Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Euskararen isobarak

Pako Aristi

saiakera

Erein, 2014

HIZKUNTZAREN EGUNSENTIA

 

        Hizkuntzarena da gizakiak, bere burua definitzeko unean, asmatu duen mito nagusia. Diseinurik aurreratuena, perfektuena, aurreikuspen guztiak gainditu zituena. Bere burua harrokeriaz eta hantustez bete duen asmakizuna, sinesten baitu bera dela bere kideekin hitz egiteko gauza den izaki bakarra. Antropozentrismo horren arabera, animaliek ez ei dute hitz egiten euren espeziekoekin, zientzia han-hemenka eskaintzen ari zaigun adibideen argira astakeria itzela dirudien uste baldarra.

        Kaioek, untxiek, otsoek edo inurriek ez dutela hitz egiten esateko, lehendabizi kaio, untxi, otso edo inurri izan beharko genukeelako.

        Hizkuntzarekin batera asmatu zuen gizakiak gezurra ere, bi plano oso ezberdinetan jokatzeko aukera eskaintzen duen asmakizun komunikatiboa: gauza bat da gertatu dena, eta bestea gertatuaz kontatzen duguna. Alegia, errealitatea, eta beraz egiten den kontakizuna. Historian zehar gatazka izugarriak gertatu dira bai bata bai bestea kontrolatzeko. Herrien arteko menderakuntza eta esplotazioen historian biak ala biak izan dira garrantzitsuak, ezinbestez elkarri lotuak egon baitira okupazio militarrak eta haiei buruz historia liburu edota agiri publikoetan egiten zen kronika.

        Armak, ekintzak kontrolatzeko; baina gero hitzak, sarraskiaren oroimena leuntzeko. Denborarekin hitzak erabiltzea aski izanen da manupekoen jarrera bideratzeko, baina armak beti egonen dira atzeguardiako biltegietan.

        Errealitatearen kontrola ez da denboran luzatzen ahal propaganda tresnak eskuratu gabe. Hauekin ezartzen ditu menderatzaileak bere aldeko mezuak, herri menderatuan jendeak begi onez ikus ditzan okupazioaren onurak.

        Gizarteak bere buruaz daukan irudiaren hezurdura dira mezuok, eta monopolio hori beste modu batera erakutsi nahi duten kondairak antzu dirateke propaganda botere propiorik gabe. Folklore bihurtzen dira, galera baten oroimen. Herri irabazleak gezur-sortzaile dira, galtzaileak irensle. Arau-ezarle, lehenengoak; konplexu-iturri, bigarrenak.

        Patri Urkizuk Balada zaharrez liburuan kontatzen duenez, herri guztiek izan dute, antzinatik, iragan denboren ospea azpimarratu nahia, horretarako lekuko eta testu faltsuak asmatuz. Leku urrun edo galduren batean aurkitutako eskuizkribua ohiko leloa bilakatu zen. Hiri guztiek, beren arbaso sortzaileen artean, Troiako Gerlan aritutako borrokalari ospetsuren bat bilatzen omen zuten.

        Jan Van Garp-ek, Goropio ezizeneko historiagile holandarrak, liburu bat argitaratu zuen 1569an Origines antwerpiannae deitua, frogatzeko holandarrak Uholde Handiaren aurretik bizitako herrialde batzuen oinordekoak zirela, eta beren hizkuntza, silaba bateko hitzez betea zegoenez, Adanen hizkuntza izan zela.

        Hau frogatzeko ipuin miragarririk ere asmatu zuen; Psametiko erregearen esperimentua, adibidez. Honek itxi omen zituen bi haur gela batean, bat ere hizkuntzarik irakatsi gabe. Baina denbora iritsitakoan, haurrak bere kasa hizketan hasi omen ziren, “bekos” esaten biak. “Bekosl”, “Bekos!”. Alegia, ogia eskatzen zuten frisieraz, frogatuz frisiarrak zirela munduko lehen arraza, eta ez egiptoarrak; frisiera zela gizakiak asmatutako lehen hizkuntza.

        Ipuinaren baitan gaudela, irudikatu ditzaket bi haur euskaldun, gela batean, inoren hitz-hotsik entzun gabe. Zer esango lukete estreinakoz? Irudika ditzaket haurrak “pa!” esaten, “pa!” eskatzen, ez “pan” (ogia), patxoa baizik, muxuak dakarren amodio-lurrina baita haurraren elikadura nagusia bere bizitzako lehen urteetan.

