Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Suminaren estrategia

Fernando Morillo

nobela

Elkar, 2008

 

DOHAINA

 

Udazken erdialdea, Donostia

 

        Aimar Goikoetxea antropologoa zen, bihotzez eta senez. Inoizka, fikziozko istorioren bat zirriborratzen zuen, baina ordu gatzgabeenak betetzeko zaletasuntzat baino ez zeukan bere letra-grina. Horregatik harritu zuen hainbeste telefono-dei hark:

        —Bai, esan?

        —Aimar Goikoetxea?

        Emakume baten ahotsa zen. Edadetua. Takarra. Pixka bat asaldatua.

        —Ni naiz —erantzun zuen Aimarrek.

        —Hogeita hamaika urte.

        —Bai...

        —Industria-ingeniaria eta antropologoa —jarraitu zuen emakumeak.

        —Hala da. Baina, aizu, zertara dator hau?

        Lan-proposamenen bat egiteko ote ten igaro zitzaion burutik. Buru-buztanik ez zuen, ordea. Horrela?

        —Kaixo, Aimar. Flora Urbina naiz —aurkeztu zen emakumea—. Ipuin bat bidali zenuen Zumaiako literatura-lehiaketara, ezta?

        —Bai.

        —Epaimahaikideetariko bat naiz.

        —Hara. Eta...

        —Lehenik eta behin, gaizki-ulerturik egon ez dadin, ez duzu ezer irabazi.

        Isilaldi labur bat sortu zen. Une batez, koadrilakoren batek apailaturiko txantxa-edo izango zen susmoa hartu zion Aimarrek. Haiek baino ez baitzekiten ipuin bat bidali zuela... epaimahaikideez gain, jakina.

        —Esango al didazu zer den hau? —galdegin zion mutilak, ordurako ernegua eztarrian gora kilimaka sentitzen zuela.

        —Zure laguntza behar dut.

        —Laguntza? Zertarako?

        —Zure dohaina, nola esan, ustiatzeko.

        —Nire dohaina? Zer dohain? —ekin zion Aimarrek, zurturik.

        —Ezagutzen al duzu Zumaiako Marina Berri jatetxea?

        —Herriko sarreran dagoena?

        —Getaria aldetik joanda, bai. Azaldu hara bi ordu barru, eta hantxe argituko dizut guztia.

        —Aizu, barkatu baina Donostian bizi naiz, eta orain lan egin behar... Aizu? Aizu, andrea? Kabenzotz! Eskegi egin ez zion ba!

        Nahasmen-une baten ondoren, bere burua baretu eta irribarre egitera ere ailegatu zen Aimar.

        Bere dohaina. Zer esan nahi zuen andre hark, zehatz-mehatz? Aimarren zeregin ezagun bakarra, izan ere, antropologo gisa zertutakoren bat edo beste baitzen, landa-lanean aritu izan zenekoak batik bat.

        Aimarrek denetariko esperimentu sozialak («antzezpenak» adierazteko bere eufemismo akademikoa) taxutzen zituen, jendea giza lagintzat harturik, ondoren «biktima» haien erreakzioa haztatzeko. Ikertzeko. Ikasteko. Askok esperimentu haiek ezohiko eta itxuragabetzat jotzen zituzten arren, edo beharbada horrexegatik, sona pitin bat lortua zuen unibertsitateko zenbait gunetan.

        Horretaz ari ote zen emakume hura?

        Hotzean hartuta, dibertigarria ere bazen: Aimarren lana, maiz, egoera bortitzak eragitea eta jendea zirikatzea baitzen. Kitzikatzea eta neurtzea, metodo zientifikoaren erakusgarri. Eta, apur bat pentsatu ondoren, berak bideraturiko saio antropologiko haietariko baten tankera hartu zion Flora haren deiari.

        Aimarrek erlojuari begiratu zion. Arratsaldeko hirurak ziren, eta egia zen praka bete lan zeukala: informatika-sistema oso bat diseinatu behar zion lagun bati, eta jadanik epez kanpo zebilen.

        Zer arraio, ordea. Jakin-minaren ziztada bultzaka hasi zitzaion erraietan. Zer zen bizitza akuilurik gabe, gogaitasuna baino?

        Kontu hura behar bezain bitxia iruditu zitzaion jaramonik ez egiteko.