Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gaueko zaintzailea

Julen Belamuno

narrazioa

Elkar, 2016

1

 

        Gaueko zaintzailea iluntzeko bederatziak aldera geratzen da bera bakarrik, azken langileek makina guztiak itzali eta etxerako bidea hartu dutenean, lantegian isiltasuna nagusitzen denean. Orduan, gauak ilunarekin batera bakea dakarren ordu horretan, bere erreinuaren jabe sentitzen da. Zorioneko ordu horretan hasita, gau guztia izaten du aurretik lantegiaren loa zelatatzeko, lantegiaren atsedena kanpoko ezerk ez duela asaldatuko ziurtatzeko. Urte asko egin ditu aitagandik oinordetzan jasotako lanbide horretan, urte asko aluminiozko perfilak egiten espezializatu zen enpresan, baina oraindik ere barrena pozten zaio gaua iristen denean eta bera bakarrik geratzen denean isiltasunaren erdian.

        Gehienetan askoz lehenago iristen da gaueko zaintzailea lantegira, oraindik ere bi edo hiru lagun geratzen direnean, ia beti berak, inolako premia berezirik gabe ere ordu estrak sartzen geratzen diren langile leialak, nagusiaren edo arduradunaren begietara esaneko eta konfiantzazko agertu nahi izaten dutenak. Batzuetan, lantegira ekartzen duen trenetik jaitsitakoan, bulegoetako argia pizturik ikusten du zaintzaileak, eta orduan badaki, betiko langile saiatuez gain, kontularitza edo finantzetako arduradunen bat ere kontuak orekatu nahian dabilela, edo, bestela, zuzendaritzakoak bileraren batean daudela. Haiek ere etxerako bidea hartzen dutenean, adeitsu agurtzen ditu zaintzaileak; gustatu egiten zaio batekin ez bada bestearekin hitz batzuk egitea, baina benetako alaitasuna bakarrik geratzen denean sentitzen du, lantegi lokartuan jaun eta jabe geratzen denean.

        Gaur ere, lantegira iritsi denean, ateratzen ari ziren azken langileekin gurutzatu da, baina apenas izan duen haiekin hitz batzuk egiteko aukerarik. Egun guztia lantegian pasatzen duten langileek nekea eta ernegazioa aurpegian dutela alde egiten dute, zaintzailearen presentziari ia erreparatu ere egin gabe, beren burutazioetan murgilduta. Batzuek enpresak eskatzen diena baino gehiago eman izanaren harrotasunaren talaiatik begiratzen diote, eta begirada horietan erraz sumatzen du izaki ezdeustzat hartzen dutela, ezer ekoizten ez duen bizkarroi bat dela haientzat, gaua egonean edo lo-kuluxkak eginez pasatzen duen alfer bat. Gauzak asko aldatu dira. Lehen, batez ere bere aitaren garaian, gaueko zaintzailea instituzio bat zen, denek miresmenez eta errespetuz tratatzen zuten kargu bat, nagusiaren konfiantza osoko pertsona bat. Beste garai batzuk ziren haiek.

        Gauean lantegira iristen den ordu horretan eta goizean alde egiten duenean bakarrik izaten du lantegia martxan ikusteko aukera. Gainontzean, gelditasuna eta isiltasuna izaten dira nagusi gauak babestutako bakardadezko erreinuan. Goizetan, gaua zelatan pasa ondoren, ibai aldera ematen duten leihoetatik begira jarri eta mendien gainetik egunaren lehen argiaren zantzuak sumatzen hasten denean, satisfazio handia sentitzen du, bere begi eta belarri erneek lantegiaren atsedena behar bezala zaindu dutelako, eta gauza guztiak bere tokian daudelako, berriz ere eguneroko jardunari ekiteko pronto. Goizeko lehen langileak lantegira sartutakoan ateratzen da lanetik. Horrela gustatzen zaio berari, langileak berriz ere beharrean hasi direnean alde egitea, makina guztiak beren egitekoa betetzeko martxan jarrita daudenean, eguneroko jarduna ohiko abiada segurua hartzen ari denean. Orduan poztu egiten da, gau guztian begi eta belarri ernez zaindutako erraldoi esnatu berria, gaua atseden gozo batean bezala igaro duen lantegia indarberrituta iratzartzen dela ikustean.

