Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Sekretuen lapurrak

Alaitz Olaizola

haur eta gazte literatura

Erein, 2011

 

1. AGERRALDIA (Ikertzaileak)

 

        (Musika isiltzearekin batera, HIRU IKERTZAILE agertuko dira. Alde guztietara begira datoz. Zuhaitzaren parera iristean... ).

 

1. IKERTZAILEA

        Azkenean! Hauxe da!

 

2. IKERTZAILEA

        Ziur al zaude?

 

1. IKERTZAILEA

        Baietz ba!

 

3. IKERTZAILEA (Eskuetan daukan liburua ireki eta hari begira)

        Bai. Hemen jartzen du zuhaitzaren adar bat urdina dela.

 

2. IKERTZAILEA (Zuhaitzaren inguruan bueltaka)

        Honek badauka bat.

 

1. IKERTZAILEA

        Zenbat zuhaitz egongo dira munduan adar bat urdina dutenak?

 

2. IKERTZAILEA (Pentsakor)

        Ez dakit ba...

 

3. IKERTZAILEA

        Ez dakizula? Munduan dagoen bakarra da! Eta zu ikertzailea al zara?

 

2. IKERTZAILEA

        Baietz uste dut.

 

1. IKERTZAILEA

        A zer ikertzaile ustela!

 

3. IKERTZAILEA (Zuhaitzari adi begira)

        Zulo dezentekoa dauka erdi-erdian...

 

1. IKERTZAILEA (Oso pozik)

        Mundiala! Mundiala!

 

2. IKERTZAILEA

        Ez dut ezer ulertzen. Txokolatezko ogitarteko bat aurkitu izan bagenu gutxienez...

 

1. IKERTZAILEA

        Sekretuen zuloa topatu dugu!

 

3. IKERTZAILEA

        Zulo horri gure sekretua kontatu behar diogu.

 

2. IKERTZAILEA

        A bai? Banoa! (Zulora hurbilduz)

 

1. IKERTZAILEA

        Geldi! Ezin diozu edozer esan.

 

3. IKERTZAILEA

        Hemen jartzen du (Liburuan irakurriz) «Jendeak bere sekretuak kontatuko dizkio zuloari...»

 

2. IKERTZAILEA (Hitza kenduz)

        Hori ba! (Zulora hurbilduz)

 

3. IKERTZAILEA

        Egoteko ba geldirik! (Irakurtzen jarraituz) «...eta azkenak mundu guztiaren sekretuen jabe izateko aukera izango du.»

 

1. IKERTZAILEA

        Gu izango gara sekretuen jabeak!!

 

2. IKERTZAILEA

        Eta zertarako jakin nahi ditugu besteen sekretuak?

 

1. IKERTZAILEA

        Sekretuak ezkutukoak direlako.

 

2. IKERTZAILEA

        Guk entzuten baditugu, jada ez dira sekretuak izango.

 

3. IKERTZAILEA

        Munduko ikertzaile onenak eta gaiztoenak izango gara!

 

2. IKERTZAILEA

        Gaiztoak al gara ba?

 

3. IKERTZAILEA

        Sekretuen jabe egitean bai.

 

2. IKERTZAILEA

        Ez dakit gaiztoa izan nahi dudan.

 

1. IKERTZAILEA

        Sekretuen lapurrak izango gara.

        (1. Ikertzaileak, zuhaitzera hurbildu eta zuloari sekretua kontatuko dio).

 

2. IKERTZAILEA

        Zer esan diozu?

 

1. IKERTZAILEA

        Sekretua da.

 

2. IKERTZAILEA

        Ba ihes egingo du.

 

3. IKERTZAILEA

        Egia! Estali egingo dugu. (Zuhaitzaren magalean dagoen buztina, zapia... hartu eta zuloa estaliko du).

 

1. IKERTZAILEA

        Kar! Kar! Kar! Zorionekoak gu! Gauean itzuliko gara Sekretuen bila.

 

3. IKERTZAILEA

        Jendeak nola jakingo du zuloari sekretua kontatu behar diola?

 

2. IKERTZAILEA

        Erraza! (Paper zati batean idatziz) SEKRETUEN ZULOA. (Azpian belarri bat margotuko du). Hau ikusten dutenean zuloaren parean jarriko dute belarria, eta zure sekretua entzungo dute. Hori bera egiteko tentaldian erori eta beren sekretua kontatuko dute. (Papera zuloaren parean itsatsiko du).

 

1. IKERTZAILEA

        Belarriarena oso ideia ona. Ez zara nik uste bezain inozoa. Ea, goazen!

 

2. IKERTZAILEA

        Txokolatezko ogitartekoa jatera!

 

        (Hirurak korrika desagertuko dira). (Musika entzungo da).