Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Loiolarik ez balitz

Jose Luis Otamendi

saiakera

Uztarria, 2005

 

AIZPURUTXOKO APAIZ KANTARIA

 

        Urolako trena geltokira heldu denean, gizon bakarra jaitsi da bertatik. Maleta bat dakar eskuan. Hurreneko aldia da Azkoitia eta Zumarraga arteko etxarte laiotzean gelditzen dena. Geltoki azpitik, errepide estua ibaiari laztanka. Ez da jenderik ikusten, ume batzuk baino ez jolasean.

        —Kaixo! —diotse—. Hau Aizpurutxo da, ezta?

        —Bai, halaxe da.

        —Hona bidali naute. Apaiz berria naiz.

        Halaxe heldu zen Julen Lekuona (Julian deitzen zioten orduan) Aizpurutxoko abade-etxera, umeek gidatuta.

        —Oso maitea izan genuen hemen —oroitzen dira oraindik ere guztiak auzoan.

        Aizpurutxora, iraultza ekarri zuen trenetik maleta bakarrarekin jaitsi zen apaiz gaztea. Kantatzea maite zuen, eta mezetan, kantatzen hasi ziren. Gitarrekin-eta, ordea. Frantsesez le Pére Duval eta Soeur Sourire-eta aritzen ziren eran. Ordukoak ditu Caracasen Discos Gudari-k argitaratu zizkion bi disko haiek.

        —Xabier Lete eta Lurdes Iriondo ere etorrita daude mezetan kantatzera. Lagunak zituen, elkarrekin osatu zuten Ez Dok Amairu taldea 1966an. Aurreneko saio haietako batean, artean ez era ofizialean, taldea Hernanin taularatu zen. Otsailaren 9a zen. Bikondoa, Villar, Laboa, Kemen hirukoa, Biurri eta Izarti baleta izan zituen lagun. Trenez egin zuen bidea. Bidean, Zumarragatik Hernanira artean, kantatzeko poema bat idatzi zuen tren txartelaren atzealdean: «Hiltzaile bat bezela».

 

                Hiltzaile bat bezela hemen naramate,

                Bi eskuak loturik mundutik aparte.

                Errurik ez dutala azaldu nahi nuke

                Egia nahi dunantzat emana dut merke.

 

                Egia esan eta, zigorrez erantzun,

                Gure bizkar moretan diteke irakur.

                Egia utzi eta hobeto da entzun

                Munduak esandako zortzi mila gezur.

 

                Nola nahi dala ere egirik ez utzi

                Nahiz zigorrez laztandu zure gorputzari.

                Gure eginkizuna eman munduari

                Egiak gihartzen dun indar berri hori.

 

        Idazteko zaletasuna, seminariotik zetorkion. Ikasten zegoela, Priestley-ren Ertzaina etxean eta Tennesse Williams-en Kristalezko zooa antzerkiak euskaratu zituen. Zeruko Argia-n ere, sarri antzean idazten zuen; baita Donostiako egunkarietan ere.

        Otsail hartan bertan, bigarren emanaldia Donostiako Victoria Eugenian. Taldeari Benito Lertxundi gehitu zaio. Aurkezle, Jarrai taldeko Arantxa Gurmendi eta Ramon Saizarbitoria. Jendez gainezka aretoa, «Eliza pobrea» abestu zuen aurreneko aldiz:

 

                Eliza pobrea, Eliza pobrea,

                danontzat hobea.

 

                Moztu kardenalen arropak,

                Moztu dorre luze zorrotzak,

                Moztu obispo kotxe luzeak.

 

                Kendu urre eta pitxiak,

                Kendu kristau diferentziak,

                Kendu ministro diruzaleak.

 

                Non da estalpean jaioa?

                Non da Gurutzera igoa?

                Non da Nazaret-go langilea?

 

                Ager aski da Jaungoikoa,

                Ager berarekin nahikoa,

                Ager arpegi jatorra.

 

        Iskanbila, ez zen nolanahikoa izan. Bidaniako Lorentzo Bereziartua obispoak, abisua: «Ala apaiz ala kantua, bietako bat aukeratu». Biak aukeratu zituen, apaiz lanak itota Baga, biga, higa ikuskizunean parte hartzerik izan ez bazuen ere.