        Euskararen sorrera da mito nagusietako bat munduko hizkuntzalarien artean, baina ez gure kontakizunetik sortua; kasu honetan, errealitatea bera da ipuina idatzi duena. Duela hamarkada batzuek 7.000 urteko antzinakotasuna eman bazitzaion, ikerketa berriak urrunago doaz etengabe. Lehen, konplexu edo gaizki ulertutako umiltasun batek euskarak 7.000 urte baino gehiago dituela esatea galarazten bazuen ere, gero eta ugariagoak dira gure hizkuntza duela 15.000 urte Ekain, Altamira edo Lascauxen bizi izan zirenek mintzo zuten hizkuntzaren oinordeko zuzena dela baieztatzen duten historialari eta linguistak. Mark Pagel, Reading Unibertsitateko biologia ebolutiboko irakaslea ausartu zen esaten, 2011n, Eduardo Punseten Redes programan, euskarak 20.000 urte dituela. Bideoa Youtuben dago, 87.242 bisita izan ditu eta 531 erantzun.

        Zer ez dugu ikusi hainbeste urtean! Izan ditugu hitz egiten ez zekiten goroldioen istorioak, Joxe Arratibel ataundarraren belarrira iritsi zirenak amona gozoren baten ahotik.

        Izan dugu trikua, poeta batek (Bernardo Atxagak, kasu honetan) egin dezakeen eraldaketa imajinariorik liluragarriena gauzatuz, gure hizkuntzaren isla poetiko bihurtu zuena, neguaren amaieran bere arantzazko ezkutuan salbu sentiturik errepidera ateratzen zena, “barraskilo, zizare, zomorro, armiarma, igel, non ezkutatzen zarete?” galdetuz, automobilen argiez ohartu gabe.

        Mikel Irizarrek, Topaguneako Presidente zelarik, El Diario Vascon kontatzen zuen bere lagun batek Prestige petrolio-ontziaren irudia jartzen zuela euskararen irudi gisa, galdetuz “nola nahi dugu jendea ontzi horretara igotzea?”. Eta nola sedukzioaren inguruan gabiltzan hausnarka (petrolioa bezain ideia toxikoa, bestalde), Irizarrek zioen lagunak erakartzeko orduan askoz hobe litzatekeela euskara belaontzi xarmant baten gisan aurkeztea: “Eta horrela da, hain zuzen ere. Jakina Bali-n bagaude ez digula askotarako balioko, baina hemen askoz hurbilago dauden beste mundu batzuetarako ateak irekitzen ditu, oso interesgarriak direnak”. Hain interesgarriak badira, zergatik Euskal Herriko bi herenek ez dute belaontzian nabigatu nahi?

        Belaontzia: irudi aski argigarria, subkontzientzia sozialaren endekapena agerian uzten duena. Belaontzia: gugandik kanpo dagoen tramankulu bat, zeinetara igo edo ez aukeran jartzen zaigun. Hori al da hizkuntza baten definizio serioa? Baltikoko errepubliketan independentziaren kontsultetan bozka emateko exijitu zituzten hiru baldintzetako bat datorkit gogora: Bertako hizkuntza jakitea! Horra hizkuntzaren definizio borobila: gure nortasunaren ernamuin, hezurdura eta osagarri! Derrigorrezko eta ezinbesteko! Bi irudi, bat nagusitasunetik marraztua, bestea mendekotasunetik zirriborratua!

        Zergatik ari da euskara seriotzat dauzkagun munduetatik desagertzen gero eta azkarrago, boy scouten festa moduko jargoi katramilatsua bilakatzeko?

        Nora doa euskara, Europa osoan ezagutua eta errespetatua zen Nafarroako erresumaren hizkuntza izatetik, Patxi Baztarrikak 2013ko uztailean “Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia” ikerketaren aurkezpenean aitortu zuenez, bizpahiru belaunaldiren ondoren desagertzeko egoeran, edota, gutxienez, marjinazio arriskuan egoteko?

        Behatokiaren 2012ko artxiboetan sekula baino kexa gehiago jaso izateko?

        Nora doa euskara, ipuinetatik Hizkuntza Politikako sailburutza bat sortu zioten garaiotara iritsi denean?

        Nora doa euskara, Lingua Navarrorum izatetik, gaur euskara ez dakienari erraztasun guztiak jartzen zaizkion Euskal Herri honetan?