Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Azpeitiko zezen-plaza 1903-2003: zezenketen eta herri kirolen historiaren 100 urte

Imanol Elias

historia

Azpeitiko Udala, 2003

 

AHARI JOKOA

 

Zaletasuna galtzen

        Ahari apustuak ikustera geroz jende gutxiago ibiltzen dela orain esan dugu, eta herri-kirol zahar hau galtzear dagoela. Baina zer egingo duzu? Garaian garaikoak agintzen du hemen, eta horri heldu beharko zaio, ezinbestean. Ez zuten, noski, horixe pentsatuko garai batean plaza itxietan halako ikusleria biltzen zela ikusi eta orduko aldaketak ezagutu zituztenek.

        Ikusi dugunez, hogeigarren mendearen hasieran moda-modan egon ziren ahari-apustuak Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan etab. Ez dezazula pentsatu ordea ahari-jokoak Euskal Herrian bakarrik egin izan direnik. Aspaldiko ohitura zen artaldean zebiltzan ahariak elkar joka ipini eta baten edo bestearen alde jokatzea artzantza izan den lurraldeetan, hemengo apustuek beste nortasun bat izan badute ere. Albiste bila hasita, hamaikatxo lekuko bada han-hor-hemen. Adibidez, 1912ko otsailaren 20an, hiru mila lagun bildu omen ziren Tolosako zezen plazan Astigarreta eta Altzoko ahari famatuen arteko apustua ikusteko. Aurten ehun urte betetzen dituen Azpeitiko zezen plazan ere berebiziko apustuak egin dira, urteetan zehar. Baita jendetza galanta bildu ere askotan. Herriko zaindari jaietako programaren atal eder bat ahari jokoek osatzen zuten urtero, arestian ikusi dugunez. Eta zezenak ikustera adinaxe jende biltzen omen zen, gainera. Ikusi egin behar zen hura!

        Nafarroako herri askotan ere horrela gertatzen zen, itxura denez. Nikolas Ormaetxea Orixe handiak bere Euskaldunak poeman, ahari talkak zabalki aipatu zitiuen, bere jaioterrian eta inguruko herri batzuetan ikusitako giroa bakarrik deskribatu bazuen ere:

 

                Lehen egunean ez da beste ekuskarririk:

                gazteak, goiz eta atsalde, dantzan atertu barik.

                Bihar atso eta agure dantzara zalurik,

                gazte-egunak pozkiro oroi tutelarik.

 

                Bihamona da. Apustu eginak behinik behin

                zintzo joka daitez eta besten bat haiekin.

                Ahari talka eta zanka nola dan hitz egin

                Salditsekin Ezkurrak, Uitzik Leitzakin.

 

                Zelaia betez dator Leitzar arranditsu:

                ahari ilemotza dakar, beltz nabarra musu.

                Leitzalarreren aspaldian ez du

                mihi ikara ager-gorde eta bi begiak su.

 

Apustu-ahariaren prestaketa

        Nola prestatu behar da apusturako dagoen aharia? Bati galdetu eta bestea zirikatu, hor ibili gara zerbait jakin nahirik. Eta aharizale bakoitzak bere teoria bereziak dituela ohartu gara. Eta, esanak esan, apusturako dagoen ahariak kontu handiko prestaketa eskatzen du. Ez dago arau eta lege jakinik, eta aharizain bakoitzak bere-bereak dituen legeak isilik gordetzen ditu, gehienetan. Eta nekez aitortuko dizu egia osoa. Antzinako aharizaleek ere horrelaxe egiten zuten, bistan denez:

 

                Aza salda nahikoa izan duzue!

                Etxean ez eta zuek etorri al zerate?

                Hortatik nahi duzuten guzia har zazute,

                eta gainerako pesta utzi gure mende.

 

                Aharia beldur al da honera azaltzeko?

                Hemengo larre piñez al huan aseko?

                Gureak alea gainez, ardantzopa nahiko...

                Denak beharko ditik gaur irabazteko.

 

                Uitzin ere ba duk artoa eta gatza...

                Zeinek jango ote dik gaur lotsaren larratza?

                Kristauek jate ezue artatxarra eta aza...

                Ahariek, zuen gisa, ilea aski latza.

 

        Urrestillako Juan Aranaga Auntxak esan ohi zuenez, jokorako zegoen ahariak, aizkolari edo kargajasotzaile batek adinakoxe kontua eta prestaketa behar du izan. Eta janari berezia ematen zion hark: baba beltza egunean bi edo hiru aldiz, ardo beltz pixka bat, ardo-zopak eta arrautza batzuk azukrearekin ondo nahastuta. Bestalde, apustu ahariaren eguneroko lanak arreta eta begirunerik handienez egingo zituen. Goizean jeiki eta lehenengo bisita ahariari egingo zion, goizeroko diosala egin eta lo lasai egin eta txukun zegoen begiratzeko. Bizkarrean igurtzi batzuk emango zizkion, gozo-gozo hitz eginez. Baita eskua bete belar eman ere.