        Baina inor ere ez da ohartzen zaintzailearen lanaz, are gutxiago goizean sartzen diren langile horiek. Esnatu berritan trena edo autoa hartu eta lanera joaten diren langileentzat oharkabean pasatzen da zaintzailearen lana. Gazteenek zaintzailearen berririk ere ez dute; zaharrenetako batzuek besterik ez dute ezagutzen, eta sarreran edo irteeran topo eginez gero, begien mugimendu ia automatiko batez agurtzen dute, eguneroko errutinaren parte bat balitz bezala. Bere lanarekin osasunarekin bezala gertatzen dela pentsatzea gustatzen zaio, huts egiten digunean besterik ez garela hasten behar bezala estimatzen, galdu dugunean baizik ez garela ohartzen zer altxor genuen. Bera eta bere lana ikusezin bihurtu badira, harro egoteko modukoa dela iruditzen zaio, horrek bere eginkizunak ezin hobeto betetzen dituela erakusten duelako. Gehienek ahaztuta baldin badaukate, lanean eraginkorra delako dela pentsatzea gustatzen zaio, edo eraginkorra zelako esan beharko luke orain, gauzek hartu duten traza ikusita. Zenbat eta eraginkorrago, orduan eta ikusezinago eta ahaztuago. Horrela erakutsi zion aitak, eta irakaspen horri lotu izan zaio bizi guztian. Beste edozeinentzat esker txarrekoa zena, umiliagarri izatera ere irits zitekeen indiferentzia hura, ohoragarria zen zaintzailearentzat, lana perfekzio osoz egin zezakeela pentsarazten baitzion, eta harro egoteko moduko motiboa ematen.

        Aitari ere ez zitzaion gustatzen lantegia utzi eta etxera erretiratzea, harik eta goizean langile guztiak nor bere tokian eta makina guztiak martxan ikusi arte. Lantegia gaueko lozorrotik esnatu eta ekoizteko ahalmen guztiaz funtzionatzen ikustea zen zaintzaile zaharrarentzat ere eguneroko pozik handiena. Isileko satisfazio horrek asetzen zion barrena; horrela aitortu zion aitak hari laguntzen hasi zen garaian. Baina orain hori ere aldatuta dago. Orain, batzuetan, produkzioko arduraduna langileak baino lehenago iristen da. Laneko arazoren batek kezkatzen duelako-edo, urduritasuna eta ezinegona nabaritzen zaizkio horrelakoetan, eta gau txarra pasa duenaren aurpegiarekin iristen da lantegira. Horrelako egunetan zaintzailea ordua baino lehenago etxera bidaltzen hasi zen produkzioko arduraduna, pazientzia agortutako maisua edo gurasoa umeari zuzentzen zaion bezala hitz eginez, erdeinuz betetako sasierrukizko keinu batekin.

        Horrelakoak gertatzen hasi zitzaizkionean, agindua burumakur eta gogoz kontra betetzen hasi zen zaintzailea, baina hori ere bere lana zela iruditzen zitzaion, goikoen esanak aditzea, haien aginduak zuzen eta geroko utzi gabe betetzea. Lantegian nahiko ordu pasatzen zituela esaten hasi zitzaion behin enkargatua ere, ea bertan bizitzen geratu nahi zuen. Min hartzen zuen zaintzaileak horrelakoak entzun behar izaten zituenean, haren lana gutxiesten zutela iruditzen baitzitzaion, eta ez zerbaitetan huts egin zuelako edo bere egitekoa behar bezala bete ez zuela-eta errieta egiten ziotelako -hori erraz onartuko zukeen, horretarako baitago, arduradunen esanak aintzakotzat hartzeko-, baizik eta bere arreta guztia eta zaratarik txikienari erne zelatan igarotako ordu guztiak alferrikakoak zirela sentiarazi nahi izaten ziotelako.

