Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Azpeitia historian zehar

Imanol Elias

historia

Azpeitiko Udala, 1997

 

ELURRA ETA IZOZTEGIAK

 

        Elur-ura benetan gogozkoa zen garai batetan, jairik haundienetan pretsonai berezienei eskaintzen zitzaien edaria. Bera izateak herri baten, aberastasuna agertzen zuen maila batetan behintzat eta horrela izateko oinarri bereziak betetzen ziren. Pentsa besterik ez dago zer nolako lanak egin beharko ziren neguan elurra jaso eta udaran beraren ura eskaintzeko.

        Gauzak horrela, garbi da elur asko jasotzeko era zuen herriak bedeinkapen bat zuela eta gogor saiatuko ziren agintari eta herritarrek aberastasun hori lortzen, besteen aurrean maila bat nagusiagoa agertzeko ondoren.

        Elur zuloak edo izoztegiak prestatu behar izaten zituzten herriek bere garaian elurra jasotzeko, eta Azpeitiko herria ere langintza horretan saiatuko zen urteetan zehar, bertaratzen zirenei ez ezik gaixoentzat ere egokia izan ohi zen elur-ura lortzeko.

        Azpeitiar agintariek 1661eko ekainaren 24an eginiko batzarrean ematen zaigu ezagutzera zer nolako garrantzia zuen elurraren horniketak eta neurriak hartzea beharrezkoa egiten zela unean izoztegia zeukan Inazio Odriozola jaunarekin. Deitu egingo zioten batzarrera eta konponketa batetara iritsiko ziren, bera arduratuz biztanleentzat elurra inguratzeko bederatzi urtetan zehar, inoiz hutsunerik egin gabe, ondorengo urteko maiatzaren lehen egunean hasirik. Herriaren harresiaren barruan saldu beharko zuen elurra edo izotza, maiatzaren lehen egunetik Santu Guztien eguna bitartean, lau maraitan libra bakoitza, baldin behintzat nahiko elurra egiten bazuen Odriozola jaunak zeukan izoztegian sartzeko.

        Bazuen ordea elurra Inazio Odriozolak unean, eta agintarien eskaera erantzunez, San Inazio bezpera bitartean lau marairen libra saltzera prestatuko zen eta handik aurrera berriz sei marairean, dena bukatu bitartean, baina herritik kanpo.

        Larrialdian izango zen azken urtean ordea, hau da, 1666ean, elurrik gabe geldituko zenez Odriozola jauna, eta horrela jakinarazi zion Udalari irailaren 24ean

 

        ... dice que casual e inopinadamente, se le ha consumido la nieve en el tiempo que estaba creyendo sobraría mucha cantidad, y con deseo y cuidado de que no tenga falta de ella, está haciendo las diligencias posibles para que los dueños de otros lugares le repartan la cantidad que pudiesen...

 

        Adieraziko zuen, salketak egiten agindutako denbora baino lehen hasi zela eta ondorengo urtean kontu gehiago izango zuela, Udalak agintzen zioela beste nonbaitetik ekarri beharko zuela bere eginkizuna betetzeko, prezioa altxatuz besterik ez bazen.

        Agindu horrek berak agertzen du nolabait elurraren onarpena biztanleen aldetik, eta zer nolako garrantzia zuen gainera, beharrezkoa bihurtzen zela.

        Egun batzuetara, irailaren 29ean emango zuen Odriozola jaunak gertatutakoaren berri, bere errugabetasuna azaldu nahirik. Bi bider bete zuen dirudienez izoztegia, baina eguraldi txarrak izanik eta elurra bera ere nahiko kaskarra, urtu egin zitzaiola zion, egun hortarako bakarrik gelditzen zela adieraziz. Ahalegin guztiak egin zituen nonbait inguruko herrietan, baina ezinezkoa suertatu zitzaion elurra lortzea. Agintariek, prezioa altxatzea erabakiko zuten, eta Odriozola jaunari gestioak egiteko eskatzea:

 

        ... que provea a dos cuartos la libra y que haga diligencias de buscar y hacer provisión.

 

        Inazio Odriozolak berak jarraituko zuen ondorengo urteetan elurraren horniketa egiten eta 1671n ere beste lau urtetarako tratua egingo zuen Udalarekin 1762tik aurrera egiteko, baina oraingoan, martxoaren lehen egunetik azaroaren azkenera bitartean saldu beharko zuen.

        Denboraldi luzeagorako hartzen zuenez, haunditu egingo zen Odriozola jaunak zuen izoztegia, 400 erreal emanaz Udalak laguntza bezala lan hori egiteko.

