Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Iraurgi bailarako kontu zaharrak

Goizargi Oruesagasti

ahozkotasuna

Azpeitiko Udala, 2005

 

ATERALDIAK, ESAERAK ETA HITZ JOKUAK

 

Azpeitian, besteak beste, hizketarako doi berezia izan duten eta duten pertsonaia ugari eta ezagunak izan dira herrian eta bailaran.Honela, hizketarako aparteko trebezia zuten hainbat lagunen pasarte edo ateraldi batzuk aipatzera joko, dugu.

 

 

KEIXETA

 

        Keixeta oso famatua zen bere garaian, besteak beste, aizkolari onena zelako bere garaian, baina hizketan ere ez zen batere amutsagoa. Egoerak egoera, bazuen beti erantzunen bat eta oraindik, gogoan daude eta gero ere egongo dira, haren ateraldiak.

 

Dirua nola atera

        Behin, auzoko batek, han-hemenkako bere ibiliari esker informatuago zegoelakoan, galdera egin zion:

        —Aizu, Keixeta, obra bat egin nahi nuke, eta zuk ba al dakizu zer egin behar den aurrezki kutxatik dirua ateratzeko?

        Keixetak, beste behin ere, zuzen eman zuen epaia:

        —Aurrena, sartu!

(Azpeitia)

 

        Ordea, beste liburu batetik istorio bera jaso dugu eta ia-ia berdina den arren, xehetasunak alderatzeko edo, jarraian azalduko dugu:

        Keixeta aizkolaria zen eta herririk herri ibiltzen zen.Aurrezki Kutxa edo Caja de Ahorros-ek baserritarrei laguntza eskaintzen zien. Honelako baldintza, honenbesteko diru, honenbesteko interesak eta abar.Orduan auzoko baserritar batek Keixetari esan zion:

        —Aizu, Keixeta. Zu munduan asko ibiltzen zara eta jakingo duzu agian. Zer egin behar da Caja de Ahorros-etik dirua ateratzeko?

        —Sartu!-erantzun zuen Keixetak.

 

Keixeta kamioian

        Beste behin, Azkoitian aizkora apustu bat bukatu ondoren, hartu du gure Keixeta hori errezildar batek bere kamioian, Azpeitiraino ekarriko zuela esanda. Garai batean arrain garraioan ibiltzen zen kamioi horietako bat zen, hain zuzen, eta Loiola aldean behera ziztu bizian joango zen seguruena, eta Keixeta larri. Nonbait honela esan omen zion behintzat gidariari:

        —Uste det belaxe ailegauko garela, baina nahiago nuke ailegatuta banego.

Azpeitia)

 

Ez haizela gizona!

        Mutilak aizkorako prestatzen ere fama handikoa zen. Behin bere mutilak apustua irabazi eta afaltzen ari zirela, galtzailearen aldeko gizatxar horietako bat etorri zaie berak zeuden mahaira, eskandalu bila noski. Eta esaten dio Keixetari:

        —Zuk esan omen dezu, ni ez naizela gizona. Keixetak orduan, bere hizketa apal eta gozoarekin:

        —Antonio, neri ez didazu arrazoirik eman zu gizona ez zarela esateko, eta ez det inun esan zu gizona ez zarenik.

        Antonio horrek, orduan eta harroago, jainkoa eta santu mordo bat komunetik pasatu, eta mahaiari ukabilkada bat emanez:

        —Zuk esan omen dezu ni ez naizela gizona!

        Eta horrela hiru edo lau aldiz, Keixeta beldurtuko zuelakoan.Keixetak, ordea, adinean aurreratu xamarra bazegoen ere asko izutu gabe, jaiki, bi besaburuetatik heldu eta astindu txiki bat eman dio, esanez:

        —Oraindik ez det esan, baina uste det berehalaxe esanaraziko didazula. Han bukatu omen tiran eskandalu arriskuak.

