Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Jainkorik bai ala ez

Joxe Arregi

eztabaida

Elkar, 2007

 

NORBERAREN NONDIK NORAKOA

 

        Azalduko al du, zuetako bakoitzak, bere ibilbidea, bizitza eta esperientziak, bildu gaituen gai honen inguruan? Aski zabal egin dezakezue. Ez dugu presarik.

 

JOXE ARREGI

        Azpeitian jaio nintzen 1952an, Oñatz bailarako Gerrentzuri baserrian. Eta esango nuke «fededun jaio» nintzela nolabait. Erlijioz inguraturiko giro batean erabat. Erlijioa oso presente zegoen eta funtsezkoa zen familia batean, nahiz eta gurasoak ez ziren inor baino elizkoiago. Erlijioak biltzen zuen dena. Hamalau senidetako —hamahiru bizirik— laugarrena naiz, eta esango nuke aitaren eta amaren belaunetan arrosarioa esanez ikasi nuela nik hitz egiten eta izaten eta sinesten. Umea nintzela ezagutu nuen nola urte garai honetan —maiatz-ekaina— aitari laguntzen genion soroetan gurutzeak ipintzen, lizar-adarrez egindako gurutzeak, eta nola etortzen zen apaiza soroak bedeinkatzera. Nire kosmobisioa erabat erlijiosoa zen, noski. Nik uste nuen etxean geneukan pinu handi baten puntatik gora igo ahalko banu, zerura joateko moduan izango nintzela. Beraz, esan nahi dut airearekin batera arnastu nuela nik erlijio sena eta erlijiozko mundu ikuspegia. Jainkoarenganako fedea errotu zitzaidan gorputz-arimetan, hezur-mamietan eta izadiaren sustraietan. Eta gauza bat nabarmenduko nuke beharbada: natura. Natura geratu zitzaidan erraietan txertatua barru-barruan, ume-umetatik eta betiko. Ni baserrikoa naiz. Oraindik ere noiznahi gertatzen zait, belar hezearen edo garo iharraren edo erreka bustiaren usaina adituz gero horrek umetako garai hartara eramaten nauela eta, horrekin batera, nire izateaz haraindi eramaten nauela nolabait.

        Hamar urterekin etorri nintzen Arantzazuko barnetegira, seminariora. Arantzazurako joera handia zen gure etxean; aitak zuen, batez ere, baina denok etortzen ginen eta berez bezala sortu zitzaidan niri Arantzazuko frantziskotar fraide izateko gogoa. Hori zen niretzat izan nintekeen gauzarik handiena; gero, jakina, bizitzan zehar amets horrek erabat aldatu zitzaizkidan, fraide izateari loturiko handitasun ametsak esan nahi dut... eta gorabeherak izan ditut, noski. Gaur egun, fraide izateaz ez nago ez harro eta ez lotsa: nire bizimodua hauxe da, nire historia hauxe izan da, nire fraide izatea ez da nire 13 senideetako beste edozeinena baino ez lotsagarriago, ez txalogarriago. Hala ikusten dut.

        Ume-umetatik neure zainetan itsatsita geratu zaizkit irudi batzuk. Esaterako, Oñatz bailarako ermitako irudiak eta Azpeitiko elizako erretaula eta Arantzazuko eliza. Naturaz aparte. Arantzazuko elizako argi-ilun hori, eta berotasun hori ere bai. Iruditzen zait Jainkoa hortxe eman zaidala niri, irudi horietan, belar hezearen eta erreka bustiaren irudiekin batera. Gero etorri zitzaizkidan, noski, Jainkoarekiko ideiak, eta zalantzak, eta kritikak... nahiko modu konpultsiboan. Baina beti izan dut, hala ere, barruko pietate joera sakona. Eta oraindik ere badut, nire arrazionaltasun eta kritika joera guztiekin batera.