        Gaur iluntzean, trenetik jaitsi eta lantegira hurbildu denean, zuzendaritzako bulegoko argiak piztuta ikusi ditu. Lantegira iristean, aparkalekuaren ondotik pasatzen ari zela, arduradun batzuk alde egiten ari ziren beren autoetan. Sarrera nagusiko atera gerturatu denean gelditu egin da. Fabrika zaharraren garaitik aldatu gabe segitzen zuen zati bakarretakoa zen, enpresaren ibilbide luzean izandako erreforma eta zabaltzeek errespetatu zutenetakoa, berak txikitatik oroitzen zuen sarrera bera, hiru eskailera maila xume haiek igota zegoen portxe moduko hura, mila aldiz margotutako metalezko zutabe haiekin. Atea ez zen, ordea, berak haurtzarotik gogoratzen zuen egurrezko hura; haren ordez beiraz ondo hornitutako berriago bat zegoen. Baina atea zeharkatutakoan betiko hall zaharrarekin egingo zuen topo berriz ere, baldosa zuri eta beltzez osatutako xake taula moduko harekin.

        Sarrerako hallean barru aldera doala, barrenean zuzendaria ikusi du; eskua jaso du zuzendariak zaintzailearen arreta bereganatzeko, eta, zaintzaileak buruaren mugimendu xume batekin agurtu duenean, bere atzetik gora igotzeko keinu batekin erantzun dio zuzendariak. Bazekien momentu hori iritsiko zela. Bi aste lehenago ere deitu zion bulegora, eta orduan enpresak zituen planen berri eman zion. Lantegia modernizatzeko asmoak jakinarazi zizkion, eta segurtasunaren kudeaketa eraberritzea ere plan horien barruan sartzen zen: laster segurtasun enpresa bat arduratuko zen lantegiaren zainketa lanaz, orain eskura zeuden teknologia eta aurrerapen guztiak behar bezala aprobetxatuta.

        Azken bi asteetan berak ikusi zituen segurtasun enpresako teknikariak alarma sistema jartzen, zuzenean bulego zentralizatu batera konektatutako sentsoreak instalatzen, lantegiko puntu aukeratuetan kamerak ipintzen. Bazekien eguna iritsiko zela, noizbait helduko zela zaintzailearen azken gaua. Eta iritsia zen. Bazekien zuzendariaren deia azken agurra emateko zela, bulegora igoarazi eta urteetan zaintzaile leial izandakoari protokolozko hitz batzuk egitekoa.

        Ez zitzaizkion arduradun moderno horien moduak batere gustatzen. Lantegia beste enpresa batek erosi eta eskuz aldatu zenetik zeuden zuzendari eta enkargatuak beste estilo batekoak ziren, eta aitaren garaiko kontuak nostalgiaz gogorarazten zizkioten. Orduan gaueko zaintzailea bazen norbait; arduradun nagusien parekoa zen, eta haiekin batera gonbidatu ohi zuten ugazabaren etxera egun handietako bazkarietara. Orain, ordea, ofizioak gainbehera ikaragarria jasan du, eta arduradun gehienek katean lotutako txakurra baino ezdeusago balitz bezala tratatzen dute.

        Egia zen askotan tokatzen zitzaion baino ordu gehiago ematen zituela, eta batzuetan azkeneko langileek beren lana bukatu baino askoz lehenago sartzen zela lantegian. Izan ere, maite zuen langileak beren lana bukatzen ikustea; batzuk irribarre eta txantxa artean, kalera ateratzeko ordua hurbil zegoelako; beste batzuk, berriz, aurpegian aspermen zantzuak dituztela, gustuko ez duten lan batean egun guztia igaro ondoren. Maite zuen lanaldiari amaiera ematen zioten hotsak entzutea: makinek itzaltzean ateratzen duten zarata, pixkanaka isilduz doazen motorrek burrundaratik murmuriora egiten duten aharrarusia, ia dena isildu denean ustekabean entzuten den azken mailu hotsa.