        Epea amaitzear zela, berriro ere Odriozola jaunarekin berarekin egingo zuen konponketa Udalak 1675eko uztailaren 12ean, bederatzi urtetarako, hasiera emanaz ondorengo urteko martxoaren lehen egunez eta lau marai kobratuz libra bakoitza. Oraingoan ordea, abenduan, urtarrilean eta otsailean ere eman beharko zuen elurra, izoztegian baldin bazen behintzat.

        Elurrik ez zuen egingo 1675eko neguan eta elur gutxirekin aurkituko zen Odriozola jauna ondorengo urteko martxoan, herriko agintariek baimena ematen ziotela zerbait garestiago saltzeko zuen apurra

 

        ... pueda vender y venda a dos cuartos cada libra, y a tres cuartos en los quince días de las ferias de San Ignacio, y este permiso se le concede no nevando en la jurisdicción de la villa, que si nevare en ella no pueda vender a más de a cuarto la libra y a seis maravedís durante dichas ferias de San Ignacio, conforme se obligó...

 

        Elurrik ez egitean herrian, 1676ean Aitzgorritik ekartzen saiatuko zen Inazio Odriozola, eta uztailaren 27ean esaten den bezala, bertara emanik zuen sokamuturrean erabiltzen zen soka haundia, Udalak agintzen zioela berehala bihurtzeko edo bestela beraren balioa ordaintzeko. Egun horretan erabakiko zuten baita agintariek, Odriozola jaunari albistea ematea, herria elurrik gabe gelditzen zen egun bakoitzeko mila maraiko isuna ezarriko zitzaiola.

        Ezinezkoa egingo zitzaion erantzun egokia ematea eta hilabete bat geroago Bernardino Azpillaga ere agertzen da hornitzaile bezala, isun berdina ezarriko zitzaiola erabakiz agintariek. Baina urte bereko azaroan, 2.000 maraiko isuna ezarriko zioten berari. Inazio Odriozola jaunarekin eginiko tratua ezergabean utziko zuen gertakizun bat suertatuko zen 1678ean, eta alkatea izango zen beraren berri emango zuena uztailaren 30ean.

        Tolosar Juan Ariznabarreta txistularia etorriko zen Azpeitira San Inazio bezpera horretan agintariek deiturik, bertako jaiak alaitzeko asmoz, baina bertan musikari gelditzeko gogoa agertzen zuela, baldin herriak berari ematen bazion elurraren horniketa eta Odriozolak zituen bi izoztegiak. Berak urtean 1.400 erreal emango zituen, eta herriak 800 erreal berari soldata bezala urtean. Harriko lau tabernetako bat eskatzen zuen baita ardoa saltzeko, aginduz, San Inazio jaietarako eta berak ordainduz, bigarren txistulari bat ekarriko zuela urtero.

        Batzarrean ziren herritar bereziek gogoan izan zuten unean, zenbat kostatzen zen txistulari bat herriratzea Gorputz eta San Inazio egunetan, eta berehala deitu zieten Odriozola eta Ariznabarreta jaunari, elkarrekin hitz egin zezaten gaiari buruz. Konponketa batetara iritsiko ziren biak, Odriozola etxearen inguruan zituen bi izoztegiak utzirik lehenenak eta 1.400 erreal ordaintzera derrigortuz bigarrena. Sei urtetarako tratua egingo zuten horrela, hasiera ematen zioela 1679ko martxoaren lehen egunez Ariznabarretak, aurrez Odriozolak zuen hornitze lanari.

        Udalak bestalde 800 erreal urtean ordaintzea erabakiko zuen txistulariari eta herrian ziren lau tabernetako bat ematea ardoa saldu zezan. Baldintza bezala jarriko zioten bestalde, nahiko elur egiten ez bazuen herriko lurraldeetan, 1.400 erreal ordaindu beharrik ez zuela izango Inazio Odriozola jaunari, baina bai bere erruz izoztegiak behar bezala bete gabe uzten bazituen.

        Berehala izango zituen kexak Ariznabarreta jaunak, Odriozolaren izoztegiak konponkera beharrean zirela adieraziz eta berak ez zuela egiterik nahi. Udalak aginduko zion ordea berehala konponketak egiteko 1681eko urriaren 24ean.

        Eskaintza berezia egingo zuen Tomas Leiarizti jaunak 1684ean, beraren berri ematen zela urtarrilaren 9ean. Elurraren horniketa egitea eskaintzen zuen ondorengo urtetik aurrera, hiru maraitan salduz libra bakoitza, bederatzi urtetan zehar, baina herriarentzat egokia izan zitekeen izoztegi berri bat egingo zuela adieraziz, bederatzi urteak igarotzean herriarentzat utziko zuenez. Eskaintza horren truk, beharko zuen egurra eskatuko zuen.

        [...]