Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Birika zatiak

Xabi Borda

poesia

Susa, 2004

 

NEGU LUZEA

 

Bost urtaro iraun zituen neguak

elur beltzez estali zitzaizkigun teilatu eroriak

 

enarak zurrunduta jausten ziren habietatik

haurrek elkarri jaurtitzeko lumazko harriak

 

behiek ur gardena baino ez zuten ematen

labetik ateratako izozkiak jaten genituen

 

egur hezeez irazeki genuen suari

txinpartak falta zitzaizkion beroa izateko

 

ontziak ez ziren portura arrimatzen

aingurak harkaizpean trabatuak

 

haizeak zakar eramaten zituen

aurpegia berotzen hasi aurretik

masailetan irristatzen zitzaizkigun malkoak

 

eta ilargia betirako abandonatu gintuen ama