Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Pasio krimena

Fernando Morillo

nobela

Gaumin, 2013

Eternoa eta hondogabea

 

Higer Itsasargia, Hondarribia

Osteguna, 20:30

 

        Xoelek ordua begiratu zuen. 20:30. Laster iritsiko zen Ainitze.

        Barkatu ote zion? Ulertu ote zuen neskak zergatik alde egin behar izan zuen egun hartan?

        Sakelako telefonoa joka. Duda izan zuen “zenbaki ezkutua” ikustean. Bigarren aldia minutu batean.

        —Bai?

        —Abisatu nizun —esan zion gizon-ahots urratu eta haserre batek.

        —Barkatu?

        —Irunera ez hurbiltzeko abisatu nizun. Birritan.

        Ahots hura... Juneren aita? Arkitekto asaldatu eta arriskutsua, arkume irribarreduna itxuraz, otso beltza izanaz?

        —Zenon? —galdetu zuen Xoelek.

        —Esan nizun itzuliz gero damutuko zinela. Alabari egin zenionagatik. Gogoratzen?

        Xoelek burua astindu zuen. Nola arraio jakin zuen zorotzar hark Irundik hurbil zegoela?

        —Nik ez nuen Juneri min egiteko asmorik.

        Orduantxe egin zuen Xoelek hanka-sartzerik handiena, bere buruari luzaroan barkatu ez ziona: telefonoari jarri arreta osoa. Ahots tonuari. Egiazko mezua ezkutatu ohi zuten lerroarteetako hitzei. Eta koadroaren osotasuna ahaztu. —Xoel, eman buelta —esan zion Zenonen ahotsak.

        —Zer...?

        Danba.

        Ez zuen ikusi ere egin lehen ukabilkada.

        20:30 pasatxo ziren. Ainitzek ez zuen gogoko berandutzea.

        Harri eta zur eginda zegoen Xoelen mezua zela eta. Ez zuen ezertxo ere jakin mutil hartaz zenbait hilabetetan. Orain zer, eta Higer Itsasargian elkartzea proposatu ez zion ba? Hura zuen txoko maiteenetakoa bere... lagunak? Mutilohiak? Maitale sekretuak? Endredatzaileak? Madarikatuak?

        Nola arraio deitu?

        Hasieran jaramonik ez egitea pentsatu zuen. Ezin. Ainitzek berak ere ezagutzen ez zituen notak atera zizkion barnetik sentipen hutsa arnasten zuen filosofo hark. Xoel aldakor petoa zen. Puxika, bazter guztietan zipirti-zaparta lehertzen ziren koloretako ideiez gainezkatua, haizepean hegan zebiltzan xaboi-burbuilak balira bezala. Oraintxe gozokia, oraintxe desesperagarria.

        Bai. Baina, zorionez eta zoritxarrez, magia zeukan ametsbegietan. Magia kontrolaezina, kutsakorra. Behin sorgindu egin zuen. Sorginkeria hura ez zen ahultzen. Eta beharbada Ainitzek ez zuen ahultzerik nahi.

        Horregatik zihoan Higerrerantz.

        Sakon hartu zuen arnasa iluntzeko aire freskoan. Sekulako ekaitza zetorrela iragarrita zegoen. Une hartan, ordea, oskarbi eta ikusgarri zen zeruaren zatirik handiena. Ai, zeruaren oihartzuna. Hamar urte bete zituen egunean erabaki zuen Ainitzek zientzialari izatea. Horrelako zeru bategatik. Txikitako zeru hark misterioz eta jakin-nahiz bete zuen, oraingoak bezal-bezalaxe. Zer zegoen belztasun hartaz harago? Uler zitekeen? Sentitu? Bizi?

        Ahots batek hautsi zuen neskaren dibagazioa.

        Itsasargitik hurbil zen jada. Agian, Xoel ez zen bakarrik joan. Orduan ikusi zuen gizon burusoil eta lodia. Xoelen gainean? Zertan ari zen bere lagun filosofoa? Ideia bat pasatu zitzaion burutik zoro-moro. Ez ote zen bat-batean bisexualaedo bihurtu, eta orain, zera...?

        Gehiago hurbiltzean, Xoelen aurpegiko likido iluna ikusi zuen, ilunantza gorabehera, gorria. Garrasia atera zitzaion:

        —Xoel!

        Burusoila ez zen larritu. Aitzitik, patxada osoz zutitu eta alkandora astindu zuen, atontzeko. Ondoren, berarengana abiatu zen, irribarrez. Ainitzek harri bat bilatu zuen, makilaren bat. Ez zuen taxuzko ezer eskuratu. Jaurtigai bakarra bere poltsako sagar berde bat zen. Sagar batekin defendatu behar al zuen?

        —Lasai, rubia —esan zion burusoilak, Xoel seinalatzen ziola. Neskak ez zeru ez lur begiratzen zion, norantz ez zekiela—. Zure laguna al da?

        Ainitzek berriro erreparatu zion Xoelen aurpegiko odolari. Burusoila urruntzen hasi zen, hiena baten moduko irribarreaz. Une batez itzuli eta neskari zuzendu zitzaion:

        —Lagunduiozu filosofo jainko-uste horri, burua gal ez dezan.

        Ainitze korrika joan zen Xoelengana, burusoilari begiak gainetik kendu gabe. Gizonak urruntzen jarraitu zuen, ezer gertatu ez balitz bezala.