        Baina arduradun berriek ez zituzten horrelakoak ulertzen. Goizetan ere, lantokira ordua baino lehen iristen zirenean, zaintzaileari oldartu egiten zitzaizkion batzuetan, ordu hartan lagundu baino gehiago enbarazo egiten zuela esanez. Berak esandakoa betetzea beste aukerarik ez zuen, eta ohiturak aldatzen hasi behar izan zuen, lantegia berriz martxan ikusteak ematen zion pozari uko egin eta trena hartzera goizago ateratzen. Ez zen urrutira joan behar horretarako, industrialdea zabaltzeko lanak hasi zirenean propio eraiki baitzuten trenaren geralekua. Zaintzaileak oinez egin ohi zituen egunero, goizeko freskuran, trena hartzeko ibili behar izaten zituen hirurehun metroak. Betiko ordua baino lehen aterarazten zuten egunetan goizeko lehen trena hartzen hasi behar izan zuen, lehen langileak ekartzen zituen bera.

        Eta orain hori ere ohitura bihurtu zaio, eta zaintzailetzan igarotako azken gaua amaitzen duenean ere hor joango da goizeko lehen tren hori hartzera. Geralekuko eserlekuaren bazter batean jarrita egongo da trena noiz iritsiko zain. Trenak ateak irekitzen dituenean, han hasiko da langile saldoa ateratzen, gorputz sendoko jende osasuntsua, lanean zaildutako giza aleak, lepo sendo, bular zabal eta beso gihartsukoak. Gaua lo gozoan pasa ondoren energiaz berritutako gizasemeak ikusiko ditu, dutxa hartu berritako ile heze eta ongi orraztuak, bizar moztu berriak, goizeko hozkirrian gorritutako aurpegiak, bakoitza bere poltsa edo motxilarekin, hamarretakoa egiteko ogitarteko ederrekin, gizon osasuntsu eta gosetuen apetitua asetzeko adinakoekin. Zaintzaileari bere bizitzaren ispilua irudituko zaio berriz ere goizetako une hori: pauso seguruko eta asmo sendoko jende mardul hura alde batera, eta bera, berriz, goiz zalantzazko eta margulean beste aldera bakar-bakarrik.

        Baina oraindik gau guztia du aurretik lantegitik betiko urrunduko duen goizeko tren hori hartzeko unea iritsi arte. Sarrerako hallean zuzendaria ikusi duenean, bihotzak jauzi bat egin dio. Bazekien azken agurra eman nahi izango ziola, baina zuzendariak bulegora igotzeko keinua egin dionean ezin izan du saihestu azal guztian hedatu zaion dardara uzkurra. Hasieran bizi-bizi hasi da zuzendariaren atzetik bulegoko eskailerak igotzen, baina gero, momentuak eskatzen duen solemnitateaz jabetu denean, mantsotu egin du pausoa.

        Zabalik zegoen zuzendariaren bulegoko atea, eta han geratu da barrura begira zuzendariak sartzeko keinua egin dion arte. Bulego hura ere oso aldatuta zegoen. Lehengo ugazabaren egur iluneko altzarien tokian dena zen berriagoa eta argiagoa orain; hormetan koadro abstrakturen bat edo beste ikusten zen, baina enpresa berriak fusioaren ondoren han eta hemen zituen lantegien argazkiak ziren nagusi. Argazkien artean zegoen egutegiari erreparatu dio; lehen horman itsatsita egoten zen aurrezki kutxaren egutegiaren ordez, beste estilo batekoa zegoen orain zintzilik, aluminiozko perfilen irudi ikusgarriak zituena: 1989 jartzen zuen zenbaki gorri handietan, eta azpian maiatza zela gogorarazten zuen ingelesez.