(Azpeitia)

 

Multa

        Gerra garaian abertzale izateak arazo batzuk ekarri zizkion Keixetari. Hiru seme edo lau gerran eta berari isuna jarri zioten, ez nolanahikoa, gainera. Garai hartan etxean zituen abere denen balioa adinakoa, alajaina! Ahal zuen bezala osatu du diru kopuru hori, auzoko ezagun eta senitartekoen artean, eta badoa Azpeitiko udaletxera isuna ordaintzera. Han topo egiten du Txillarra mendiko Bentatxo baserriko Emeterio zeritzan batekin, bera bezain gizon bikaina eta argia. Keixetaren arazo berbera zuen. Sartzen dira udaletxera, jo dute leihatila eta biek beren barreneko saminik handienarekin han uzten dute isunean ezarritako diru kopurua.Orduan Emeteriok, nortasun handiko tenplea erakutsiz, leihatilaren beste aldean zegoenari esaten dio:

        —Diru kopuru hau dena hemen utzi, eta ez al degu agiriren bat edo erreziboren bar behar? Momentu hartan zaila bazan ere, bere umore puntua azalduz albotik Keixetak:

        —Ez Emeterio, ez dugu inungo agiririk behar. Hau ez degu inoiz ahaztuko!

(Azpeitia)

        Ordea, kontakizun honen beste honako aldaera hau ere liburu batetik jaso dugu:

 

Keixetaren mundua

        Keixeta oso famatua zen Azpeitialde guztian.Oraindik ere haren ateraldiak gogoan daude. Eta gero ere egongo dira. Behin Keixetari munda (multa) bota zioten. Hiru mila pezetako munda. Semeak gerran eta garai haietan ez ten diru gutxi. Emeterio sasi abokatua edo horrelako zerbait omen zen.Honek kobratu behar zuen munda. Ordaintzeko orduan, Emeterio agiria egiten hasi ten. Keixetak esan zion:

        —Ez, Emeterio. Ez dago agiri beharrik. Hau ez zaigu ahaztuko.

 

Keixeta eta Amenabar

        Keixeta Arria Zaharraren erakuslea zen. Arria Zaharra edo Arria Lehenengoa aizkolari handia izan zen. Amenabar Arriaren sozioa zen. Orduan Amenabarrek aizkora hartu zuen. Enborra ebakitzen garboso hasi zen. Keixetak albotik esan zion:

        —Bejondeizula, Joxe. Nik uste baino hobea zaude. Baina zeuk uste baino txarragoa.

 

 

KASKANTE

 

        Azpeitin bazen beste gizon bat, Fermin Kaskante, herriak asko gogoratzen duena, bere ateraldi bizi eta zorrotzei esker.

 

Jesuita

        Egun batean, mutil gazte batek Loiolara jesuita joan behar zuela aitortu zion, eta Kaskantek honela pintatu zion etorkizuna:

        —Berehalaxe erakutsiko ditek regla de tres: listoa baldin bahaiz estudiora, tontoa baldin bahaiz lanera, eta alferra baldin bahaiz etxera.

(Azpeitia)

 

Tiro-plato

        Kaskantek bazuen lagun bat txanpain botilaren ipurdia baino kristal lodiagoko betaurrekoak zituena. Egun batean, Landetan trago batzuk jota, futbol zelai aldetik behera, herrira sarreran hor egiten dute topo biek. Kaskantek nondik nora zebilen galdetzean, arratsalde hartan futbol zelaian tiro-plato jokatzen zenez, adar-jotze giroan esaten dio betaurrekodunak:

        —Arratsalderako tiro-platoan parte hartzeko izena ematen izan nauk. Eta Kaskantek...

        —Hi tiro-platora? Elurretan apaiza ez huke ikusiko ta!

(Azpeitia)

 

 

OLAIZOLA

 

        Fernando Olaizola, tailugile aparta, eskultore oso ona, eta gizon oraindik hobea izan da. Horregatik da herrian oso maitatua. Hiztuna ere oso atsegina eta bizia da.

 

Punttuan

        Egun batean, kartetan ari zela, punttuan hain zuzen, juxtu-justu puntu batez galdutako jokaldi baten ondoren, aholkuak ematen hasi zitzaion joko-laguna gure Fernandori:

        —Azken aurreko pasaran bosta jo bahuan, gero xeiak pasara egingo zian... Orduan Fernandok:

        —Egin banuan eta ez banuan... gure amonak potroak izan balitu, aitona izango huan. Eta errezildar batek aldamenetik:

        —Huraxe izango zen pamili ikusgarria: bi aitona, eta amonaik batez!

(Azpeitia)