Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Aprendamos nuestra historia

Ildefontso Gurrutxaga

historia

Saturraran, 2002

 

NAPARROKO ERREINOAREN BUKAERAN IXTORI BAT

 

        Buenos Airesen agertu da P. Boissonnaderen La conquista de Nabarra liburua, Ekin liburugileak aterata. Benetan lan ederra. Bertan ederki ikusten degu Fernando Katolikuak euzko erreinoa iruntsitzeko nolako lanak ibili zitun, eta legezko errege naparrak egin behar izan zituzten gauzak bere koroiari eutsi nahian. Eusko Estadu berria sortu nahian gabiltzanok, erakuspen asko atera genezake Naparroako Estadu zaharra nola galdu zan jakinda. Baina bildur naiz irakurle gehiegi izango ez ote ditun, gure artean asko irakurri gabeko gehitxogi dabil bere burua jakintsutzat daukatenak eta.

 

 

EUSKALERRIA NOLA DAGO

 

        Hemendik Euskel Herrira ibilaldi bat egitera joaten diranari, hona itzultzerakoan galdetzen diegu nola aurkitu duten Euskel Herria. Hontan, beste gai askotan bezela «zenbat buru hanbat aburu» gertatzen da. Batzuek iritzi iluntia dakarte, besteek argiagoa; eukerea galtzen ari dala, euskerea pinten dihoala; langileen artean gose haundia dagola; jendea alai bizi dala eta parranda gogoakin, eta jedeak ez daukala lehengo poza. Eta abar eta abar. Batek esan zidan baserritar danek gabardina jazten zutela; beste baten iritziz itsasoan arraia oso gutxituta zegon, eta mendietan arbola guztiak moztuak zeuden. Orain aditu det harrigarriena: Euskel Herria gizon txikiz «inbadituta» zegola, «koreanoak» deitzen dizkatenak. Horixe behar gendun; gure herriak kanpotarrez bete, ta berak kaxkarrak.

 

 

BAROJA HIL DA

 

        Juan dan hilearen azkenean hil da nobelagile izen haundiko hau. Asko idatzi zuan, baina orain ardura zaigu bere euskelduntasuna aztertzea. Ezin genezake ukatu honek, Unamunok bezela, barren-barrenean euskotasuna nabaritzen zuenik. Baina Euskel Herriaren bizitzaz eta etorkizunatzaz, bere gazte denborako uste eta oldozmenakin gelditu zan, eta ez zun jakin edo ikusi nahi izan, abertzaletasunak bide berriak idiki zitula. Hauxe bera gertatu zitzaion Unamunori. Erru haundia gizon jakitun bezela begiratzen zaienentzat, giratuta beste neurri bat dau. [sic] Zer toki gorde behar zaio Barojari gure herriaren historian? Honi, Unamunori, Maezturi eta gure herriko espainiazale beste askori gertatzen zaien bezela, Espainiako kulturan ospatsuak izango dira baina eusko kulturatik eta ludiko kulturatik bekate, ez hain haundia.

 

 

EUSKEL GAIZABALKUNTZA MEKANIKAZ

 

        Orain hamabi bat urte, Iruņa honetako Laurak Bat bazkunak diskoetan ipini zitun bere abesbatzak kantatzen zitun euskel abesti batzuk. Berehalaxe ahitu ziran, politak ziralako, eta orain berberen bigarren ateraldia egin da, eta ia dana saldua dago. Egun hauetan ere, FEVAk, Argentinako Euskel Bazkun Federazioak atera du beste disko sorta bat, eusko dantza batzuen txistu doinuakin, disko bilduma honekin nahi euskel dantzaren erakuspena eta ikasketa erreztea. Gure dantzetan, txistularia da behar-beharrenakoa baina zenbait tokitan, batez ere hemen Ameriketan, ez da bilatzen erreza, edo, baldin badago, ez dauka onenean betarik ordu osoetan jarduteko danzarien saio aspergarrietan. Diskoak lan neketsu hau errezten dute, nahiz hainbeste bider jo leikelako inor nekatu gabe.

        Gai honek burura ekartzen digu beste egiteko bat: euskel egintzaren zabalkunderako mekanikaren laguntza gehio ibili behar degula. Euskerea, abestiak eta dantzak erakusteko eta zabaltzeko, diskoari ta zineari aprobetxu gehio atera behar diogu. Beste hizkuntzan erara, beharko genuzke linguaphon bat euskera erakusteko; euskel dantza guztiak zinean hartuta egon behar lukete. Euske1 jaiak errezago antolatzeko, batez ere hemen Ameriketan, alde haundia litzake diskoetan hartuta balegoz euskel doinu eta abesti gehio, baita ere bertsolari ospetsuen jardunaldiak, eta zinean bagenuzke hamar edo hamabost minutuko film labur sorta bat.

        Hogeita hamar urte hauetan hamaika euskel jai eder egin dira, neke nahikokin eta txindia erruz gastatuaz. Zer gelditu zaigu jai eder haietatik? Askotan argazki itxurazko bat ere ez. Gure lan askoeri ipini genioke pelikula aipatu haren izenburua: Haizeak eraman zuna.

 

 

EUZKADIREN BEREZITASUNA

 

        Azkenengo hil hontan, Buenos Airesen ibili da Martin Almagro, espainiarra, arkeologo jakintsua; Espainiako prehistoriatzaz hitzaldi batzuk egin ditu. Unibersidadeko Areto Nagusian eman zuana, Espainiako herrien sorkuntzaz zan. «Hispanidade» zaleei aditu edo irakurri ezkero, badirudi hemen Espainiatik datorren edozeini entzuteko irrikitzen daudela. Ba aditzaleak, ehunetik gora gutxi ginen, ta haietatik zazpi euskeldunak. Hemen Prantziako kulturak indar gehiago du. Dana dela, ederki egon zan, baina ezuste batean ateraldi txepel bat egin zigun, esanaz ez gendula berezitasunik euskeldunak Espainiako herriakin. Zertara esateko hau? Espainiaren batasuna: hara honera itzaldiak ematera etortzen diranen espainiar jakintsu gehienen burutazioa. Aspaldi baten, Godoyk ordaindu eta eskupetu zitun Llorente, Traggia eta beste jakintsu batzuk; gero Gonzalez apaiza beste gobernu batek. Badirudi orain ere dirala ordaindutakoak. Honelakuak, ez det esango salduta datoztela, baina euskeldunen bizkarretik oraingo Espainiako jauntxoak loxindu nahian bai. Ez det uste Almagrok heroe gogoa daukanik; norbaitek esan zidanez, Espainiako agintariakin borroka gutxi omen dabilki. Horregatik Sanchez-Albornozek, erbestutako ixtorigileak, haren agerpenean esan zitun hitzetan, zirikada hau bota zion: «Jaun hau da azpikoz goratzaile bat... prehistoriakoa».