Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Bila nazatela

Fernando Morillo

haur eta gazte literatura

Ibaizabal, 2006

 

Irailak 9, 18:15

        Ez da erraza. Ez, diotena diotela ere, ez da erraza gazte izatea. Ahaztu egin dute bada helduek, izan zirena, edo ez ote dira egiazki inoiz nerabe izan? Auskalo. Beraiek jakingo dute zer egin nahi duten euren oroipen aseptiko eta laņoekin. Nik behinik behin ezin diet, ikusitakoak ikusita, margotu nahi diguten iragan «zuri eta garbi» hori sinestu. Gauzak diren bezala.

        Ez da hori, ordea, neure hamaikagarren egunkaria hasteko zioa (edo agian hobeto, neure egunkaria hamaikagarren aldiz hastearena). Ala beharbada bai. Ez dakit. Ez dakit ezer! Guztia kulunkatzen ari baitzait azkenaldian. Zergatik izan behar du guztiak hain... hain aldabera, hain ziurgaitza? Zergatik eskaintzen (ezartzen) dizkigute uneoro hainbeste aholku, beraiek bete ez zituztenak, bete ezin izan zituztenak hain zuzen? Batek daki.

        Gaur ezin dut neure burua kontrolatu. Mutil batekin geratu naiz gauerako. Nire lehen mutila. Iņigo du izena. Eta oso urduri nago.

 

Irailak 10, 11:30

        Gau bitxia, edonola ere. Deserosoa eta atsegina era berean. Nola azal nezake? Berak ez zuen asko hitz egiten, neuk ere ez nekien zer esan... Tabernetan ibili ginen bereziki, beharbada bertako musika ozenak gehiegi ez mintzatzeko aitzakia aparta eskaintzen zigulako. Nazkatu arte edan genuen, hizketan ez baikenuen asmatzen.

        Etxerako ordua heldu zenean, areagotu egin ziren halaber geure halabeharrezko artegatasunak. Atariraino lagundu ninduen, begirada geldiezin eta elkar-iheskorrez gainezkatzen ginen bitartean. Aurrez aurre gelditzean, lurzorua zientifikoki arakatzen geniharduela zirudien, begiak harantz eta honantz atergabe mugitzean. Hau da marka. Patetikoa! Hotz zen gainera. Dena dela, uste dut biok ere ez geundela eguraldiaz gehiegi arduratzeko moduan. Bere aztoramendua ederkiegi sumatzen eta ulertzen nuen, neu ere antzera bainengoen. Pauso bat aurrera egin nuen, ez dakit, ezinegona hausteko edo. Horrek, ordea, zorigaitza!, gehiago asaldatu zuen Iņigo, antza, eta «Hurrengora arte» arrapaladatsu batez agurtu ninduen urduriaren urdurian. Nik, jakina, mila aldiz madarikatu dut neure burua horren burugabea, horren... tuntuna izateagatik. Geldi egoten ez jakiteagatik, ez asmatzeagatik. Ez dut gau osoan lorik egin.

        «Ez, neska, hori normala dun», errepikatu dit gaur behin eta berriz Oihanak ni kontsolatu nahian, atzokoa azaldu diodanean. «Hasieran beti gertatzen ditun antzerako gauzak. Badakin, esperientzia, zartakoen ondorioa izaten dun. Gainera, zer arraio! Hori ez dun eta ezer!» Baliteke, baina ni ez nago horren ziur. Hala ere, berak bai, Oihanak badu esperientzia luzea. Jakingo du zerbait.

        Zitaren kontu guztiak, kontatu dudan moduan sikira, triste itxura du, badakit. Alabaina, ondo ezkutuan bada ere, zinez merezi izan zuen zirrara dut. Eta Iņigo berriro lehenbailehen ikusteko gogoa! Ai, burura datorkidan bakoitzean (hots, uneoro)... ez nuke jakingo nola adierazi hitzetan, barnean dudan zarrada, dardara geldiezin hau. Ez dakit adierazi daitekeen ere. Bihar arte jasan beharko dut larritasun hau. Bihar arratsaldera arte. Ordurako geratu baikara berriro.

 

Irailak 13, 20:00

        Taberna batean geratuta geunden. Ni iritsi naiz lehena, eta zerbait hartu dut zain nengoen bitartean. Hiruzpalau minutu geroago, atetik sartzen ikusi dut Iņigo, eta bihotza lehendik ere ziztu bizian ari bazitzaidan, orduan hasi da benetan, indarrean dauden abiadura errekor guztiak hausten. Guzti-guztiak!

        Hurbiltzen zihoala, mundu osoa motel-motel, kamara geldian bezala, ikusten nuen; baaat-biii, baaat-biii. Eta ni, beste dimentsio batean krokaturik, trabaturik banengo bezala. Tabernako aire girotua halaber, bat-batean hondatua zela iruditu zait, beroak itota sentitu naizenean. Ez da erosoa izan. Zer esan ez genekiela egon gara une batzuez, eta jarraian, hamaika tontokeria kontatzen hasi gatzaizkio elkarri. En fin.

        Gustura nago... eta ez. Zerbaitek ez du funtzionatzen. Edo ez zen behintzat nik uste nuen bezain... demontre! Zein zaila den hitz egoki bat aurkitzea. Ez zen... nik uste bezala.

        Hobea? Txarragoa? Ezingo nuke esan. Ezberdina. Banekien hasieran zaila izango zela, deserosoa. Derrigorrez. Ez nuen uste ordea hainbesterainokoa izan zitekeenik.

 

Irailak 16, 2:15

        Gaur ere Iņigorekin irten naiz. Tabernetan ibili gara hasiera batean, aurrekoan bezala, baina beharbada apur bat lasaiago (eskerrak!). Hala ere, ez da nahi bezain oskarbia izan.

        Gaueko hamabiak aldera pasieran abiatu gara, tipi-tapa, tipi-tapa, ia konturatu ere egin gabe, trenbide zaharrera heldu gara, garai bateko herriaren bizigarria omen zena, egun oroimen hutsa bilakatua. Halabeharraren mintzaira zorrotza. Bizitza. Isiltasuna. Bagoi zaharkituak. Eta Iņigo eta ni. Ni eta Iņigo. Eta lotsa madarikatua. Eta lotsa madarikatu hori gainditu nahia... Eta ezina. Putza!

        Honetaz eta horretaz hitz egiten geniharduen, isiltasunak ikaratu egiten baikintuen.

        Baina horrelako batean, mututurik geratu gara biok, aurrez aurre. Nik... nik bekoz beko begiratu diot, zuzenean, berak ere horrela begiratu nau. Une horretantxe nire burutik igaro direnak ezingo nituzke inola ere adierazi: eguna eta gaua, beldurra eta zoriona, ostadarra eta ekaitza. Dena. Ezer ez. Ezingo nuke zehaztu ere, zenbat denbora iragan dugun hantxe, mugitu gabe; hilabete?, urtebete? Jakizu!

        Azkenean, irribarre urduri bat egin du berak, eta albo batera begiratu bezain laster, apurtu egin da lilura hura. Ez du ezer esan. Ezta nik ere. Itzuli egin gara. Noiz arte jarraitu behar dugu horrelako tentsiopean?