        Ez dut izan inoiz bizipen mistiko berezirik, eta ez zait iruditzen hori funtsezkoa denik. Beharbada behin izan nuen, ez nuke esango esperientzia mistikoa, baina bai urteetan markatu ninduen zerbait. Miarritzen, hamabost urte nituela, itsasoari begira egon nintzen luzaro, eta han sentitu nuen, itsasoaren zabalean eta itsasoaren indar horretan, zerbait zabalago eta indartsuagoaren ebidentzia. Hori izango litzateke nire bizitzan esperientzia epifaniko nagusia. Eta ez du garrantzirik, ez diot ezeren garrantzirik ematen, baina urteetan iraun zidan zirrarak, hori egia da. Eta handik gutxira joan nintzen frantziskotarren nobiziadura, Zarautzen. Garai hartan hasi zitzaizkidan, baita ere, fedeko zalantzak. Eta ez fedeko zalantzak bakarrik, baita ere nire izaerako sakoneko kordokak. Esan behar dut nire fedea beti izan dela, beti-beti ez, baina bai hamabost urtetik aurrera, nahiko fede torturatua. Eta izaera ere bai, nahiko torturatua. Torturatua zalantzengatik eta torturatua, baita ere, bereziki erru sentimenduagatik. Asko pertsegitu naute zalantzak eta erru sentimenduek. Gaur esateko moduan nago, nire barreneko joerak aldatu ez diren arren, asko baretu naizela, eta esker onez sentitzen naiz; askoz ere lasaiago bizi naiz, gustura bizi naiz, eta esango nuke nolabait sendatu ere egin naizela. Ez zalantzarik ez dudalako, baizik eta ez diedalako inolako garrantzirik ematen. Eta erru sentipenerako joera hor dago beti, baina erru sentipena ez dut gaur egun Jainkoarekin lotzen; Jainkoaren aurrez aurre ez dut erru sentipenik, nolabait esateko. Izatekotan, alderantziz: uste dut Jainkoa, ezer izatekotan, hitz lasaigarri bat dela, eskua bizkarrean jartzen didan edo eskutik hartzen nauen presentzia on bat, esaten didana: «Ez kezkatu! Segi aurrera! Ni zurekin nago!». Aitaren eta amaren besoetan sentitu behar nuke beti. Hori sinesten dut, eta bestelako Jainkoarengan ez nuke sinetsi nahi.

        Beraz, zalantzarik gabe erro-errotik naiz erlijioso: jaiotzez, historiaz, izaeraz... erlijio sentipen handikoa, eta uste dut naizen guztia erlijio bizipen horri loturik dudala. Onerako eta txarrerako, biak. Erlijioak niregan izan duen eraginean badira alderdi argiak eta ilunak, hala da, eta halaxe naiz gaur naizena. Eta ez diot ezeri uko egiten, ez diot ezeri uko egin nahi; nire alderdi ilunetatik askatu egin nahi nuke haiei uko egin gabe, baina naizena naiz eta naizenarekin nahiko gustura bizi naiz. Hor aurkitu nahi nuke «Jainko» deitzen dudan misterioa eta hor nahi nuke bizi.

        Nire fedearen historian eta baita ere nire pentsaeraren bilakaeran data bat, urte bat, urte eta erdi edo bi urte bereiztekotan bereiziko nuke 1986tik 1987ra bitartea. Urte horrek bereziki markatu ninduen. Parisen teologia ikasketak amaitu berriak nituen eta tesiarekin lanean ari nintzen. Tesian Hans Urs von Balthasar deritzan suitzar teologo ospetsua hartu nuen aztergaitzat, eta teologo horrengan, bereziki, kristautasunaren eta beste erlijioen arteko erlazioa. Tesia lantzen hasi eta laster egin nuen topo harresi handi batekin: bai intelektualki eta bai espiritualki. Eta ezin nuen gainditu horma handi hura. Urte txarra eman nuen, bai psikologikoki bai intelektualki. Baina orduan askatu zitzaidan zerbait, apurtu zitzaidan zerbait nire barruan: nire kristau ikuspegiaren zurruntasuna. Eta kristautasuna beste erlijio guztien gainetik zegoelako konbikzioa edo konbikzio premia. Hori hautsi zitzaidan, horretaz libratu nintzen, eta uste dut onerako izan zela. Kristau sentitzen nintzen, noski, goitik behera, gaur sentitzen naizen bezala, baina kristautasuna ez zen handik aurrera eta ez da gaur, ez daukat premiarik erlijio gorena, erlijio absolutua izan dadin, beste guztiak baino egiazkoagoa eta abar eta abar. Eta hor, bereziki, Nazareteko Jesusen tokia birkokatu behar izan nuen, eta lanak eman zizkidan. Nazareteko Jesus ez nuen handik aurrera gutxiago estimatu, gaur ere ez dut gutxiago estimatzen. Alderantziz iruditzen zait; baina ez derrigor Jainkoaren agerpen eta salbamen bakar eta esklusibo bezala; hala dela esateko edo sinesteko premiarik gabe. Borroka gogorra izan zen, baina barrutik zerbait askatu zitzaidan.

