Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Azkonarren laguna

Aitor Arana

haur eta gazte literatura

Elkar, 1987

 

        Herritik nahiko urrun zegoen etxe zahar, handi eta abandonatua. Garai batean zuriz margotuta egondako harrizko horma gris sendoak zeuzkan eta artean urdinak zirela ikus zitekeen egurrezko leihoak  nonnahi. Guzti honi arbelez eginiko teilatua gehitzean, etxea sendo eta indartsu, baina era berean hits eta ilun ikusten zen bere osotasunean. Eta goibeltasun horixe itsasten zion ikusten zuen edonori; ikusten zutenak gutxi izanik ere. Etxe zaharreraino iristeko aldai baztertu bat hartu behar zen. Atzekaldea baso ertzeko zuhaitzen adarrek laztantzen zioten eta muino batek estali egiten zuen aurrekaldetik. Baita aldaian bertan oinez joanda ere.

        Aspaldi abandonatuta bazegoen ere, ez zeukan itxura txarrik sendotasunari zegokionean. Ez zirudien usteltzen edota hondatzen ari zenik, baina jakina, usteak erdi ustelak. Lau pisu zeuzkan ganbara kontaturik eta sasi eta belar artean erdi ezkutaturik, sotoa salatzen zuten leiho burdindunak suma zitezkeen. Begibistan postez poste zihoan inongo haririk ez zegoenez gero, oso erraza zen ez argi indarrik eta ez telefonorik ez zegoela pentsatzea, baina bi tximinia galant zeuzkan teilatuko ipar eta hegoaldeetan, eta berauek gogorarazten zuten egongelaren bateko beheko sutzarraren epeltasun goxoak, halako xarma zemaion etxeari.

        Denboraren poderio bortitzaren eraginez, ia-ia ezabaturik zeukan ate gaineko hitz pintatua: «ERROITEGI».

        Bizkaiko mendi artean galduriko etxea ilunak irentsi zuen ezari-ezarian eguzkia joan eta gero. Hauxe bera ikusi zuen ardiak ardizakurraren laguntzaz gidatuz zihoan artzainak eta hala hobe zela pentsatu zuen; hobe zela leku gutxitatik eta ilunpean ikustea etxe hura, ez bait zeukan batere antzik Euskal , Herriko ohizko etxeekin; pelikula amerikar batetik aterea zela zirudielako. Eta zakurrari zeozer esanez, agudoago eraman nahi izan zituen ardiak mendi magaleko bidezidorrean barrena, izugarri berandatu bait zitzaion.

        Gaua inguru osoaz jabetu zen bere erregetza nahitanahiez ezarriz eta berehala hasi ziren gautxorien kantak zoko guztiak betetzen, txirritxio orain eta oihu gero.

        Etxe zaharreko atariaren aurrekaldean basaxagu bat azaldu zen usnarka burua ezker eskubira urduri mugituz eta, heriotzaren mezulari baten itzal beltza bailitzan, hontz hegalzabal bat gaineratu eta bertan akatu zuen bere oihu zorrotzez batere errukitu gabe. Atzaparretan basaxagua hilik susmatzean, hontzak alde guztietara begiratu zuen bestela baitakoan, bere begi borobilez burua ia zirkulu oso bat eginez biratuz, ezertxo ere gertatuko ez balitz bezala eta orduan basaxaguak egindako garrasiak imitatu nahi zituen ahots arraro bat entzun zuen, etxeko sotoko leiho batetik irteten zena, baina hara so egin eta ezer berezirik ez ikustean, basaxaguaren gorpuztxoa atzapar odolduetan estutu eta aidetaratu egin zen.oso zarata txikia atereaz.

        Egunsentia emeki sortu zen, batere presarik gabe, gauaren aurkako borrokan garaile aterako zela aldez aurretik jakingo bailuen. Zerua urdin eta eder agertu zen, eguzkia azal duko zen mendiaren gainean halako zisku gorriska erakutsiz.