        Urte oparoak ditu Aizpurutxokoak: Ilargira noa (1965), Ez, ez dut nahi (1966), Martin Luther King (1966), Itsasoan urak handi dire (1968)... Elizarekin guztiz hautsi nahi ez duen gazteriak gogoz kantatzen ditu Aizpurutxoko apaizaren letrak. Batzuk, Aleluia-k eta, sustraiak egingo dituzte: Kanta dezagun danok / hau da egun alaia.... Justizia sozialaren aldeko oihua sotiltasun formalarekin uztartzen asmatu zuelako, kantatzeko bai, baina poemak zirelako aukeratu zuen Juan San Martinek Uhin Berri poesia antologiarako.

        Euskal Herrian lehen diskoa 1967an grabatu zuen, Bilbon, arazoak ekarriko dizkiona. Disketxea zuzentzen zuen Xabier Gereño idazleak baimena okerreko tokian eskatu, eta isuna Información y Turismo-tik. Baina dirurik ez ordaintzeko.

        Aizpurutxon agertu zen Guardia Zibila, Azkoitiko Movimiento-ko buruak emandako enbargo aginduarekin.

        —Besterik ez zuen, eta hala eraman zioten gitarra zahar hura.

        Gitarra zaharra bahituagatik, berriarekin jarraitu zuen. Xabier Lete eta Antton Valverderekin grabatutako Bertso Zaharrak bikoitzak gerra aurreko bertsolari asko berreskuratu zituen esnatzen hasia zen gizarte harentzat.

        Franco hil baino hiru bat urte lehenago utzi zuen auzora heldu zeneko maletan sartu zuen Aizpurutxo.

 

 

KABERNIKOLAK

 

        1931ko ekainean egin ziren Espainiako hauteskunde orokorretara CVDE (Candidatura Vasca Defensora del Estatuto) aurkeztu zen Gipuzkoatik. EAJk eta Comunión Integrista de Guipúzcoa (karlisten joera bateratuak) alderdiek osatutako koalizio horrek zabaldu zituen mezuen artean honakoa zegoen:

 

        Ezkerrera botua ematen dun gizona ez da biotzetik euskalduna, baizikan mingañetik.

 

        Badakigu hauteskunde kanpaina garaian esaten eta idazten diren askori ezin zaiela arreta handiegirik eman. Zorionez, ohikoa ez den sua eransten zaie adierazpenei eta harria ere, nora asko erreparatu gabe botatzen da sarri. Zaharra da joera hori lege.

        Espainian Bigarren Errepublika nagusi jarri zenean ez dirudi abegi gozoa egingo zitzaionik Azkoiti-Azpeitietan, 1931ko udaberri hartan herri bietako udalak nola osatuta zeuden begiratzen bada behintzat. Hamasei zinegotzietatik hamahiru tradizionalistak ziren eta hiru jeltzale Azkoitian; Azpeitian, berriz, hamar katoliko monarkikoak ziren, hiru tradizionalistak eta beste hiru jeltzaleak.

        Autonomia estatutuen aurreproiektuek markatu zuten Hego Euskal Herriko bizitza politikoa urte haietan. Munta berezia hartu zuen egitasmo bakoitzean nolako jarrera hartzen zen erlijio gaiaren inguruan, konfesionaltasunaren alde edo laikotasunaren alde egiten zen. Auzi hori erabakigarria gertatu zen eskuineko indarrek edo ezkerrekoak estatutua aldeztu zezaten, beti ere alderdi jeltzalea ezinbesteko osagai moduan ageri dela konbinazio eta balizko konponketa modu guztietan.

        Ezin aipatu gabe utzi, ordea, jauntxokeriak, lehen ez ezik, 1890ean gizonezkoen sufragio unibertsala Espainian legeztatu zenetik izan zuen indarra. Udalen osaera esplikatzeko lagungarri delakoan dakargu hona. Azpeitiko hauteskunde barrutian, salbuespenak salbu, ez zen hautagai aukerarik izaten bozketetan. 1907ko hauteskunde legearen 29. artikulua baliatzen zuten horrela jokatzeko. Delako artikuluak hautagai falta (abstención de candidatos) hartzen zuen kontuan, eta horren arabera aukeratu behar zirenak baino hautagai gehiago ez bazegoen zerrendetan azaltzeko prest, aurkezten ziren guztiak atera ohi ziren hautatuak automatikoki.