        Zergatik naiz gaur fededun? Noski, kristaua naiz kristau jaio nintzelako. Bestela auskalo zer izango nintzen, eta ez dago ezer izan beharrik ere. Kristaua naiz giro horretan eta kultura horretan bizi izan naizelako. Baina gaur egun nik neure fedeari ikusten dizkiodan horizonte edo oinarrietako batzuk aipatzekotan, lau arrazoi nabarmenduko nituzke bereziki.

 

        Bat. Ez-kristauak: fededuna naiz ez-kristauei esker, eta ez-kristauak badirelako, eta kristaua ez den gizarte batean bizi garelako. Erosoago sentitzen naiz askoz fededun eta kristau ez den gizarte honetan, kultura honetan, denak kristau izango liratekeen beste kultura eta gizarte batean baino. Askoz ere erosoago sentitzen naiz neure fedean kultura eta gizarte anitz honetan, ez hain aspaldiko gizarte monolitiko, euskaldun-fededun hartan baino. Ez-kristauek eragiten didate askatasun handiagoarekin neure fedea, arrisku eta guzti, zalantza eta guzti onartzera. Ez-kristauek eragiten didate fede arrazoizkoago eta sinesgarriago batean sinestera. Eta uste dut ez-kristauen presentziak, egunero-egunero, eragiten didala nire fedea grazia bezala bizi izatera besteei ezer ukatu gabe. Bakoitzak du bere grazia.

 

        Bi. Nazareteko Jesus bera da bigarren arrazoia. Egia esan, funtsezko arrazoia. Nazareteko Jesusi esker naiz edo sentitzen naiz kristau, eta kristau izatea horixe da niretzat: haren ildotik bizi izatea. Bera da niretzat motibo eta erreferentzia nagusia. Bera da niretzat gizaki betearen eredua. Eta zer da gizaki betearen eredua? Bi hitzetan bilduko nuke: on eta zoriontsua izatea. Eta nik Jesusengan gizaki on eta zoriontsuaren eredua ikusten dut. Horrekin identifikatzen naiz, hori izan nahiko nuke. Iruditzen zait halako asko izango bagina/balira, mundua oso bestelakoa izango litzatekeela. Eta beste pertsonaia handiei ez diet ezer ere kentzen. Lao Tse, Buda, Mahoma, Gandhi... edo ez-erlijiosoei ez diet ezer kentzen, baina errespeturik handiena izanez, eta miretsiz, nik neure eredua Jesusengan ikusten dut.

 

        Hiru. Gaur fedea gehien inspiratzen didana, bi gauza dira. Batetik, natura, naturari begiratzea, eta, bestetik, hitza, hitzaren hausnarra. Noski, nire fedea Jesusengan biltzen da batik bat; Jesusek irakasten dit eta biziarazten dit ontasun eta zoriontasun hori, biak batean, baina bide horretara iratzartzen nauena, bereziki, natura da, eta hitza da oro har. Bibliako hitza eta beste hainbat hitz eder eta sakon. Esango nuke, baita ere, neure barruko zauriek eta munduko zauri ikaragarriek ere eragiten didatela fededun izatera. Eragotzi ere zauriek eragozten didate fededun izatea, baina federa zabaltzen naute nire zauriek eta munduko hainbat zauri negargarrik. Zergatik? Bada, horiexek erakusten didatelako sinestekotan nola sinetsi eta nola ez. Zauriei ez ikusiarena egitea, munduko zauriei ez ikusiarena egitea eta fededun izatea ez dira bateragarri. Ez ikusiarena egitekotan, fededun izatea alferrekoa da. Eta horretarako jotzen dut hain zuzen Jesusengana: ihes egiteko joera nabarmena bada niregan, baina Jesusenganako begiradak ez dit uzten zauriei ihes egiten, berak zauri horiek sendatu nahi izan baitzituen. Hori da fedearen bidea. Zentzu horretan, esango nuke zauriei esker ere ikasten dela egunetik egunera fededun izaten; azkenean, sufrimenduaren eta zauri guztien ondo-ondoan errukizko bi begi bezala ikusi nahi nituzkeelako edo agertzen zaizkidalako, malkoetan beraietan islaturik.