        Zaintzaileak zuzendariaren keinuari erantzunez sartzeko imintzioa egin duenean, zuzendariak besoa luzatuz bere mahai dotorearen aurrean dagoen jarlekua seinalatu dio, eta bera mahaiaren atzeko besaulki handian eseri da. Hogeita hamabost bat urteko gizon gaztea da zuzendaria, altua eta beltzarana, ile beltz ugaria beti ondo orraztuta eramaten duena, planta oneko gizon kuriosoa, ilunabarreko ordu honetan ere, lanaldia amaitzeko ordua gertu izan arren, kolore bizietako gorbata ondo lotuta daramana, alkandora zuri lausogabearen eskumuturrak bezalaxe. Aspalditik ezagutzen du zaintzaileak, orain mahaiaren atzean lerden ageri zaion zuzendari hori mutil koskorra zen garaitik, herriko kaleetan edozein barrabaskeria egiten ikusten zuenetik, orduan ere etxe oneko, ordea.

        —Eseri zaitez, gizona! —esan dio irribarrez zuzendariak.

        Aurrez aurre daukan gizon hura enpresari ezagun baten semea zen, gaztetan aitari bihotzondoko asko emana, aitarenganako errebeldiaz-edo enpresa ikasketak bertan behera utzi zituena. Drogarekin arazoak zituela zabaldu zen herrian orduan, ondo gogoratzen da zaintzailea, oso gomendagarriak ez ziren lagunekin ibiltzen hasi zela, eta aitak giro horietatik ateratzeko Ingalaterrara bidali zuela ikastera. Urte batzuk geroago, erabat aldatuta itzuli zen, aitak bere negozioei jarraipena emateko behar zuen oinordeko fidagarri bihurtuta. Aitaren negozioen ardura hartzeaz gain, aluminio lantegi zaharkitu hura erosi zuen beste bazkide batzuekin, eta perfilak egiteko azken teknologia erabiltzen zuten sistema eta makinekin berritu handia eman zion fabrika zaharrari. Gero atzerriko enpresa handi batekin bateratze bidean jarri, eta enpresa talde indartsu bateko partaide bihurtu zuen betiko aluminio lantegi zaharberritua.

        Hor dauka zaintzaileak orain bere aurrean, gizaseme sendo bat, garai bateko gazte urduri hura orain energiaz eta erabakimenez ondo hornitutako enpresari ausart eta kementsu bilakatua. Hazpegi finetakoa zen, aurpegiaren harmoniari sendotasuna ematen zion masailezur indartsu baten jabe. Keinuek, gorputzaren mugimenduek eta janzkera zainduak berak ere indartu egiten zuten zuzendariari zerion irmotasuna, eta besaulkian erlaxatuta eta burua pixka bat atzera botata esertzeko moduak areagotu egiten zuen gizon seguruaren tankera, baina zaintzaileak batzuetan halako hauskortasun izpi bat antzematen zion begiradan, agian aspalditik ezagutzen zutenen aurrean gizon hark oraindik ere sentitzen zuen babesgabetasunaren arrastoa izan zitekeena, haren gaztetako ibileren berri zutenentzat ezin ezkutatuzko ahulezia bat baleuka bezala.

        —Iritsi da zure azkenengo eguna —esan dio zaintzaileari, zuzen, berri txarra irensteko nahiko denbora izan duenari hitz egiten zaion bezala—. Eta gauza guztien gainetik eskerrak eman nahi dizkizut hainbeste urtean egin duzun lanagatik. Badakit enpresaren zerbitzari leiala izan zarela. Hala esaten dute denek, eta nik ez dut dudarik egiten. Hogeita bost urte egin dituzu, gainera, ezta?

        —Hogeita zortzi —erantzun dio zaintzaileak, burua makurtzeko tentazioari eutsi eta zuzendariari begira geratuz.