        Jauntxokeria edo kazikismoaren zerua izan ziren urte haiek, eta hauteskunde normalik ez zen izan 1931ko maiatzeko 8ko dekretuak indarrik gabe utzi zuen arte zorioneko 29. artikulua. Zenbat kargu zeuden, hainbeste hautagai aurkezten ziren, urte batean bai eta hurrengoan ere bai, sekula deskuidatu gabe. Diputazioak sustatutako amarrukeria salatu zuen Evaristo Bouzas El País Vasco egunkariko zuzendariak 1924an, eta jauntxokeriaren bihotz zein joko, eta Azpeitiko barrutia jo zuen.

        Tradizio horri berea emanda, bestelako gorabeherak ekarri zituen hogeita hamarreko hamarkadak. Azpeitian 1931ko ekainaren 11n Gipuzkoako udalerrien batzarra egin zen Eusko Ikaskuntzak ondu zuen estatutuaren aurreproiektua eztabaidatzeko. Emendakin garrantzitsua eta polemikoa ezarri zitzaion proiektuari bilkura hartan, hain justu ere Vatikanoarekin hartu-eman zuzenak izateko eskumena ezartzen zuena.

        Handik hiru egunera, Lizarran onartu zen babes zabalez eta festa giroan Lizarrako estatutu bezala ezagun dena. Hala ere, Azpeitiko emendakin batek, laugarren idazpuruko 15. atalak jaso zuen hark harrotu zuen hauts gehien eta zaildu zuen onarpena zabalagoa izan zedin. Horrexek eragin zuen, beste arrazoi batzuen artean, ezkerreko indarrek proiektuari babesa ukatzea.

        Giroa leuntzen ez zuen lagunduko Madrilgo gobernuak maiatzaren erdi aldera Gasteizko apezpikua, Mateo Mujika jauna, elizako artzain kargua politika egiteko baliatzen zuelakoan, mugaz beste aldera joatera gonbidatu izanak. Bidali aurretxoan egina zion bisita gainera Urola bailarari. Guztizko harrera beroa jaso zuela dio hari emandako zigorra kentzeko eskatuz Azpeitiko udalak gobernuari igorri zion idatzi ofizialak. Artean behin-behinekoa zen Madrilgo gobernua, eta egitekoak ziren hauteskundeek ezarriko zuten errepublikazaleen garaipenak zenbaterainoko oinarri sendoa zuen.

        Zernahi eta ere, ez zen samurra izango errepublikaren alde kanpaina egiten agertzea orduko Azpeitia inguruan. Hauteskunde bezperetako Azpeitiko gertaeren karietara horrela idatzi zioten Pasaiako errepublikaren aldekoek Gobernazioko Ministeritzari:

 

        Imposibilitados actuar candidatos, apoderados ni interventores en las elecciones en tan cavernícola región, es absurdo creer pureza sufragio, siendo verdadero héroe quien se atreva a votar candidatura de izquierda.

 

        Izan ere, egun batzuk lehenago, herriko plazan mitina eman nahi izan zuten Conjunción Republicano-Socialista-ANV koalizioko lau hizlariek epelak hartuta alde egin zuten.

        Garai hartan ere baziren jeltzale izan beharrik gabe ere mingañetik eta biotzetik euskaldun zirenak asko. Leiho honetara ekarri nahi izan ditugu Azpeitiko istiluak gai hartuta Joxe Mari Lopetegi kontratista irundarrak Irún Republicano astekarirako jarri zituen sei bertsook. Hauteskundeak 1931ko ekainaren 28an izan ziren, eta bertsook uztailaren 4ko alean ikusi zuten argia.

 

 

ASKATASUNAZ

 

                Zer buruzbide bihotz gabea, zer anaitasun zitala,

                zer gizontasun neurri gabea, zer zentzugabeko ergela;

                zer gertatzen da Euskal Herrian, zer garabiltza honela,

                zer itxuretan anai jatorrak, zer, pakez ezin gaudela,

                zer esan nahi du jarraikera honek, zer: zentzu gabeak gerala.

 

                Non gertatu da onelakorik, non jaunak, non, Azpeitian,

                jesuita ta erlijiyua besterik ez dan tokian.

                Askatasunaz gaudezelako lau lagun haruntz joan ginan,

                gure barrengo fede leiala aitortutzera hitz bian,

                ekin ziguten laueri milak guztiz modu itsusian.

 

                Gugandu ziran atzaparrakin lepotik ito nahiean,

                udazkenean nola enarak alanbrearen gainean,

                hitz bat egiten utzi nahi ezik modurik okerrenean,

                odolean ezin irukirikan min zutela barrenean,

                beldur ziraden bihurtutzeko nonbait gure esanean.

