Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Zazpi pirata baltsa batean

Pako Aristi

haur eta gazte literatura

Erein, 1994

 

        Uda amaitu da, lastima, eta penatan gaude denok, zazpiok.

        Oporrak amaitzeak kristoren pena ematen digu guztioi, eta berriro sistema dezimala errepasatu behar, eta Argentina eta Austriako hiriburuak zeintzuk diren gogoratu behar, eta bederatzi planeten izenak ikasi behar, eta beste gauza pilo bat. Baina gero joaten gara lotara eta goizean esnatutakoan ikasitako denak ahazten zaizkigu.

        —Eskola inbentatu zuenari...

        Jozi sinpatikoari begira jarri gara denok.

        —Melokotoiko ederra emango nioke —esan du Jozik.

        Farrez hasi gara, eta Xingeliak buruan jarri dizkio eskuak.

        —Hik bai melokotoi ederra lepo gaineko hau! —eta belarritik hortzaka egin dio.

        —Ai, ai, ai, ospera! —esan du Jozik haserreturik, eta azkar-azkar bueltatu da, baina Xingelia makurtu eta behatza begian sartu dio Jozik Tostori. Tosto negarrez hasi da, eta ni haserretu egin naiz Jozirekin.

        —Beti Tostok hartzen ditu kulparik gabe handienak!

        Denok Tostorengana hurbildu gara, eta lepotik eta besoetatik heldu diogu.

        —Benga motel, oraindik badaukak beste begia! —esan dio Fofok.

        Baina farre gutxi egin dugu, triste gaudelako. Ez dugu eskolan hasi nahi Doņa Pepirekin, ezta solfeoan ere Simon zaharrarekin. Guk abenturak maite ditugu, edozein tokitan aurkitzen ditugu guk abenturak, fenomeno pasatzen dugu, elkarrekin haserretzen ez bagara behintzat, baina orduan nik jartzen dut pakea, ni, Martinello, ni naizelako taldeko kapitaina. Eta denek egiten didate kasu niri, bueno, Grixkolak batzuetan ez. Nik uste Grixkolak ere kapitaina izan nahi duela, baina ez da ausartzen, nik burrukan irabazi egiten diodalako. Hobe du argi ibiltzea!

        Ez nuen Ameriketako izeba mojari gehiago idazteko asmorik, baina ama errietan hasi zait, izeba gaixoa, hogei urtetan dagoela han, Jainkoa eta behartsuak zerbitzen, eta guregatik errezatzen, eta egia esan remordimentuak sortu dizkit amaren jardunak, eta zerbait idaztearren gure abentura bat kontatu diot, irakurtzean farre egingo zuela pentsatuta, baina amak, ezta pentsatu ere, esan dit. —Nola kontatuko diozu izeba mojari elizan dirua harrapatu zenutela? —eraso dit oihuka. Arrazoia dauka biska bat amak, baina hori izan zen pekatu bakarra, hori eta etxetik alde egin genuela ezer esan gabe. Azkenean dirua lurrean aurkitu genuela idatzi dut, eta horrela bidali diot izeba mojari gure abentura, abiazioko sobre batetan sarturik.

        Baina luzea da balsa hartan izandako abentura, eta ondo kontatu behar dut guztia. Katu bat aurkitu genuen zuhaitz batetan urkaturik, egundoko mareoa harrapatu genuen Xingeliak aitari kendutako ardo zahatoa hustu genuelako, estreinako aldiz lo etxetik kanpo egin genuen, zelai batean denok arrimaturik, zomorro beldurgarri bat harrapatu eta domatu egin genuen, ahari batek balsan alde egin zigun, hainbeste gauza!

        Asko gustatu zaizkie lagunei Martinello eta sei piraten abenturak, eta gehiago idazteko esan didate. Kaņonek esan dit dentistak paleta berriak jarri dizkiola eta hori idazteko sin falta, eta Xingeliak berak, ez jartzeko zigarrorik erretzen duenik, bere aitak oso jenio txarra duela eta ikaragarri haserretuko dela eta.

        Sebillanoak abuztuaren azken aldera joan ziren, Teresak aio egin zidan eskuarekin kotxetik, eta neretzat orduan amaitu zen uda. Baina klaseak ez ziren irailaren erdi aldera arte hasten, eta bidaia bat egitea pentsatu genuen.

        —Balsa bat egingo dugu! —esan zuen Grixkolak.

        —BALSA BAT? —eta denok berari begira gelditu ginen.

        —Ez, nik ez dakit igerian! —esan du Fofok.

        —Ikasi!

        —Ez, itsasoraino joango gara frenatu ezinda! —esan du Tostok beldurrez.

        —Nola egingo dugu? Nora joango gara?

        —Eta gasolinarentzako dirua?

        —Sevillara joango gara, Sevillara! —hasi da burlaka Jozi sinpatikoa, Sevillako Teresa gustatzen zaidala jakinik, baina nik ostikada bat bota diot eta ipurdi erdi erdian jo dut. Kontuz ibili dadila. Gizon bati ez zaio bere maiteaz iseka egiten. Neska asuntoak ez dira bromatan hartzekoak.

        —IXO! —oihukatu du Grixkolak.

        —ISILIK DENOK! —esan dut nik, eta denek kasu egin didate.

        —Bidoiak harrapatuko ditugu txatarreriatik —planeatu du Grixkolak— eta oholak jarri gainean. —Eta erdian poste luze bat piraten ikurrina jartzeko —esan du Kaņonek Sandokanek bezala hitz eginez.

        —Eta lau kanabera luze behar ditugu —esan diet balsa ibaian behera bultzatzeko.

        —Eta ezpatak eta fletxak zorroztu behar ditugu —esan du Xingeliak—, beste itsasontzi batzuek konkistatzeko.

        Belandiako txatarreria Txamako izeneko gizon batena da. Txamakok ez digu beldurrik ematen, baina bai txatarrerian dituen zakur handiek.

        —Ni ez noa! —esan du Tostok.

        —Txatarreriara ez datorrena ez da balsan sartuko! —agindu du Grixkolak.

        —Gu kanpoan geldituko gara zaintzen —esan du Fofok Tostori bizkarretik heldurik.

        BALE, esan dugu denok, eta gauean hamarretan gelditu gara txatarreriara joateko. Zakurrak engainatzeko zerbait hartu behar genuela eta, nik lukainka mutur bat hartu dut, Xingeliak txokolatina bat harrapatu du tabernan eta Jozik bi palotes hartu ditu, zakur handiei palotesak asko gustatzen zaizkiela eta.

        Herritik hurbil dago txatarreria, lau horma besterik ez dituen erretako lantegi bat da, eta segituan iritsi gara. Auto zaharrak, bidoiak, burni okertuak, barra luze batzuek, txatar asko dago, egunez ikusten denez, baina gauez beltzak ageri dira burniak, eta beldurtu egin gara denok.

        —Etorriko gara bihar, goazen etxera —esan du Fofok.