        Eta basoan zerbait ikusten has zitekeenean, gizon bat ikusi ahal izan zen zuhaitz artean etxe zaharraren aldera aurreratzen. Dendetako plastikozko horietako poltsa bat zeramaíi eskuan eta beroki txanodun berde bat soinean irekita. Plastikozko poltsan lapikotxo bat edo horrelako zerbait zeramala nabaritzen zen, poltsak hartzen zuen itxura borobilagatik. Ez zebilen galduta gizona biderik gabeko baso ugari hartan, ez horixe; zuzen-zuzenean zihoan etxe abandonaturantz batera duda-mudatan egon gabe. Bazirudien egunero egiten zuela errekorridu hura; herritik etxe zaharrerakoa. Baina eman ere ematen zuen 45en bat urtetako gizon ˇle urdindun hark ez zuela aldaia erabili nahi etxeraino joateko, biderik erosoena bera zela bazirudien ere. Etxerainoko aldaia ez zen autopista bat, baina beti pentsatu izan dut hobe dela hori, bidezidorrik ere ez zeukan zuhaitz arteko ibilbide bat baino; batez ere errekorridu bera egunean behin egiten baldin bada.

        Etxera halaxe iritsi eta zuzen-zuzenean abiatu zen atzekaldera, etxea inguratu eta atarira joan beharrean. Ordurako erabat argitu zuen. Gizonak giltza zahar eta handi bat ateaa eta, zalantzarik gabe, zuzenean sotoan sartzeko egurrezko ateak zeukan sarrailan sartu zuen. Biratu eta hots bortitza entzun ondoren, atean barrena suntsitu zen beroki berdeduna. Atea barrutik ixtean, berriro entzun zen hots berbera.

        Kanpora begira zeuden sotoko leiho guztiek bazeukaten aurrean belarra edota sasiren bat, baina ondo ikusteko behar besteko argia sartzen zen; batere arazorik gabe ikusteko eta moldatzeko ainakoa. Hezea eta hotza zen sotoa eta horregatik ez zuen gizon ile urdindunak berokia kendu nahi izan. Amaraunak nonahi.

        Barruko ate baten aurrean gelditu zen, beste zenbaiti begiratu ere egin gabe eta kanpoko txingeta korritu zuen atea irekitzeko. Bazekien zer zegoen barruan eta ezeri jaramonik egin gabe, gela hartan sartu, makurtu eta plastikozko poltsatik atera ondoren, ogi zati handi samar bat eta burdinazko lapikotxo bat aurrean jarri zituen. Baita plastikozko ur botila bat ere. Hauek uztean, toki berean zeuden lapikotxo eta botila hutsak hartu eta mekanikoki sartu zituen poltsan, eramateko asmoz.

        Ondoren zutitu eta bere aurrekaldeko ezkerrean zegoen zokora begiratu zuen. Eguzki errainu batek zemaion argia txokoari bete-berean. Sinestezina zen, lastapilo garbi baten gainean zetzana. Mutiko bat zen. Esnai eta bilutsik zegoen eta beldurrez begiratzen zion gizonari, berarentzat hain indartsu eta boteretsua zen gizonari eta, otsokume bat bailitzan, lau hankatan jarri zen lasto gainean. Bosten bat urte edukiko zituen eta lasto izpiak zeuzkan ile adats gorri, luze eta zikinetan nahasirik. Argala zen oso eta arras begi laranjatuak zeuzkan, oilo batenak bezalakoak, zirrara sortzen zutenak.

        Mutikoa biluzik ikustean, ingurura hedatu zuen gizonak begirada, zerbaiten bila ariko balitz bezala. Mutikoaren kontrako paretaren ondoan aurkitu zuen. Arropa batzuk ziren, mutil errukior haren arropa zarpailak.

        —Zergatik kendu dituzu, babu horrek?

        Gizonaren ahots ozena entzutean, ezin izan zuen mutikoak ikara ekidin trumoiak entzutean bezala, eta aurreko posturari utziz, lastotan eseri zen begirada beldurtia gizonagandik aldendu gabe. Lau urrats eman zituen beronek eta arropak eskuetan hartu. Niki marrudun bat, mutikoarentzat handiegiak ziren bi ezpartina eta praka gastatu batzuk ziren. Hartu bezain azkar ohartu zen gizona galtzak txixaz bustita zeudela. Mutilan hurbildu zitzaion praka kirastuna eskutik zintzilik erakutsiz.

        —Zenbat aldiz esan behar dizut arropak ez kentzeko, ergela? E, zenbat?