        Urteak, hilabeteak eta egunak ere esango zizkion hutsik egiteko arriskurik gabe, 1961eko neguko gau hotz batetik 1989ko udaberrira arte igarotako guztiak, baina isilik geratu da. Zuzendariaren aurpegian dozena bat urte lehenagoko gazte argal eta zurbilaren hazpegiak ikusi ditu une batez, bizimodu egonkor eta arrakastatsuak moldatutako espresio orekatu eta sendoan aspaldiko gazte urduriaren ezinegonaren errainu bat.

        —Honezkero ondo pentsatuta izango duzu bizimodu berrirako zerbait. Ba al duzu planik?

        —Ez -erantzun dio zaintzaileak.

        —Bueno, sortuko zaizu zerbait. Beti ateratzen da zerbait. Badakit aurreratutako erretiroaren baldintzak ez direla denok nahi genituzkeenak, baina horrela daude gauzak.

        —Diruak ez nau askorik kezkatzen. Ez naiz egundo gastatzailea izan -esan dio zaintzaileak.

        —Horixe onena. Oraingo jendeak, berriz, badakizu... zuen garaikoen aldean asko behar du.

        Jaiki egin da zuzendaria, besaulkiaren bizkarrean zeukan jaka hartu, eta eskuen mugimendu dotore batekin jantzi du, eta sorbalden zirkin neurtuekin soinean ondo egokitu. Bulegotik ateratzeko keinua egin du, eta besotik heldu dio zaintzaileari eskailerak elkarrekin jaisteko gonbita eginez buruarekin.

        Sarrerako hallera iritsi direnean eskua eman dio, ondo neurtutako berotasunez.

        —Suerte ona izan dezazula. Badakit ondo merezita daukazula.

        Sorbaldan azken ukalditxoa eman dio zaintzaileari, eta aterantz joan da. Ate ondotik azken keinu bat egin, eta sarrera aurreko eskailerako hiru mailak jaisten ikusi du zaintzaileak. Aparkalekuraino begirik kendu gabe jarraitu dio, eta zuzendariaren ibilera bereziari erreparatu dio. Ia ahaztuta zeukan ibiltzean egiten zuen balantza arin hura, ezegonkortasun izpi bat transmititzen zuen aldaro txiki hura, zuzendaria ezagutzen ez zuten gehienei oharkabean pasatzen zitzaiena. Garai batean handiagoa zuen, baina urteetako ahalegin diziplinatuak asko leundu zion, nonbait, eta ezkerreko hanka aurreratu eta berriz lurrean jartzean sorbaldarekin egiten zuen mugimendu txiki bat besterik ez zitzaion geratzen, ibilera hura berezi samar egiten zuen ezaugarri ia ikusezin bat besterik ez.

        Zuzendariaren kotxea aparkalekutik nola ateratzen den begira geratu da zaintzailea, nola urruntzen den eta industrialdeko pabilioien artean nola ezkutatzen den. Zaintzailea bera ere atera egin da, eta aparkaleku hustuan geratu da industrialdea autobiarekin lotzen duen zubi aldera begira, zuzendariaren kotxea noiz pasako zain. Laster agertu da zubiburuan, eta ziztu batean egin ditu ibaiaz bestaldera igarotzeko dauden berrogei bat metroak. Autoaren argi horiak autobiako sarrerarako bidean nola txikitzen diren begira geratu da, azken arrastoa desagertu den arte.

        Azkenean bakarrik geratu da, baina gauero ordu horretan sentitzen duen poza goibeltasun laino batek estali du gaur begiak berriz ere lantegiko sarrerara zuzendu dituenean. Hiru eskailera mailak igo, eta barrura sartu da bere zeregina hutsik egin gabe betetzeko prest, azken gau horretan ere zaintzaile lanbideak berezkoa duen ardura zentzua galdu gabe, lantegiari beti izan dion leialtasun berberarekin.