 

        Lau. Zergatik kristau? Ba, barruak halaxe eskatzen didalako. Oso arrazoi subjektiboa da beharbada, baina azkenean barruak mugitzen gaitu edo mugitu behar gaitu. Gustuak ematen didalako. Bizitzaren eta errealitatearen miraria miresteko eta eskertzeko eta aurrera begira konfiantzaz bizi ahal izateko modu bat da niretzat fededun izatea, eta horrela bizi nahi nuke. Kristau izatea niretzat gaur egun gizaki guztien arteko senidetasuna da, eta maitasunezko misterio handiarenganako konfiantza eta maitasuna. Erruki unibertsala eta oinarrizko konfiantza, bi horretan laburbilduko nuke nire sinesmena.

 

        Dena dela, eta amaitzeko, esango nuke, gauzak oso bestela jartzen ari zaizkigula, aldaketa izugarriak gertatzen ari direla, eta aldaketa izugarriak gertatzen ari direla edo gertatuko direla edo gertatu behar luketela erlijioaren munduan ere. Epe laburrean eta, dudarik gabe, epe luzean. Gizakia eta gizartea inoiz baino egoera konplexuagoan bizi dira, konplexutasunak hauskor egiten gaitu gaur denok, baina baita irekiago ere. Irekitasun horretan, iruditzen zait, erlijioaren arloan izugarrizko aldaketak onartzeko eta, are, eragiteko prest egon behar dugula fededunok. Kristauon elizari asko ari zaio kostatzen horretaz jabetzea eta aldaketa horiei amore ematea, hori ere egia da, baina uste dut ezinbestekoa izango dela aldaketa horien bidea. Atzetik gabiltza, beti bezala, baina garai bateko erlijio erakundeek ez dute zutik iraungo. Hala ere, iruditzen zait izpiritualtasunak, erlijio sentipenak, fedeak zentzu zabalean... iraungo dutela, gizakiaren barruan dagoelako halako joera bat, sustraiek gizakia barrurago daramatelako. Hor amaituko nuke.

 

EDORTA JIMENEZ

        Bizi guztian egin dut gogoeta gai honen inguruan. Harrigarria da ateook zelan arduratzen garen elizaren historiaz, erlijioaren historiaz eta abar. Eta ateook diot, eta zuzendu nahi dut Euskal Hiztegia. Euskal Hiztegiak dio ateoa Jainkoan sinesten ez duena dela, Jainkoa egiazkotzat edo benetakotzat emanda; eta definizio zuzena zera litzateke, ateoa Jainkorik ez duena dela, partitiboa erabiliz. Partitiboan, ukazioan, politeismoak, monoteismoak eta teismo guztiak sartu ahal dira eta.

