. Hura egokitu zen bertsolaritzaren aurrerapen guztietara: gorbatarekin kantatzera, mikroaren aurrean moldatzera, gaiak jarrita erantzutera...

        Ez da antigoalekoa zelako, hark gauza garrantzitsu bat zekielako baizik. Bazekien bizitzak benetan gauzarik ederrena zein duen: adiskidantza, elkartasuna. Eta lagun bakoitzari merezi zuen denbora eskaintzea gustatzen zitzaion.