Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Bihotz nahasiak

Fernando Morillo

haur eta gazte literatura

Ibaizabal, 2005

 

1

 

        Begiak ireki orduko izan zuen lehendabiziko aldiz susmo bitxi hura.

        Zalantza, ezinegona eta errezeloa. Bat-batean etorri zitzaion dena. Zerbait berezia gertatu behar zitzaiola iruditu zitzaion Nereari. Berezia?

        Burua atera zuen izaren artetik eta bere gelako erloju argi gorriduna aztertu zuen, ilunpean eta erdi-lo. Bi ordu! Bi ordu falta ziren oraindik jaikitzeko. Begiak itxi zituen, indarrez, berriro lokartu nahian.

        Zerbait bitxia?

        Gauak eragindako irudipena baino ez zen izango. Hori erabaki zuen. Ahaztutako ametsen baten hondar tematia. Seguru. Hala ere, hor jarraitu zuen sentsazioak, inora alde egin gabe, bere mezu laburra errepikatzen: «Berezia. Zerbait berezia...».

        Nereak ezin zuen jakin egia zela. Eta ezin zuen jakin zenbateraino.

        Loak hartu zuen berriro.

 

 

2

 

        Egurtu. Ikaratu.

        Baina pasatu gabe. Bizirik utzi behar zuen. Nahiko garbi utzi zioten hori, sustatu soilik. Bibotea laztandu zuen, gogoetatsu. Ondo ordaindu zioten eta ez zen eztabaidatzen hasiko. Baina hala ere ez zion grazia handirik egiten. Izan ere askoz errazagoa da norbait hiltzea, propio zaurituta uztea baino. Biktimak bere indar osoa erabiliko zuen defendatzeko, eta berak, bestea ez hiltzeko ardura hartu beharko zuen. Hobe zuen, ordea, zalantzak ahaztea, ze, edozein modutan egin egin beharko zuen. Bera profesionala zen.

        Bozgorailuaren abisua entzun zuen. Bibotea bakean utzi, gabardina eta bi maleta txiki hartu, eta ontziratze-ate aldera joan zen. Hegazkina irtetear zegoen.