Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Iratiko sorgin basatia

Fernando Morillo

haur eta gazte literatura

Ibaizabal, 2007

 

PIZTIA

Gauean, lehen odola

 

        Gaua sartzear zen.

        Emakumeak, urduri, mendi-bidean aurrera egin zuen. Iratiko oihanaren ertzean zebilen, Petiriberri mendiko tontorretik hurbil.

        Bere baitarako murmurikatzen hasi zen:

        —Ez dago astirik, ene.

        Hirurogeita hamar urte zituen, eta ez zeukan behar adinako indarrik, ondo zekien. Baina saiatu egin behar zuen. Saiatu. Aukera txiki samarra bazeukan ere.

        Zarata entzun zuenean, azkarrago joan zen. Izerditan blai zegoen.

        Piztia gertu zen, sumatzen zuen. Beldurraren atzaparra sentitu zuen erraietan.

        —Bizkorrago, bizkorrago —agindu zion bere buruari.

        Emakumeak begiak luzatu zituen itzalpetan. Petiriberri mendiko tontorrera iristeko hamar bat minutu beharko zituen oraindik. Ez zen garaiz ibiliko.

        —Ez dago astirik —errepikatu zion bere buruari—. Ez dago astirik, ene.

        Etsirik, bidetik irten eta zelai txiki batera joan zen.

        —Lagundu, Dama —erregutu zuen, jainko zaharrei laguntza eskean.

        Arropa erantzi zuen, ahal bezain azkar. Zarata, berriro. Oraingoan, arnasa-hotza entzun zuen. Piztia oso hurbil zegoen.

        Emakumea guztiz biluzi zen. Gaua hotza zen amen, ez zeukan hartan pentsatzerik. Poliki, baina irmo, dantzan hasi zen, eta doinu zahar bat kantatzen.

        Emakumeak begiak itxi zituen une batez. Bere beldurrak kontrolatu behar zituen. Izuaren gainetik egon behar zuen, zerbait lortu ahal izateko.

        Denbora apur bat gehiago, erregutu zuen. Denbora apur bat.

        Azkarrago dantzatu zen.

        Lehen hodeiak sentitu zituen. Trinkotuz joan ziren. Indartuz.

        Bost minutu gehiago behar zituen. Bizkorrago. Bizkorrago.

        Berandu zen, ordea. Ikusi ez bazituen ere, bi begi distiratsu antzeman zituen erditzalean barrena. Bere bila ari ziren. Berarenganantz zetozen.

        Bertan zen piztia.

        Kito. Ez zegoen denbora gehiago. Ez zuen astirik. Ama zenaz oroitu zen. Biloba ere gogoratu zuen.

        —Izua kontrolatu —berresan zion bere buruari.

        Baina emakumea beldur zen. Ez zeukan onik irteteko modurik, ez zeukan itxaropenik. Berandu ohartu zen eta orain ezin zuen ezer egin.

        Hala ere, indarrak bildu eta zuhaitz-adar luze bat hartu zuen lurretik. Piztia indartsuagoa izango zen, baina larrutik ordainaraziko zion.

        Piztiak aurrera egin zuenean, emakumeak, bere hirurogeita hamar urterekin, garrasirik ozenena jaurti eta jauzi egin zuen. Aurrerantz. Piztiarenganantz.

        Piztia ere oldartu egin zen. Lehen odolak gaua blaitu zuen. Mina. Amorrua. Beldurra. Gero, isiltasuna.

        Eta piztiaren begi distiratsuak. Eta haren irribarre odoltsua.