        Jaio, Mundakan jaio nintzen, 1953an, beraz, Joxe baino tartetxo bat beranduago. Gure ama katolikoa zen. Ez zen mezatara joatekoa. Minez, berarentzat. Bost neba-arreba ginen, ni erdikoa naiz, eta horrek ez zion tarterik ematen elizarako. Ostera, askotan heltzen ziren limosna bila Arantzazuko fraideak. Sartzen zen Arantzazuko aldizkaria, San Antonio aldizkaria uste dut zela. Eta amak baimena eskatzen zuen limosna emateko. Amak ateak beti zabalik izaten zituen. Gure etxeak ate bi zeuzkan, batek kalera ematen zuen, eta ijitoak etortzen ziren beti etxera, amari aholku eske. Eta jende pobrea. Hain zuzen ere, anaiak eta biok etxea erosi genuenean, saltzaileak esan zigun: «Atea zabaltzen dotsuet zuen ama santa izan zalako». Gure amama edo amuma, guretzat amuma, nire ustez, sinkretikoa zen. Hau da, gure amamak zaintiratua sendatzen zuen arrantzaleen artean eta, antza denez, gazterik alargundu zen. Hala ezagutu nituen arrantzaleak beti etxean. Amama hark arimen sinesmena zeukan, uste zuen senar hila leihora etortzen zitzaiola, eta benetan sinesten zuen Ogoñoko sorginetan-eta. Nik txikitatik entzun izan dut «gaua gauekoentzat» Beti argia piztuta, kandelaren bat etxean. Ezagutu dut mundu hori, magikoa. Baina gure amuma ez zen mezatara joaten. Hor konturatu nintzen emakumeak arrosariora joaten zirela behin alargundu ostean. Zeren gizonaren afariaren ordua eta arrosarioaren ordua ordu berean izaten ziren. Gure amuma alargundu zenean ere ez zen joaten, baina emakumeak Mundakan ordu horretan gizonari afaria ematen egoten ziren, bestela alargunak arrosarioan. Gure aita errepublikanoa izan zen, anarkista. Presoa. Gernikara ekarria, Gernika berreraikitzera, eta gero trenera. Jatorriz Jaengoa zen, Villargordo udalerrikoa. Eta uste dut ateoa zela, Jainkorik ez zuela. Ni giro horretan sortu nintzen.

        Mojen haur etxea zegoen Mundakan, dirudunentzat ordainduta ate bat zeukana ezkerretara, eta diru bakoontzat beste ate bat, eta hor hasi nintzen ikasten. Gehienbat dotrina eta kantuak erakusten zizkiguten. Gero sei-zazpi urterekin aldatu ninduten eskola publikora. Eskolarekin aldi berean katekesira joaten hasi ginen. Katekesia erdalduna zen, ez dut ezer kritikatzen, baina hala zen. Guretzat mundu harrigarria zen, ze «acto de contricción» ez genuen ulertzen, nik ez nuen ulertzen «honrarás» hitza, nire gaztelaniaren barruan ez zegoelako. Nire lehenengo hizkuntza euskara izan zen, gero galtzen joan nintzen eta geroago berreskuratu nuen, baina gure etxean bietan egiten zen. Beraz, lau bat urterekin hasi nintzen gaztelera ganoraz ikasten, eta harrigarria egiten zitzaidan dotrina. Uste dut beti izan dudala jakingura, eta beraz, gogoz ekiten nion dotrinari ere, hainbat arinen amaitzeko katiximaren liburua, buruz ikasi behar izaten baitzen. Eta hurrengo gradura ere egiteko.

        Abade batek amarekin nindoala proposamena egin zion amari ea nahi ote nuen monagillo joan, eta amak gogo onez esan zion baietz. Izango nituen bederatzi urte, zortzi, ez dakit. Emakume batek, Carmen izeneko emakume xelebre batek, hiru egunean latinez mezari erantzuten irakatsi zidan. Goitik behera. Memoria prodigiosoa, miragarria, geneukan txikitan —orain ez hainbestekoa—, uste dut, denok. Eta gogo handiz ikasi nuen latin guzti hori. Egon nintzen monagillo eta, bai, fenomeno miragarriak bizi izan nituen monagillo nintzela. Batez ere, argitasuna elizako beirateetatik sartzen, eta hautsa zena gora igotzen... Nik ez nekien hautsa zenik. Sorgin-haizeak, eta irudiak, eta intsentsua, eta organoa... eta polifonia hori, trantze mistiko moduko hori. Emakume batzuk, eta gizonen bat ere bai, zorabiatu egiten ziren eliza barruan, tenpluan. Beste bizipen bat izan zen zer zeremonia luzea egin zuten apaiz batzuk apaiztu zituztenean. Orduetan eta orduetan egon ginen zeremonia luze hartan. Eta halakoa zen gure txikitako mundua. Eskolan ikasi genuen «Historia de España» eta «Religión»; «Historia sagrada»: narrazioak dira. Historia kanonikoa narrazioa da, eta historia sakratua delakoa ere narrazioa da. Munduari buruzko narrazioak. Narrazio laburtuak eta egokituak. Beraz, guk kantatu egiten genuen «Cara al sol», «Oriamendi» eta noski «Oriamendi» zera da: «Por dios, por la patria y el rey lucharon nuestros padres; por dios, por la patria y el rey lucharemos nosotros también». Maiatzean Ama Birjinaren kantuak kantatzen genituen eskolan 16:30etan. Polita izaten zen. Inbidiaz begiratzen genuen zelan aberatsek bazeuzkaten kalak eta halako loreak.