        Beste askok, Auntxak bezelaxe, egunean bi-hiru aldiz baba beltza ematen zioten ahariari. Litroerdi bat ardo beltz, eta besakada bat edo bi belar berde, ahariak preskagarria ona zuela-eta. Eta ukuiluan edo estalpean, zoru lehor eta gogorrean edukiko zuten, hezetasunak hankak egosi eta minberatzen dizkiela-eta abereei. Horrez gainera, berriz, lau-bost kilometroko ibilaldiak egiten zituzten lehen, bi egunez behin edo horrela. Baina aharia gehiegi nekarazi gabe ibili ere, apustu egunean plazara ondo zailduta baina sasoiko joan zedin. Inoiz edo behin, mende samarrean hartuko zuen ahari sparring bat botatzea ere ona zela esaten zuten, kolpe batzuk eman eta joka egiteko konfidantza har zezan. Baina burua eta adarrondoak minberatu gabe beti ere.

 

Gaur egun

        Gaur eguneko apustu aharien prestaketa legeak zerbait aldatu dira, noski. Bana lehenago bezalaxe orain ere, aharizale bakoitzak bere lege isilak eta arauak izaten ditu. Baina oraingo aharizale batzuekin hitz egin dugu, eta bateratsu datozela ohartu gara, esaten dutenez behintzat. Ahariaren janariari dagokionez, baba beltza, oloa eta pentsua ematen diote orain ere. Lehen ez zioten ematen, baina orain ura ere ematen diote ahariari. Ardorik ez ordea. Ondo jaten duen ahariak egarria izaten duela-eta, kutxiloarekin puska-puska egindako sagarra, tomatea eta azenarioa ematen diote sarri, gustora jaten baitu. Eta aldian behin baita zahi larri pixka bat ere, ondo libratu dedin. Inoiz ez diote ogirik ematen, ez ardorik, ardo-zoparik eta horrelakorik. Janari eta edari beroak eta indar gutxikoak omen dira horiek ahariarentzat.

        Beste aldaketarik ere egin dute guk ezagutu ditugun aharizale horiek. Denetan handiena hauxe, agian: egunean bitan bakarrik ematen diote orain jaten abereari, ez hirutan edo lautan, lehenago bezala. «Bai, bai. Alperkeriz egiten dute hori!», esan omen zuen norbaitek, hori jakin zuenean. Baina laster hasi zen bera ere, besteen antzera, egunean bitan ematen. Beste aldakuntza askoren artean, baita beste hau ere: entrenamendu asko egitea kaltegarri omen du gainerakoan ondo zainduta dagoen abereak. Eta inola ere ez diote uzten joka egiten, plazara joan arte. Mendeko sparring edo aharia bota eta horrelako entrenamenduak arriskutsuak direla diote. Joka egiteko konfiantza har dezake, bai, baina burua eta adarrondoak mintzeko arrisku galanta dauka horrela entrenatzen den ahariak. Eta sparring edo mendeko aberea harrotzea ere gerta daiteke askotan, eta jokorako dagoenari etsiarazi diezaioke, joko eguna baino lehen.

        Ibiltzea ona du animaliak, baina ez lehen bezala mendibideetan korrika. Kate luze samarrarekin lotu eta ukuiluan bertan nahikoa mugitzen omen da sasoiko dagoen aharia. Eta horrez gainera, gimnasio bereziak antolatu ditu animaliak entrenatzeko, guk ezagutu dugun zenbait aharizalek. Autoaren motore indarrez ibiltzen diren zinta mugikor berezi edo ibilgailuak prestatu dituzte, hain zuzen. Eta aberea zintaren gainean jarri eta, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa hantxe ibiltzen da, mendibide edo bidezidor txarretan ibilita baino hobeto zailduz. Inoiz ahaztu behar ez den legea hauxe da jokorako, bestalde: gehiegi nekatu den ahariak ez du bererik ematen plazan.

        Azkenik, ondo egurastutako ukuilu edo estalpean, zurezko zoru garbian edukitzen dira ahariak, egiten duen simaurra sarri-sarri kendu eta txukun-txukun zainduz. Laburki esanda, gaur eguneko aharizale askoren arau eta legeak hauexek dira, gutxi gorabehera. Bestela saiatzen direnak ere izango dira, seguru.