        —Ondo al zaude? —galdetu zion neskak—. Xoel?

        Mutilak eztul egin zuen. Hiru, lau aldiz. Aurpegia ukitu zuen:

        —Odola beti deigarri, ezta?

        Xoelek eskua luzatu zuen. Alboko motxila txikia hartu, Kleenex sorta bat atera. Ainitzek eskutik kendu zizkion, mutilaren ondoeza igarrita. Sudur eta kopetako odola garbitzen hasi zitzaion.

        —Zer gertatu da? Xoel, ZER DEMONTRE GERTATU DA?

        —Mina. Bizirik nagoela esan nahi du behintzat.

        —Dios, beti saltsatan. Beti bazter-nahasle. Nor zen hori? Zer egin duzu orain?

        Xoelek beste paper-zapi bat hartu zuen. Odola hobeto garbitzen ahalegindu zen.

        —Nor zen? —errepikatu zuen Ainitzek.

        —Inor ez.

        Ainitzek sudurra aztertu zion, masailak, ilea.

        —Ez dirudite zauri larriak bederen.

        —Gaitz erdi.

        Ainitzek kokotsetik heldu zion, berari begiratzera derrigortzeko.

        —Xoel. Nor zen? Begiratu aurpegira! NOR ZEN TIPO HORI?

        Mutilak eztarria garbitu zuen.

        —Zenon. Juneren aita.

        —June? —Ainitzek eskuak zabaldu zituen. Aurpegia ilundu zitzaion—. June! Zure June... Ingeniaria? Ahantzarazi ezin izan nizun neska?

        —Ez esan tontakeriarik.

        —Tontakeriak. Eguzkia uste, eta harria egin. Horixe gertatu zait niri. Ni ikustera zentozela pentsatzen...

        —Biak ikustera etorri naiz.

        Ainitze belarretan eseri zen, Xoelen ondoan.

        —Ja!

        Xoelek zintz egin zuen. Berriro garbitu zuen sudurra.

        —Junek laguntza eskatu zidan —azaldu zion mutilak—. Etortzea erabaki nuen, eta zu ikusteko aprobetxatu.

        —Nik nioena. Bide batez. Bigarren platera esaten diote.

        —Beti bezain ipuinlari. —Eztul txiki bat egin zuen, aurrekoak baino leunagoa—. Zuk deitu bazenit laguntza eske, berdin etorriko nintzen. Eta June ikusteko aprobetxatuko nuen.

        Ainitzek irribarre egin zion. Ohi zuen benetako irribarrea.

        —Ooooi, pena. Nik gabe bizi ezin zenuela ohartu zinela aitortzeko ideiara jarrita nengoen. —Une batez isildu zen—. Aizu, nola jakin du alproja burusoil horrek hemen zeundela?

        —Auskalo. Bazekien hau zela nire leku kuttunenetako bat. Bazekien Irun aldera hurbilduz gero, hona etorriko nintzela...

        —Eta nola jakin du Irunera zentozela?

        Xoelek sorbaldak jaso zituen. Lurretik adar zatitxo bat hartu, indarra bildu, itsasorantz jaurti zuen.

        —Garbi gera dadila, jakin dezazun —esan zion mutilak—: ez naiz zutaz desenamoratu. Zuk sinetsi edo ez.

        —Hau marka. Zu neska interesgarri guztiez maitemintzen zara, ordea, eta inortaz ez aldi berean. Junez izan ezik, jakina. Hura beste guztiak baino apur bat gehiago maite duzu.

        Ainitzek Kleenexetako odol arrastoak seinalatu zizkion:

        —Txikizio hau Juneren laguntza-eskeari lotua da?

        Xoelek buruaz ezeztatu zuen.

        —Xoel.

        —Benetan, ez dakit. Junek ez zidan esan nahi izan zer gertatzen zen. Beldur zela bakarrik. Haren aitak... Haren aitak artzainek otsoa bezala maite nau. Betidanik.

        Ainitzek jaikitzen lagundu zion. Aurrez aurre geratu zitzaion.

        —Ez zara aldatu —esan zion neskak—. Zure ile kizkurtxo luzea, larruzko txanklak, kotoizko prakak, sudadera grisa. Xoel eternoa eta hondogabea. Konturatzen zara oraindik ez dizudala besarkadarik eman?

        —Odolez zikinduko zaitut.

        —Ergela halakoa! Zatoz hona.

        Besarkada luze, mutu eta gozoa izan zen, mamizko ogi labetik atera berria bezalakoa.

        Ainitzek eskuetatik heldu zion.

        —Ongi. Eta orain, Xoel, nire etxera etorriko zara. June ez da norbaiten eskua behar duen bakarra. Bitartean, deskriba iezadazu zehatz-zorrotz ingeniariaren laguntza-oihua.

        Xoelek eztul egin zuen berriro. Sudur mailatua ukitu zuen.

        —Ezer gutxi baino gutxiago dakit —aitortu zuen—. Tira eta tira aritu ondoren, okerrenaren beldur zela aitortu zidan.

        —Okerrena. Zer izan daiteke okerrena June ingeniaritxoarentzat? Errieta ziztrin bat lanean?

        —Mehatxua egin diote.

        —Mehatxua.

        Xoelek ostiko bat eman zion lurrari, pentsakor. Zerurantz begiratu zuen jarraian. Izarrak ezkutatzen ari ziren, laino trinko batzuen atzean.

        —Heriotza mehatxua —zehaztu zion.