Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Urrestillako trikitixa

Joxemari Iriondo

kronika

Trikitixa Elkartea, 2006

 

AUNTXAREN LEHENENGO SAIOAK

 

ZESTOAKO BAINUETXEA

 

        Erromerietan eta ezteietan estreinako saioak egiten hasi orduko, Zestoako Bainuetxean egin zuen agerraldia izan zen hortik honakoa.

        Hamahiru urte-edo izango zituela esan zidan. Azpeitiko Joxe Gurrutxaga Txokolo zaharra zen, nonbait, hango udatiarren gauetako animatzaile musikala garai hartan; eta, Urrestillako mutiko hark soinua ondo samar jotzen zuela jakinda, lagundu ziezaion eskatu zion irail hartan, udaldian zehar bildutako propinak gordetzeko zeukaten kutxa San Migel bezperan ireki eta jaialdi bikainak antolatzeko ohitura zutela-eta bainuetxeko zerbitzariek.

        Auntxaren iritziz ez zen hura herri koskor bateko erromeria bat, edo ganbara-bazter bateko eztei-festa bezala. Baina gaztea ausarta izan eta ez zuen atzera egin, ez. Dudarik egin gabe joan omen zen jaialdi dotore haietan parte hartzera. Eta Txokolo handia pianoarekin eta Auntxa mutikoa soinu txikiarekin  txandatuz, hantxe egin zituen bizpahiru egun, ondo ikasita zeuzkan trikiti, porrusalda, fandango, arin-arin, biribilketa, pasodoble, vals, txotis eta gainerakoak alaiki joz, udaldia bainuetxean pasatu zuten dama dotore eta jauntxoen alaigarri.

        Egun ahaztezinak izan bide ziren haiexek Auntxarentzat. Arratsero lana gogotik egin eta azkeneko eguna heldu zenean, ez zieten berriketako ordaina eman:

 

        Nik espero eta baino diru gehiago eman zidaten;  nik artean ezagutzen ez nituen zilarrezko lau txanpon, lau duro distiratsu, alajainkoa! Lehenengo, lau txanpon bakarrik gutxitxo zela iruditu zitzaidan, baina laster jakin  nuen txanpon haiek balio handikoak zirela, eta distiratsuak! Etxera etorri nintzenean gure ama lotan zegoen. Ohetik jaikiarazi nuen eta eskuartean nekarren dirua erakutsi nionean, 'Bai al dakik hau dena zenbat diru den, seme?' esan zidan, ikaratuta-edo. Orduan konturatu nintzan Zestoakoa esperientzia bikaina izan zela niretzat.

        Mutiko hark ez zuen asko beharko seguru asko, baina hainbat aldiz amestu zuen mundu berri baterako bidea zabal-zabalik ikusi zuen Zestoako Bainuetxean San Migeletan egindako jardunaldi haietan. Orduko ausardia izan banu gero beti!, eransten zuen penaz.

 

 

BASERRIETAKO EZTEIETAN

 

        Baina Zestoako saio hura eta beste erromeria guztiez gainera, baserrietako ganbaretan eztei-festa askotako animatzaile ere izan zen Auntxa gaztea. Hamahiru edo hamalau urterekin hasi eta handik aurrera inguruko baserrietako maiorazkoren bat ezkontzen zen bakoitzean, hantxe izaten zen Urrestilla, Aratz-erreka, Nuarbe, Errezil, Beizama, Matximenta, Oņatz eta inguruetako baserrietan. Eta bi edo hiru eguneko festa izaten ziren orduko ezteiak, hirurogeita hamar edo laurogei lagun baserriko ganbaran bilduta.

        Urrestilla inguruan beste soinu-jotzailerik ez zela eta, bera izaten zen ezkontza gehienetako soinulari. Eta neurri guztietako ezteiak egiten zuen, jakina: handiak/oparoak eta urrixeagoak. Ahal zuenak ahal zuena egiten zuen orduan ere. Adibidez, egun handien sailean Loiolako Etxarretara joan zenekoa askotan aipatuko zizun, bi egunerako joan eta hiru egun hantxe eginda itzuli zenekoa alegia, artean fabrikan lanean hasi gabe zegoen-eta.

        Soinua jo, erruz jo behar izaten omen zen eztei-egunetan, askotan. Lehenengo, goizean garaiz elizakoa egiten zuten ezkongai eta gonbidatuek, eta gero, bazkalordua baino lehen, andregaiaren etxera joaten ziren arreoaren bila, ongi zaindutako idi parearen atzetik, egun handi hartarako bereziki prestatutako zurezko orrazdun gurdi dotorea irrintzika zeramatela, biribilketa alaian gonbidatu denak dantzan. Mutilaren baserrira heltzean, berriz, andre berriak zekartzan ondasunen kontaketa eta erakusketa egiten zen mandioan, denen bistan. Gehienetan arropa eta etxerako tresneria ekartzen zuen andre berriak: soinekoak, oherako maindire zuriak, sukalderako ontziak eta hola, oro har. Nikolas Ormaetxea Orixe handiak kontatu zuena bezala ote?

 

                Aurren-aurren ohazala,

                ederra eta zabala.

                Badakizue zer amoreri

                eginen dion itzala.

                Azpirako lastaidea

                artozuritzen betea,

                kozkor ta bizar garbitua da

                zeharo txurikin mehea.

