Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Basarri I. Bat-batean

Joxemari Iriondo

bertsolaritza

Auspoa/GFA, 2005

 

TXAPELEN HERIOTZA

 

        1969an hil zen Txapel bertsolaria. Eta urte hartako azaroaren 9an egin genion lehenengo bertso-omenaldia, Azpeitiko Soreasu antzokian. Joxe Lizaso, Lazkano, Agirre, Xalbador, Mattin, Uztapide eta Gorrotxategi izan ziren bertsotan egun hartan. Bertsolarientzat gaiak Joxemari Iriondok prestatu zituen, eta Basarrik eman bertsolariei.

        Jaialdiaren hasieran, Txapel noiz eta nola ezagutu zuen kontatu zuen Basarrik:

 

        Bederatzi-hamar urte izango nituan garai hartan. Eskolaumea nintzan; eta Zarauzko Antoniotarren eskolatik, ondo gogoan det bi autobus etorri ginala Azpeitiko Loiola ikustera, bisitatzera. Ume jendez betetako bi autobus, mutil koskorrez betetakoak. Ta hortxe arratsaldeko bostak inguruan, Loiolan, halaxe, ez dakit zer egun izango zan edo gertatu zan, baina dakidana hau da: bi bertsolari, Loiolako sarrera edo eskailera zabalaren ezker aldeko bi balkoitan ari zirala. Bat Itziarko Zubeltzu omen zan, gero jakin nuanez; eta bestea Eusebio Eizmendi Txapel zan. Nerekin etorri ziran mutil koskor haieri bertsoak ez zieten ezer esaten.

        Umeak ziran, batetik. Eta, bestetik, inoiz ez zuten entzun bertsorik. Eta berez ez zekarkiten bertsotarako grina hori. Baina zueri hitz egiten ari dan hau hamar urtetarako bertsoarentzat bizi zan. Neretzat ezin ziteken mundu zabalean hura zan baino festa egokiagorik jarri. Nik irentsi egin nitun egun hartan haien ezpainetatik irten ziran bertsoak.

        Geroztik Txapel zanarekin ezaguerarik asko izan nun. Lehendabizi, nere memoria hau oker ez badago, 1935garren urtean, gerra baino urte bat lehenago, izan nun harekin kantatzeko era eta egokiera. Ez harekin bakarrik, baizik eta bere koinadu Zepairekin ere bai. Errezilgo Udaletxeak,aiuntamentuak, hirurok Errezillen bataiatuak ginala-eta, dei egin zigun urte artako San Martinetan. Txapel, Zepai eta honako hau izan ziran urte hartan kantatu zutenak, Errezillen.

        Hura pasa zan, eta ondorenean beste herri askotan, ezin esan nun eta nola, baina toki askotan alkarrekin kantatzeko egokiera izan gendun, Jaunari eskerrak.

        Ni oso umea nintzala, hiru bat bertsolarik bete zuten Euskal Herriko bertso-eginkizuna: Txirrita zana, Gaztelu zana, eta Prantses Txikia esaten genionak. Hirurak ezagutu nitun, eta hirurekin izan nun kantatzeko era, oso gaztea nintzala. Etxean ostatua, tabernatxo bat bai gendun guk Zarautzen, eta Gaztelu zana igande askotan etortzen zan propio mutil gazte honi, beno, orduan umetxoa nintzan honi entzutera. Hark gozamen haundia izaten zun nerekin eta nik haundiagoa halako maixu batekin. Txirritarekin ere gertatu nintzan nor gehiagokan, konkurtsotan. Eta berari Errenderin egin genion omenaldi haundi hartan ere han ginan nere lagun Uztapide eta biok. Hau, gerra sortu zan urtean zan, gerra sortu baino lehenxeago.

        Haiek hil ziran, Txirrita, Gaztelu, Prantsesa ... Eta gero, hutsune bat izan zan Euskal Herrian. Eta hutsune hori bete zutenak, Txapel, Zubeltzu eta Zepai izan ziran, urte batzutan.

        Zenbat gozamen gu gaztetxoak giņala! Behin Oikian zirala, beste behin Aizarnazabalen zirala... Nik behintzat pausoak azkar aldatzen nitun Txapeli eta bere koinadu Zepairi entzuteko.

        Zubeltzu oraindik bizi da, Jaunari eskerrak, bere hirurogeita hamabost urterekin, Deban; ez zan plazetan hainbat ibiltzen. Gutxi ibiltzen zan. Esan bezela, Zepai eta Txapelek bete zuten hutsune hori, gerra ondorengo hutsune hura.

 

        Kontakizun honen ondoren bertso saioa hasi zen Soreasu antzokian. Basarrik berak ez zuen kantatu; baina aurreko egunean, azaro aren 8an, honako hauexek kantatu zizkigun Loiolako Herri Irratian:

 

                Bertso nereak, kanpoetara irten zaitezte barrendik.

                Txapel maitea, ondo dakigu: aldendu zinan gugandik.

                Jaunak hots egin zizun garaian ezkutatu zinan hemendik,

                baina sinista zazu guretzat bizi zerala oraindik.

 

                Txapel ta Zepai, izen bi hoiek ni liluratzen ninduten.

                Triste zeudenak alaitzen zuek ederki zendekizuten!

                Gu gaztetxoak ginan artean, biok sasoia zenduten.

                Hamaika bider gozatua naiz zuen bertsoak entzuten.

 

                Egun batez zu isildu zinan, orain besteak kantari;

                seme zintzoak aitormen ona ematen dio aitari.

                Zure gorantzan Azpeitin kantuz gaur zazpi bat bertsolari.

                Zuk behin aldatu zendun arbolak badu prutua ugari.

 

                Jendeak gogoz jarraitzen dio jarri zendun bide horri.

                Egin zenduen guziagatik bai zerala txalogarri!

                Zure hutsune tristea baina badegu zerbait pozgarri:

                oraindik ere bizi dirala euskera ta Euskal Herri.

 

        Txapelen hileta elizkizunean bertsolari askok kantatu zuen Azpeitiko parrokian; Basarri ere hantxe zen, eta kantatu zuen:

 

                Indar berezia du bataio-ponteak,

                hantxe gelditzen gera grazitan beteak;

                han du bere sustraia kristau izateak.

                Alargun utzi gaitu lagun zahar maiteak.

                Jauna, zabal zaizkatzu zeruko ateak.