        Mutikoa lastotan kikildu zen beldurrak jota. Baina ez zen beldurra bera joko zuen bakarra, orduantxe jasotako belarron'doko ikaragarriak erakutsi zion bezala. Burua paretaren kontra joan zitzaion kolpearen bultzadaz eta egundoko koskorrekoa hartu zuen. Grazia eman zion gizon bihozgabeari kolpe bakar batez mutilak bi jasotzeak. Baina berehala ipini zuen haserre aurpegia. Mutikoari ez zitzaion malkorik atera min handia eduki arren; ohituta zegoen.

        Baina gizona arropak jazten hasi zitzaionean, egundoko hitz zatar eta deabrukeriak esaten zizkiolarik, mutilak ez zuen nahi izan, beti bezala, eta garrasika eta ostikoka hasi zen amorruaren amorruz. Bazirudien horixe bera nahi zuela gizonak, mutikoa jo eta jo hasi bait zen batere kupidarik gabe. Itzulipurdika egiten zuen mutiko gajoak lastapiloan, kolpeei iskintxo egin nahian, baina indartsuegia zen gizona beraren kontra ezer egiteko eta aurreko gauean basaxaguari entzundako oihu bera jaurtiki zuen; oihu zorrotz eta mingarri hura.

        Gizonari ez zitzaion batere gustatu eta isiltzeko agindu zion oihuka, baina nolabait, mutikoak gizona mintzen zuela ulertu eta oihua behin eta berriro errepikatu zuen gero eta ozenago. Ezpain ertza odoletan jarri zion zaplasteko bortitza jaso zuen erantzuntzat; min handi eman zion; baina basaxaguaren oihua egiten jarraitu zuen la-ia arnasa hartzeko astirik gabe. Orduan gizonak eskua ukabil bihurtu eta urdailean jo zuen nahiko gogor arropak jazten laga nahi ez zion mutil argala.

        Kolpean moztu zitzaion arnasa mutilari eta, lastotan etzanda eskuak urdailean, arnasa berreskuratzeko borroka latzean hasi zen.

        Mutikoaren larriari kasurik egin gabe eta nahiko geldi zegoela aprobetxatuz, txixaz bustitako prakak hartu eta hankatxo mehar eta zikinak estali zizkion gerriraino. Sabel gainean kremailera eta botoia itxi zizion; artean mutikoa ahoa zabalik zuela eta arnasa berreskuratu ezinik zegoen.

        —Lasai, alu madarikatua —esan zion—. Etorriko zaizu bai, arnasa. Hobe litzateke hortxe bertan hilko bazina, baina etorriko zaizu.

        Eta ezpartinak jarri zizkion segunduak moteltasun ikaragarriz pasatzen ziren bitartean. Arnasarik ezin zuen hartu mutilak. Niki marraduna hartu eta burutik sartu zion. Orduantxe hasi zen mutikoa bere onera etortzen.

        —Horra! Zer nioen nik? —gizonaren galdera lasaia.

        Eta mutila eserita jarri eta nikia jazten bukatu zuen. Eztulká eta negarrez hasi zen aingerutxoa. Gizonak kokotsetik heldu eta begietara egin zion so hantxe, bera belaunikaturik eta umea liere aurrean lastapilo garbian eserita.

        —Bah! —mespretxuz egin eta hauxe esateaz batera, bultz egín zion berriro ere etzan eraziz. Ez zen mugitu mutiko urrikiorra. Negar batean ari zen.

        Gizona zutitu, plastikozko poltsa hartu, irten eta atea itxi baino lehenago, mutiltxoari begiratu zion azken aldiz:

        —Eta jan! Entzun? Jan dena!

        Atea itxi eta kanpokoa ireki eta itxi ondoren, bertako basoan berneratu eta suntsitu egin zen.

        Artean, eguzki errainuak mutiltxoaren txokoa argitzen jarraitzen zuen. Umearen aurpegiari argi pixka bat zemaion, laztandu nahian edo. Poliki-poliki negarra egortu zitzaion mutikoari eta arnasa baretu. Ez ordea mina. Eseri egin zen eta esku bat urdailean jarri behar izan zuen, mina bait zemaion. Aurpegia zuzunka sentitzen zuen eta bero-bero eta beste eskua ahotik pasatzean, min hartu eta eskua odol arrasto batez zikindu zitzaion. Ipurdia eta bizkarra ere, era berean zeuzkan bero-bero eginda eta minberaturik.

