Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gulliverren lokarriak

Xabi Borda

poesia

Elkar, 2009

 

BISONTEAK HORMETAN

 

tantak lodi biltzen zirenean sabaian

kobazulo itxura hartzen zuen amonaren sukaldeak

denborak banaka jausiaraziko zituela uste izaten nuen

estalagmitak sortuko zirela hantxe bertan

familia osoa bazkaltzera biltzen ginen mahaiaren ondoan

 

nire burmuin gatzatu gabeak argitu ezin zuen

sakoneko misterio bat bazuen:

zerk izutzen zituen horma haiek

zer larritasun klasek jartzen zuen izerditan

jaio aurreko nire urratsak gordetzen zituen etxea

 

egun fisika domestikoaren azalpen errazetara

errenditzen naiz:

baxera behetik gora lehortzen zen

azuleju bat gero beste bat

mailaz maila egiten zuen gora hezetasunak

 

egun hormetan margotuta bisonterik ez

egun uharte urrunen itzalak

egun lurrari jositako pertsona bat ikusten dut

sabaitik datozen tantei itzuri ezinda