        Hamaika urterekin beka eman zioten nire pertsonari: PIO delakoa, Principio de Igualdad de Oportunidades, eta egokitu zitzaidan salesiarretara joatea interno, Deustura. Han egin nituen zazpi urte. Irakasleetako batzuk abadeak ziren, apaiztuak, eta beste irakasle batzuk, zibilak. Nahiz dela salesiano ikasten zihardutenak, nahiz dela kanpotik kontratatuak. Betiere, kanpotik kontratatuak bertan ikasitakoak izaten ziren. Hor hasi nintzen ariketa espiritualak entzuten, tamalez. Liburuko hiru erlijioak Genesiaren mitoan oinarritzen dira, eta mito hori gizakiarentzat krudela da, oso ankerra. Errua ezartzen duelako eta erruaren ondoriozko kondenazioa. Eta, esaten zigutenez, gure gurasoak ere kondena zitezkeen, eta nik aitagatik izugarri sufritzen nuen garai horretan. Pentsatzen nuen aita infernura joango zela. Gero jakin-mina hain zen handia eta lekua irakurtzeko hain egokia... han derrigorrezkoa zen kirola egitea, San Juan Boskok esaten omen zuelako «egon-egonean... (Hau esaten entzun nion Bitoriano Gandiagari hemen bertan: 'egon-egonean egon') egon-egonean dagoenari deabruak errazago heltzen dio», eta beti behar genuen jardunean, eta gorputza nekatu... eta nik ez nuen kirolik apenas egiten. Bai, ostera, irakurri. Eta gainera salesiarrek eurek argitaratzen zituzten liburuxkak eta aldizkariak irakurtzen nituen. Geroxeago hasi nintzen liburutegian irakurtzen testua eta irudiak zeuzkaten liburu haiek, Brugueraren liburuak. Mundua miragarria zen. Eta orduan literalki ilunetan irakurtzen nuen. Argirik gabe ere gai nintzen, gauean ere argi izpi bat bazegoen. Izarapean linternarekin irakurtzen nuen, ze gauean argia amatatu egiten zuten. Barnetegia zurruna zen, garaiko pentsaera... Geroago poema bat idatzi nuen: «Zaintza zorrotzeko instituzioetan ostegunetan paella jaten da» Ze gero soldadutzara joan nintzen eta ostegunetan han ere paella jaten zen. Dena dela, gure ama pozik zegoen ni han ikasten nengoelako, baita aita ere. Eta hor jakingura horrekin hasi nintzen irakurtzen. Oso goiz maitemindu nintzen lehenengoz, eta hor etorri ziren hormonak. Hormonak eta irakurketa: a zer koktela. Eta, batez ere, elektrizitatearen misterioa. Oso giro egokia zen unibertsoaren ikuskeraz eztabaidatzeko, bai erlijio katolikoaren ikuspegitik eta bai teknologiaren ikuspegitik.

        Jóvenes aldizkarian, salesiarrek eurek argitaratzen zituzten munduko haizeek ekarritako gauzak, beti euren modura kontatuak, ze orduan dagoeneko munduan haize berriak zebiltzan, aspaldi sortua zen psikoanalisia... Espainian zaila zen psikoanalisia irakurtzea, debekaturik zegoen, nahiz eta Hego Amerikan argitaratuta egon. Ni hor hasi nintzen La interpretación de los sueños irakurtzen; bazetorren eboluzionismoaren teoria ere, zaharra zena baina debekatuta zegoena, baita ere. Zaila zen Darwin irakurtzea, zer esanik ez pentsamendu soziala: anarkismoa, marxismoa... aldaera guztiekin debekatuta zegoen, baina, hala ere, hala edo nola sartzen zen. Che Guevara, esaterako, agertzen zen Jóvenes aldizkarian. Orduan, nik uste, bide guztiok gurutzatuta, nik beti egiten nituen galderak, eta galderontzat erantzunak bilatzen nituen.