 

                Garate jauna Bergarakoa euskaldun jatorra berez,

                euskalduna bai, ezkerrekoa: apaizak ekusi nahi ez;

                heldu zioten zamarratikan lau puska egin beharrez,

                Santakruz zanen odol beretik nazi dira nere ustez,

                Aita Inazio sortu herrian bihotz onekoak daudez.

 

                Gomendio zan hoien laguna, jaun on bat oñatiarra,

                hotzikan gabe laja diote gizajoari bizkarra,

                tira ta bultza hautsi zioten soinean zeukan zamarra,

                ekustearren zeinen pizkorra berez dan azpeitiarra,

                askatasuna indartutzeko ez dago koadrila txarra.

 

                Mila baziran lau zatitzeko, ez al da lotsa euskalduna?

                Atzerrietan ai zer fama guk iruki behar deguna!

                Hau al da lege erlijioak erakutsitzen dizuna?

                Modu horretan baldin badabil maltzurtzar bihotz astuna,

                bide hortatik ez da etorko Euzkadin Askatasuna.

 

        Bertsoen munduan Lopetegi dela uste dugu nazi hitza estreinakoz darabilena. Arreta emangarria da, gainera, hizlarietako bat Justo Garate izan zela, Euzko Abertzale Ekintza (ANV) alderdi abertzaleko buruzagia. Garatenaren ondoan Gomendioren izena dakar hurrengo bertsoak. Hau gestore lanetan aritu zen Gipuzkoako diputazioan errepublika garaian eta 1936an, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Herri Auzitegiko fiskal izendatu zuen, beste grado bateko, baina Ildefonso Gurrutxaga bezala.

        Handik egun gutxira bozak bildu eta emaitza beldurgarria da: Azkoitian botoen % 99,63 bereganatu zituen CVDEk eta Azpeitian %98,93; CR-S-ANVren alde boza eman zuten heroiak hemeretzi izan ziren Azpeitian eta Azkoitian sei.

        Espainian barrena, aldiz, errepublikaren nagusitasuna nabarmendu zen. Lizarrako estatutua atzera bota zuen Madrileko gobernuak, eta 1931ko Konstituzioarekin bat (Espainian emakumeari lehenbizikoz aitortu zitzaion bozkatzeko eskubidea) etorri zen aurreproiektua sustatu zuen agintetik. Estatu eredu laiko baten alde egin zen handik atzera. Horrek berandu gabe eskuineko indar katoliko eta foruzale nagusiek proiektuari bizkarra ematea eragin zuen, eta jeltzaleekin batera ezker errepublikanoaren eta sozialisten babesa jasotzea 1933an.

        Herri batzuetan udal hauteskundeak egin ziren berriro 1933an, eta tartean ziren Azkoitia eta Azpeitia. Gauzak ez ziren askorik aldatu, baina zertxobait bai: Azkoitian lau zinegotzi katoliko zehaztugabe (católicos indefinidos), beste zortzi tradizionalista eta beste lau jeltzale atera ziren; Azpeitian zazpi katoliko zehaztugabe, bat tradizionalista eta beste zortzi jeltzale.

        Bitartean, ezkerreko errepublika agintean dela, jesuiten ordena desegin zuen Espainiako gobernuak dekretuz 1932ko urtarrilaren 23an. Esan gabe doa ez zela biharamunean Azpeitiko kaleetan protesta manifestaldirik eta Madrilera igorritako udalaren kexu eta deitore agiririk eskas izango.

        Ordura arte ezkerreko mugimendu antolatua harripean bezala egongo zen inguru hauetan, baina gobernua sendotu ahala egituratzen hasi zen. Hala, 1931n Azkoitian, eta hurrengo urtean Azpeitian, zabalik izango du zeinek bere zentro errepublikanoa. Giroak leuntzera joko du nolabait, badirudi datozen urteetan lehentasun politikoa estatutua izango dela gurean, eta, hori bai!, edozein iraultza sozialen arriskua ekiditea.

        Hurrengo kanpainetan eta hurrengo hamarkadetan ez dira falta izan hemen aipatutakoen antzeko hitzak, eta are gogorragoak ere. Atzo nazi jo dituzten beraiek, bihar, edo berrogei urte barru, beste edozeini ahoko zulora nazi! hoska aurki genitzake. Arerio politikoaren aurrean dena da libre. Eta hizkuntza bera ere narrastu eta lardastu egiten da zeharo.