Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Miren, Garbiņe ta sorgin baten komeriak

Pako Aristi

haur eta gazte literatura

Elkarlanean, 1999

 

        Ibaia oso garbia egoten zen udan, eta ur ertzetako belar luzeen artean egiten zuten lo apoek. Herri bat osatzen zuten denek, ezkailuek, amuarrainek, euliek, txalburuek, sugeek eta igelek. Guztiak lagun onak ziren, baina batzuetan haserretu egiten ziren.

        Haserretzen zirenean, elkarri erasotzen zioten. Amuarrainek ezkailua jaten zuten, igelek eulia irensten zuten, ezkailuak txalburua jaten zuen merendatzeko. Baina txarrena sugea zen, beti haserre zegoelako. Orduan luze-luze jartzen zen, geldirik, zuhaitzetako adar bat ematen zuela, eta norbait bere aurretik igarotzen zenean, sast, bere gorputz luzearekin kiribiltzen zuen eta bizi-bizirik irentsi. Eta hori gertatzen zenean inor ez zen sugeari kontra egiten ausartzen.

        Hiru festa egiten zituzten uda guztian, San Juanetan, San Inaziotan eta Andramaixetan. Denek oso ondo pasatzen zuten festetan. Amuarrainek primeran egiten zituzten tangoak, eta rokanrolak, eta beste dantza asko. Txalburuek txisteak kontatzen zituzten, baina ama igelak goiz eramaten zituen lotara eta negarrez joaten ziren. Euliek guztientzako zerbeza ekartzen zuten eta ezkailuek kanta zaharrak abesten zituzten. Eta musika nork jotzen zuen? Musika apoek jotzen zuten, flauta, tronpeta eta bonbardinoa. Apoak oso musiko onak ziren, eta festak ez zirenean ere gau osoa flauta jotzen pasatzen zuten. FLIU, FLIU, FLUUUUU egiten zuten, eta beste animalia guztiek lo hartzen zuten. Baina txarrena sugea zen. Festetan ere ezkutaturik egoten zen, eta euliren bat edo ezkailuren bat zerbeza gehiegi edanda mareatzen bazen,_ zaust, sugeak jan egiten zuen.

        Hiru festa haiek amaitzen zirenean, iraila etortzen zen, eta orduan animalia bakoitzak beste toki batera alde egiten zuen, negua goxo eta bero igarotzeko. Negarrez alde egiten zuten denek, penetan, hurrengo uda arte ez zutelako gehiago elkar ikusiko. Sugea ere, hain gaiztoa izanik, triste jartzen zen irailean, baina badakizue zergatik? Triste jartzen zen animalia guztiek alde egitean ez zitzaiolako zer janik gelditzen. Eta gose galanta izaten zuen sugeak neguan. Izorratu zedila.

        Bidaia luzeena amuarrainek egiten zuten, igerian oso azkarrak zirelako. Motzena berriz euliek, oso txikiak izanik, haizeak segituan lurrera botatzen zituelako. Baina bidaiarik arriskutsuena eta beldurgarriena apoena izaten zen. Eta apo asko hiltzen zen bidaia horretan. Baina neguan apo txikiak jaiotzen ziren eta berriro apo mordoa etortzen zen udan ibaira, flauta eta tronpeta eta bonbardinoa joz.

        Garbiņe eta Miren bi apo txiki ziren, eta apo aita eta ama txoraturik zeuden haien begiekin. Garbiņek hori-horiak zituen, eta Mirenek urdin-urdinak.

        —Noiz joan behar dugu ibaira? —galdetzen zuten biek batera, gurasoek ibaiko kontuak eta ipuinak kontatzen zizkietenean.

        Baina zergatik zen hain beldurgarria apoen bidaia?

        Apoek negua baratze batean igarotzen zuten, lurrarekin eta hostoekin estalirik, epel eta geldirik. Baina baratzera ailegatzeko kamino bat zeharkatu behar zen, eta kaminoan auto asko ibiltzen zen, oso azkar, motorrak ron-ron zituztela eta bozina luzeak joz. Eta apo asko autoen azpian hiltzen zen. Dena leherturik, zapal-zapal gelditzen ziren.

        Baratzean jaio ziren Garbiņe eta Miren, eta beti ibaira noiz joan behar zuten galdezka ari ziren. Ibaia ezagutu nahi zuten. Behin apo aitak hitz egin zuen:

        —Bihar goizeko bederatzietan joango gara denok ibaira, uda pasatzera!

        —BIEEEEEEEEN! —esan zuten Garbinek eta Mirenek biek batera. Apo aita oso azkarra zen, eta bazekien auto gutxiena goizeko bederatzietan izaten zela. Zergatik? Langileak zortzietarako sartzen zirelako lanera, eta umeak zortzi eta erdietan joaten zirelako eskolara autobusean. Etxekoandreek ez zuten autorik edukitzen. Bederatzietan, beraz, oso trafiko gutxi egoten zen.

        Lorik ez zuten egin Garbiņek eta Mirenek, eta ibaia nolakoa izango ote zen pentsatzen pasatu zitzaien gaua. Goizean goiz jaiki ziren, beren poltsatxoa prestatzeko. Bederatzietan abiatu ziren. Garbiņe aitaren bizkarrean zihoan, eta Miren amaren gainean. Oso txikiak ziren hainbeste kilometro oinez egiteko.

        Kaminora ailegatu ziren. Burrunba beldurgarri bat entzun zuten, eta lau gauza beltzen gainean burdinazko armatoste bat pasatu zen, oso azkar. Auto bat zen. Aitak ezker-eskuinera begiratu zuen. Ez zetorren besterik. Oso ondo. Azkar-azkar kaminoa pasatzen hasi ziren. Baina apo ama irristatu egin zen eta hankaz gora erori. Mina hartu zuen eta ezin zen jaiki.