Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Benetako lagunen aterpea

Pako Aristi

haur eta gazte literatura

Ibaizabal, 1998

 

        Denpora asko emon dot kanpoan, beharbada gehiegi. Baina, zenbat da asko? Lau urte? Gaztetxoagoa nintzanean itzel iruditzen jatan lau urte; ez zan neskarik, aingeru ederrena izanda ere, lau urtez itxarongo neutsanik. Baina orain, zaharragoa nazanean, lau urte ez jat hainbeste iruditzen; laster igaroko dan epea dirudi, eta nire bizitzara ekarriko dauzan fruituak gozatzeko prest jarten naz. Itxaropena. Zelan bizi, bestela, ilusio hori barik?

        Itzuli egin naz, ostera, dirala hainbeste urte itzi neban herrira, Azpeitira. Azpeitia: zelan ahaztu izen hori? Nahikoa da Izarraitz mendi tantaiaren bizkarra ikustea, bere magalean eregi eben herria «Haitzaren behetik» egin behar izan ebela gogoratzeko, hori dalako Azpeitiaren esanahia: Haitz behitia. «H»a non galdu eban ez dakit. Eta bada Urola ibaian gora joanda beste herri bat Haitzaren goi aldean eginda dagoala adierazten dauana: «Haitz goitia». Azkoitia.

        Halako denporaldiaren buruan itzultzen danak herria modu desbardinean ikusten dau. Orain kalean dabilen jendeak ikusi ezin dauzan gauzak dakusaz kanpokoak; jende horren aita-amak ezagutu dauz berak, gaur herria zaintzen (eta jendea izorratzen) daben udaltzainen aurretik egon ziran «aguazilak», oraingo agintariak bezain motelak ziran aurreko alkateak, eta oraingo etxe barriak kartoizkoak iruditzen jakoz, pelikuletako etxe asko lez faltsuak, horreen lekuan egozan etxe zaharrak ikusten dauzalako, eta uste dau etxe barriak eskuagaz gora jaso ahal balitzaz han agertuko litzatekezala lehengo etxeak, euren egurrezko eskailera eta harrizko balkoiekaz.

        Ni naz kanpotik itzuli dan bidaiaria. Itxaropen baten indarrak bultzatu nau honaino, eta kaleetan zehar paseatu ondoren etxe zahar baten aurrean geratu naz. Nik itzita lez dago, baina bertan bizi diranak ere lehengo hareek ete dira?

        Gu bost lagun ginan; beno, lagunak ugari ginan, dozena bat, bi, lau, nork jakin, herriko ume guztiak, baina bostek osotzen genduan adiskide berezien taldea. Hareetako bat, niretzat maiteena, bizi zan etxe honetan. Hemen ete dago orain bera?

        Hiru solairu daukaz etxeak, eta oraingo eraikuntza barriak atean solairu bakoitzera deitzeko txirrina eta edegiera automatikoa daben arren, honek aldabea mantentzen dau oraindino egurrezko bere ate ilunaren gainean. Gura zenduan pisura deitzeko hainbat bider jo behar zenduan aldabea; gure adiskidea bigarrenean bizi zan, eta aldabea birritan jo ezkero han urtengo eban balkoira bere amak «Zer behar dozue?» itaunka, eta gero adiskidea bera, irribarretsu.

        Horma horreen atzean ete dago orain? Ezagutuko ete nau? Aldabea birritan jo beste erremediorik ez jat geratzen itaun horreei erantzuna emoteko. Eskua poltsikotik atara eta aldabeari heldu deutsat. Heldu deutsat baina... ez dakit zergaitik, bere lekuan itzi beharra sentitzen dot. Milaka kilometro korrituz honaino ekarri nauan indarra ahuldu egin da bat-batean, eta barruan indartsuagoa dan beste sentimen bat hazi jat. Zer ete?

        Gazte jendea lepo dabil kalean, asko, baina horreen tokian neure burua dakusat, geure buruak, bost adiskideonak, geu ere holan ibilten ginan kalean gora eta kalean behera, ganbarea kezkaz beterik, txoriz beterik, amorruz gainezka, maitasun beharrez... halan zanik jakin barik. Eta gu zigortzen ahalegintzen ziran arerioen aurpegi maltzurrak ere ikusten dodaz, jende xelebrearen ibilera gogoangarriak, geure arteko eztabaiden oihartzunak entzuten dodaz, herrian gertatu ziran liskarrak...

        Arkupetan doan horren bibotea ezagutzen dot. Bibote hori ez da horrena. Bere aitari, bere aititari eta birraititari ere, modu berean urteten eutsieezan uleak sudurpean. Samea jokatuko neuke kantoian ezkutatzera doan hori Pello Giuseppiren semea dala, musika bandearen zuzendariarena.

        Samea jokatuko neuke... nire lau adiskideetako bakoitzarengaitik; eta samea jokatuko neuke hareek ere gogoratzen dabezala nik, gomutan baino gehiago bihotzean, zapi leunez batutako habia gozoan, gorderik dodazan aspaldiko gertaerak, abenturak, arriskualdiak, samurruneak...