        Bazekien ez zela gizon gaizto hura egun osoan berriro azalduko. Biharamunean bai, ur eta janari gehiagorekin eta berriro esango zion: «Jan, jan, jan dena!». Gorrotatu egiten zuen «jan» hitza. Oroitzapen txarrak besterik ez zekarkion. Eta oso mugatuak ziren ume haren oroitzapenak. Oroitzen zenetik zegoen sotoko gela hartan eta jakin ez zekien ezta soto batean zegoenik ere. Bururatu ere ezin zuen egin etxe batean zegoenik. Gizon gaizto hura, gelatik kanpo zegoen bakarra zela uste zuen, ez zekien zer zen aman bat. Munduárekiko kontaktu bakarra, bere burutxoa baino pixka bat altuago zegoen leiho zabal eta burdinduna zen.

        Leihoari begiratu zion malkoak xukatzeaz batera eta zutitu egin zen leiho hartarantz abiatuz. Berehala egin zioten enbarazu jantziek eta amen batean erantzi zituen arropak. Bertako aulkitxoa hartu eta leihopean jarri zuen. Horretarako baino ez zuen erabiltzen; esertzeko nahiago zuen lastoa, edo Turra; edo lurrean edo nonnahi botata egon ohi zen manta zahar eta zikina; neguan hotzetik zaintzen zuen manta maitea.

        Aulkitxora igo eta kanpora begiratu zuen. Leiho haren parean ez zegoen belarrik, mutilak jan egiten bait zuen hazi bezain azkar. Leihoari esker, bazeuzkan lagun batzuk, zorion apurra zemaioten lagun maitagarri batzuk, onak eta sekula jotzen ez zutenak; txoritxo ausart batzuk, kattagorri bat eta azkonar ederra.

        Mutiko ile gorriak denei ulertzen zien. Bazekien txoritxoak noiz zihoazkion janari eske edo besterik gabe berriketalditxo bat egitera. Zenbait txorik nahiago izaten zuen ogi manda azala baino eta kontrakoa beste hainbatek. Beste batzuek, handienek, babarrunak ere jaten zituzten, gizonak mutilari lapikotxoan ekartzen zizkion babarrunak, hain zuzen. Gorriak batzuetan eta txuriak bestetan, hotzak beti ere eta ogia gogorra zen gehienetan. Ura zuen gustokoena mutikoak, baina hori ez zioten sekula eskatzen leihoko lagunek.

        Azkonarrari izugarri gustatzen zitzaizkion babarrunak eta umeak irribarre egin zuen leihotik begira horretaz oroitzean. Une hartan ez zeukan lagunik aurrean, baina bazekien azalduko zirela.

        Mutiko ilegorriak ez zeukan izenik ez aulkitxoarentzat ez leihoarentzat ez babarrunentzat. Ez zekien ezeren izenik. Gizonagandik ikasitako hitzak urriak ziren oso: «jan, ergela, alua, jan, jan». Baina hitz eskasia honen ordez, ideia abstraktu ugari zeukan, azaltzen ez bazekien ere. Gainera kurrinka egiten zuen azkonarrek legez eta oihutxoak kattagorriek bezala. Txori askoren kantu eta txioak ere ondo baino hobeto zekizkien, entzun eta errepikatzearen poderioz. Azkonar, urtxintxa eta txorien hizkuntzak bereganatu eta soinu eta hotsez berea sortu zuen. Gizonak ez zion fitsik ere ulertzen azkonarreraz oso gose zela esaten zionean eta txoriek ez zioten tutik ere konprenitzen «jan» esaten zienean.

        Eta huraxe zen mutiko begi-laranjaren mundua. «Kanpoan» zerbait gehiago bazegoela susmatzen zuen, bere gelako kutxa bakarrean itsaspeko argazkiz beteriko liburu bat baitzegoen. Hauetan ikusita, bazekien gizon beltzak eta begi handi bakardunak bazeudela nonbait (buzoak) eta baita abere zapal eta bitxi asko ere (arrainak). Gizon begibakardunek izutu egiten zuten, baina abere zapal eta sinpatiko haiei atxikita sentitzen zen; begietan igertzen zien onak zirela. Ordu luzeak ematen zituen egun askotan koloretako argazki liluragarri haiei so eta zenbakiak eta irakurtzen ez bazekien ere, buruz zekien zein orrialdetan zeuden gizon begibakardunak eta begiratu gabe pasatzen zituen orri haiek.

        [...]