        Galdera bi dira nagusiak nire bizitzan orduan: bat, Zergatik nago maitemindurik? Zergatik sentitzen dut hau? Eta abadeak diost bekatua dela, eta eragozteko eta menderatzeko. Hori da bat. Eta bestea funtsezko galdera bat da. Abiapuntua hurrengoa da: liburu sakratua duten hiru erlijioak funtsean bat eta bera direla, hau da, islama, judaismoa eta kristautasun gauza bera direla. Denek Sorrerako mito berbera.daukate. Beraz, Sorrerako hori mitoa baldin bada —Adan eta Evaren mito hori—, eta elizak ordurako ja planteatzen zuen moduan Biblian kontatzen dena alegiazkoa baldin bada, onar dezagun eboluzioaren ebidentzia eta bilakaerarena eta plantea dezagun noiz bihurtzen den primatea gizaki. Horrek hurrengoa planteatzen du (noski, hau guztia 16 urterekin, eh): emanik mito fundatzaile-sortzaile horretan Jainkoak buztinari bere hatsa ematen diola eta hori dela arima, eboluzioaren historian, sinbolikoki, Jainkoak zein momentutan ematen dion zehazki hats hori gizakiari eta, beraz, noiz sortzen den arima. Jakina, apaizek ez zeukaten erantzunik.

        Elizaren, instituzioaren ahalegina zen aurrea hartzea mundutik modu eragotzi ezinean zetorren haizeari. Eta teoriak zabaltzen ziren modu didaktikoan, horri aurre egiteko. Nik psikoanalisia deskubritu nuen, eta horretarako ez zeukaten erantzunik. Halako batean, Medikuntzako Nobel Saria Jacques Monod biologo frantsesari eman zioten 1965ean. El azar y la necesidad (Le hasard et la nécessité) izeneko saioa idatzi zuen gero, eta nik saioa irakurri nuen gako bat askatu behar nuelako: hauts kosmikoa, hau da, aktibitate materiala, noiz bilakatzen den aktibitate biologiko, noiz bihurtzen den bizitza. Ze, hori ere argitu behar zen: eboluzioaren teoria eta kosmosaren izaera edo unibertsoaren izaera lotu behar ziren kate kontsekuente eta ulergarri batean, eta Monod-ek egin zuen hori. Nik jakingura handia neukan eta aprobetxatzen nuen estudioetan gu hirugarren mailan geundenean bosgarren mailan zeudenen liburuak irakurtzeko. 16 urterekin 18 urtekoei zegozkien liburuak irakurtzen nituen.

        Orduan, guztiz harrapatuta zurrunbilo honetan, gertaera bi izan ziren inportanteak. Nik sinetsi nahi nuen, eta hori da funtsezkoa egin duzun azalpenean: sinetsi nahi duenak sinetsi egiten du, sinesteari eustea bilatzen du. Nik ere esaten nuen: sinetsi egin nahi dut, ziren bestela mundua hutsik geratuko baita Jainkorik gabe. Eta behin lagunekin Bermeora nindoala, neskatan, jakina, Aste Santu batez uste dut izan zela, Lamiaranpunta izeneko lekuan erabaki nuen: Jainkorik ez dago, hau dena ipuina da. Eta beste gertaera erabakigarria, kasu honetan elizaz, instituzioaz, erakundeaz —ze gauza bat da Jainkoa/Jainkoak/Jainkorik... eta beste bat da erakundea bera eta erakundearen historia—; halako batean —nik ordurako bost ariketa espiritual eginak nituen, derrigorrez—, salesiarrek esan zuten: «Lagunok, guk ez dugu inor behartzen. Baldin badago ariketa espiritualik egin nahi ez duen norbait, altxa dezala eskua». Eta nik eskua altxatu nuen. Eta apaizek esan zuten: «Hara, zer zabalik hartu ditugun: ez duzue ariketa espiritualik egin nahi? Bada, estudiora!»: Handik ordu erdira etorri ziren: «Etxera!»; hala da ze, asteazken batez etxean agertu nintzen, eta amari esplikatu zergatik nengoen etxean, eta azaldu behar izan nion niri elizak, eta ariketa espiritualek eta horiek guztiek bost axola zidatela, eta hori oso gogorra izan zen. Oso gogorra.