 

        Arreoa mutilaren etxera ekarri eta kontaketa/erakusketa egiteko garaian, kutxatxo bat edo zilarrezko bandeja dotore bat jartzen zuten ganbarako kutxaren gainean ondo agerian, nahi zuenak dirua edo eskupekoa bota zezan, gastu handiak egiten ziren-eta baserrian halako festetan.

        Eguneroko bazkaria eta afaria, berriz, baserriko erara izaten zen beti, Auntxak zioenez:

 

        Izarrez betetako hegazti-salda ederra eta zopa beroa, egun handi hartarako espresuki gizendu eta hildako zekorraren haragia eta, postrerako, arrozkonletxe, arrautzopila eta etxean egindako gozokiak. Edateko, berriz, etxean egindako sagardoa, zahagi handian ekarritako nafar ardoa, ardo goxoa emakumeentzat, kafe beltza eta pattarra, ase arte denek edan zezaten. Biharamunean, goizean gosaltzeko, baratxuri-zopa, urdaiazpikoa arrautza parearekin, kafesnea edo ardo-zopak, bakoitzari urdailak eskatzen zionaren arabera.

 

        Bazkalondoko erromeria laster hasten zen, noski, bazkaldarrak pittin bat animatu ahala. Eta handik aurrera, ohera joan beharko zela pentsatzeko astirik gabe, hantxe aritzen zen soinua jo eta jo, ganbara bazterrak eta mandio aldeak bapo astinduz, ezteiek irauten zuten bi edo hiru egunetan segidan. Pittin bat berdoztean, lo ederki egiten zuten batzuen batzuk, sabaiko lasto pilan lasai etzanda. Bestetzuek, ordea, soinua eta tragoa eskatzen zuten etengabe, eta soinu-jotzaileak haiekikoa egin behar, izerdia kentzeko astirik gabe.

        Ezteietako pasadizo asko kontatu zidan Auntxak elkarrizketan. Hala ere, behin batean gertatu omen zitzaiona ondo gogoan zeukan harexek. Mozkor-mozkor egin eta bi edo hiru ordu sabaian bapo lo egin ostean ganbarara etorri omen zen batek, Zer, Auntxa kobratzera bakarrik etorri al da gaur, ala? esan omen ziola deiadarka, eta min eman ziola harexek gogotik, gelditu gabe aritu zen-eta hura lo zegoen arte ere. Izan ere, gupidarik gabe lana egitea gustatzen zitzaion Auntxari inork eskatu beharrik gabe soinua joz. Eta hori esan behar hari?

        Bestalde, bapo jan eta pittin bat argitzeraino edandakoan bertsotarako etorri baino gogo gehiago ere izaten zuten norbaitzuek, eta haiei soinuarekin lagundu ohi zien, Santa Ageda eskean egin ohi den bezala. Eta segi halaxe bi edo hiru egunean, eztei-festak irauten zuen arte. Horrelakoxeak izaten ziren Auntxak ezagutu zituen orduko eztei-egunak. Ikustekoak izango ziren, seguru.

 

 

PANDERO-JOTZAILEA

 

        Pandero-jotzaile bat laguntzera eramateko ohiturarik ez zen izaten haren gaztetako erromeria eta ezteietan, eta bakar-bakarrik aritu ohi zen gehienetan. Hori bai, Sasoia orain ez bezalakoa genuen orduan eta nekatu ere ez ginen egiten, gizona! esaten zuen, joanak joan zirela onartuz.

        Eztei-egunetako errepertorioa eta erromerietakoa ez ziren berdinak izaten, noski. Oro har, trikitiak, porrusaldak, fandangoak, arin-arinak eta euskal melodiak izaten zuen lehentasuna, baina tartean vals, pasodoble, tango, txotis, korrido eta hola, dantza lotuko pieza asko jotzen zuten ezteietan, sueltoarekin txandatuz, baldin eta inguruan apaiz edo agintari ipurtesturen bat ez bazen behintzat. Nolanahi ere, ezkonberriek eskatzen zutena jotzen saiatzen zen, eta jendearekikoa eskuzabaltasunez egiten, horretarakoxe eramaten zuten-eta, besteak beste.

        Hala ere, baltseorako baino sueltorako jotzea gehiago gustatzen zitzaion Auntxari. Imanol Iturbidek kontatu zidanez, Loturakoa jotzeko eskatu ziguten gazte batzuk, baina Auntxak ezetz, sueltokoa jotzeko agindu zigutela ezkonberriek, erantzun zien. Eta dantza askaturako soinua jotzen jarraitu omen zuen.

        Irabazi, berriz, ondo irabazten zuen antzinako ezteietan. hamabost edo hamasei duro ematen zizkioten lehenengo, bi-hiru egunetako lanaren ordainsari; eta gero igo egin zuten. Alabaina, bi eratako irabazia izaten zuen askotan, esan zigunez. Batetik, aurreez hitz egindako soldata-ordaina, esan bezala; eta bestetik, gerra osteko gosete garaian familiarentzat oso ondo etortzen zitzaion baserriko ogia eta baserriko jeneroa: babarrun pittin bat, arrautzak, hegaztia eta abar. Dena behar zen orduan familian, eta inoiz ez zuten esku-hutsik bidaltzen baserrietatik.

        Denak ez, baina gerra ondorean, 50eko hamarraldian amaitu ziren baserrietako eztei-festarik gehienak, ezkonberriak jatetxe ezagunetan biltzen hasi ziren-eta hobeto beharrez, Auntxaren iritziz.