Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Hiru istorio bortxazko

Aitor Arana

narrazioa

Hiria, 2001

 

MIREN EROA

 

        Mirenek isilik pasatzen zituen bere bizitzako egunak: lan egin eta obeditu, obeditu eta lan egin, beti burumakur, edozertarako prest, umil eta apal. Ez zuen hitz egiten; hitzen bat edo beste noizbehinka, besterik ez, aginduren bat ulertzen zuela baieztatzeko, edo galdera zuzenen bati erantzuteko bestela. Goizean goiz eguzkia irten baino lehen, azken izarrak zeru zurbilean dirdirka oraindik, ohetik jaiki eta etxea txukuntzen hasten zen, nagusiek ezer esan beharrik izan gabe.

        Mirenen nagusi aberatsak Zigor eta Friji senar-emazteak ziren. Egiaz, bere osaba-izebak ziren, eta hogeita bost urte zituenean hartu zuten ruren etxean neskame lanak egiteko. Handik urtebetera, neskaren ama hil egin zen eta, aita aspaldi hila baitzuen, munduan bakarrik geratu zen Miren edo, hobeto esanda, ia bakarrik: Zigor eta Friji osaba-izebek euren etxean gera zitekeela esan zioten, bertako lanak egiten jarraituz, eta berak esker onez onartu zuen. Bizimodua ez zitzaion gehiegi aldatu: lehen osaba-izeben etxetik amarenera joaten zen iluntzeetan lo egitera eta, ama hilez gero, lan egiten zuen etxean bertan geratzen zen, nagusiei afaltzen eman ondoren, ganbara ondoko bere gelara lotara joateko. Senargairik ez zeukan eta, bere egoera berrian, ez zirudien laster izango zuenik ere.

        Beste urtebete geroago, hau da, hogeita zazpi urte zituenean, arrandegira etxekoandrearentzako legatz eder baten bila zihoala, furgoneta zuri batek jo zuen, semaforoa gorria zegoela bidea zeharkatzean, eta berebiziko kolpea hartu zuen buruan. Bertan hilda geratu ez zenean! Bi hilabete eman zituen ospitalean, non zegoen ere ez zekiela. Etxera itzuli zenean, berriz, ez zegoen gehiago erosketak egitera joateko moduan. Etxeko lanak egiten, ordea, ongi moldatzen zen. Baina lehen gutxi hitz egiten bazuen, orain gutxiago, eta egoera berria, antza, Zigor eta Friji nagusien gogokoa zen. Frijik «erosketa etxera» zerbitzua erabiltzen ikasi zuen eta Zigorrek, egunero goizean goiz etxetik irteten eta arratsaldean itzultzen jarraitu zuen, aldi berean neskame eta iloba zuen haren istripua baino lehen bezalaxe. Ez zitzaion, egia esan, gehiegi axola etxekojaunari Mirenen okerrerako aldaketa: are gehiago, pozik zegoela zirudien.

        Hiriaren kanpoaldeko auzo aberatsean bizi ziren Zigor eta Friji, zurezko euren etxe politean, lorategi oparo zabalak inguraturik, ondo-ondoan beste etxerik ez zutela eta, beraz, begiluze eta muturluzerik inguruan ez zutela. Gogoko zuten hori biek ere, inguratzen zituen mundutik pixka bat isolaturik sentitzen baitziren horrela. Mirenez gain zeukaten zerbitzari bakarra lorazaina zen, Fermin izeneko zahar atsegina, ia aguretua, egiaz erretiraturik egon behar zuena, baina urtetik urtera kontratua berritzen ziotena, oso landare eta lore ederrak hazteaz gain, ez zekitelako bestela Ferminek berak egiten zien galdera nola erantzun:

        —Hemendik bidaltzen banauzue, nora joango naiz nire adinean?

        Eta lorategian lanean jarraitzen zuen, isilik eta zintzo, iluntzeetan ondoko auzoko bere etxetxora autobusez —edo oinez eguraldiak laguntzen zuenean— itzultzen zela.

        Sukaldari beharrik ere ez zuten Zigorrek eta Frijik, Mirenek hartan ere ongi asko zekielako. Entsalada goxoak prestatzen maistra zen neskame-sukaldaria eta, zartagina dantzatzen bezain iaioa zen lapikoak astintzen eta labea usain ederrez betetzen, nola haragi eta arrain ederrak goxokiro errez, hala pastelak eta denetariko mahaiburukoak eginez. Horregatik guztiagatik, Frijik ez zeukan kezkarik batere etxeko martxari zegokionez: ekonomia ez, gainerako guztia Mirenen esku utzia zuen eta bera, senarra etxean ez zegoenean, lagunekin ateratzen zen etxeko auto txikia hartuta, hain beharrezkoak zituen arropa erosketak egitera eta, jakina, lagun maitagarriekin zinera joan ohi zen bide batez, ondoren, elkarrekin kafesne goxoa hartzeko eta honako honetaz eta harako hartaz beti borondate onez hitz egiteko. Lagunek biziki ongi zekusaten Friji; oso emakume ontzat zeukaten, izan ere, nor izango zen gauza —bera bezala— etxean burutik gaizki zegoen neskame bat (nahiz eta iloba izan) hain eskuzabal eta maitakor edukitzeko? Inork ez zukeen zalantzan ipiniko Zigor eta Frijiren Mirenekiko asmo ona. Eta, norbaitek ipiniz gero, laster zuzendu beharko zuen bere ustea, azkar asko entzungo baitzuen ez zela Miren etxean lanean bihotz onez hartzen zuten bakarra; lorategian ere auzoko guztiek ikus zezaketela lanean Fermin zaharra.

        Arratsalde bero hartan Zigor jauna etxera itzuli zenean, Miren bakarrik zegoen bertan, ordurako afarian ateratzeko asmoa zuen entsalada prestatzen hasita.

        —Miren! —entzun zen nagusi iritsi berriaren ahotsa sukaldean, egongela zabaletik zetorrela—. Presta ezazu bainua, beroak nago-eta!

        Mirenek berehala utzi zuen esku artean zeukana eta, isil-isilik, esaneko eta burumakur, bainugelara abiatu zen. Bainuontzia ur epelez betetzen zen bitartean, xukadera lehorrak ekarri zituen eta azpiko arropa garbiak etxekojaunarentzako, dutxatzen edota bainatzen zen guztietan egiten zuen gisan.