        Soldadutzara eraman ninduten eta han apaiz batek egundoko diskurtsoa egin zigun. Nik eskua altxatu nuen eta esan nion: «Esan ahal diguzu noizdanik duen gizakiak arima eboluzioaren historian? Ipinidazu marra hori hor». Eta hor amaitu zen kabo izateko hasia neukan karrera. Nire neska-laguna haurdun geratu zen Franco hil eta urtebete geroago, eta pentsatu genuen ezkontzea zibilez, eta joan ginen Gernikako epaitegira biok eta halaxe esan genion epailearen idazkariari, eta idazkariak esan zigun herriko parrokoaren oniritzia behar genuela. Eta joan ginen herriko parrokoaren oniritziaren bila, eta gizona zen nor-eta ni monagillo izan ninduena. Azkenean esan zidan ezetz, uste zuen nik amore emango nuela. Apezpikuarengana joan nintzen Bilbora arrebarekin, apezpikuak dei egin zion parrokoari, eta Mundakako lehen apostata naizela uste dut: ni ez nago Elizaren zerrendan honezkero. Hau auzi inportantea da, bataioarena. Umeak egiten dira bataiatu, eta beste batzuei zirkuntzisioa egiten diete, edo ablazioa... Hau da, gaur egungo ikuspuntuetatik ez dakit zilegi den, giza eskubideen arabera, inor umetan bataiatzea. Badakit honetan ere hainbat iritzi izan direla kristautasunaren historian, eta iritzi-talka bakoitzak odola ekarri du. Zeren, begiratzen duzu kristautasunaren historian eta fede-koska bakoitzaren atzean milaka hildako dago. Ez dut uste hildako horiek erlijio auziengatik direnik. Erlijio auziek, Europan behintzat, mozorrotu egin izan dituzte arazo politikoak, naziotasunena, esate baterako.

        Harritzen naiz, amaitzeko, nik zelan egin izan dudan beti ahalegina unibertsoaren irudi bat osatzeko, irakurriz teologia, filosofia, psikologia, soziologia, elizaren historia, erlijio ezberdinak, antropologia... saiatu naiz denetarik irakurtzen. Ostera, ezagutzen ditudan kristauak katixima basiko edo funtsezko batekin konformatzen dira. Ez dute zalantzarik nahi. Eta, bide batez, gizarte hau uste dugun baino kristauagoa da. Gezurra dirudi: Espainiako patroiak dira Santiago, San Fernando eta La Virgen de Loreto, uste dut. Santiago da egun nagusia, Erregeak bere kargua Jainkoaren izenean sinatzen du; auzitegi askotan eta parlamentuan gurutzea dago; gure jai egitaraua kristautasunaren arabera antolatuta dago; Bilboko alkatea Begoñara joaten da mezatara, eta joan behar luke pertsonalki, eta ez alkatea den aldetik; kristautasuna sartuta dago kode penalean... Eta ez dela gizarte hau kristaua? Bada! Errotik. Oraindik EAJ... pentsa, jeltzale: Jainkoa eta lege zaharra. Horregatik, fosila garbitu egin behar da. Partidu Popularra demokrazia kristauaren barruan dago; COPE... gogora ekartzen du 36ko giroa, apezpikuen irratia hor dago; Vocento... berak ez du esaten, baina nabaritu egiten da! Monarkia zalea, Espainiaren batasunaren zalea eta kristaua, noski! Eta horregatik harrigarria da esaten didazuna, gizartea ez dela kristaua... Funtsean, hori da elizak esaten duena: gizarte hau ateoa da. Eta de facto, nire ustez, jendearen portaera magikoa da: bizi dira eta jarduten dute Jainkorik gabe eta gero, tarteka, Jainkoa ateratzen dute paseatzera. Eta bikoiztasun eskizofreniko hori, uste dut katolikotasunean bertan oso ondo sustraiturik dagoela, oso sakon. Gizarte hau materialista da baina aldarrikapen bat egin behar genuke denok, ateook eta kristau zintzoek, esateko: «Lagunok, ez erabili Jainkoa —guk ateook dioguna— jendea adoktrinatzeko modu horretan» eta uste dut katolikoek esan behar luketela: «Politikariok-eta, utzi baketan Jainkoa!'». Eta hau da nire iritzia.