Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Nere gorringotik

Iñaki Segurola

saiakera

Alberdania, 2008

 

AZKOITITIK LOIOLARA

 

        Munduak esan ez dezan heterodoxoa naizela, nere belarrietara ailegatu den bezala, ailegatu bai baina batere graziarik egiten ez didalarik («orto» edo «hetero» berdintsu dit orain; nik ez dut dotrinarik erakusten, eta ez naiz, beraz, «doxo»), holakorik esan ez dezaten, bada, gaur sermoia egingo dut, sermoi-sermoia, sermoi zuzena eta xuxena, sermoi santua eta xantua.

 

        Senide maiteok:

        Gaur, asteazken santu eguna dugu. Asteazkenaren gainean ez daukagu ezer esateko, eta beraz, santuen gainean hitz egingo dugu. Joan den astean Azkoitiko txoko unibertsalean ibili ginen, eta gaur, urari segika, uraren bideari segika, Loiolan geldituko gara, Loiolako txoko unibertsalean.

        Gainera, gaurko honetan, beti kontra egiten dudala eta alde hitz egiten badakidala erakutsi nahi nuke. Eta santuen gainean, Loiolan eta alde hitz egiten hasita, ez zait beste aukerarik gelditzen gure aita San Inazio haundiaren, haundi bezain unibertsalaren alde hitz egitea baizik.

        Ni egungo egunean predikatzailea banaiz ere, gaztetan iraultzaren eta askapenaren aldekoa izana naiz, eta ulertzen dut, badakit zer den, Loiolaren, Inazioren eta gauza horien kontra egotea eta egitea. Ulertzen dut, bai, orain dela 500 urte Loiolako izandun, eukidun, ahaldun eta boteredunen kontra, Eneko-Iñigoren etxekoen kontra egotea eta egitea; baita orain 300 urte egin zuten basilikaren kontra egitea ere. Baina gaur egunean ez. Gaur basilika gauza zoragarria iruditzen zait; Inaziok abiarazi zuen konpainia, lagundi, korporazio edo enpresa multinazionalari, jesuiten konpainiari, eskerrak eman beharrean gaudela uste dut, eta haien babesean horren ugari ditugun komentuei ere orobat.

 

        Eta zergatik edo nondik nora ederreste hau?, esker onezko sentimendu hau? Ba, esango dizuet: horiek denek gure lurraren puska eder bat salbatu digutelako oraindainokoan. Gogoan pasa ezazue zer izango ziren gure bailarako bazter horiek Loiolarik, santurik, basilikarik eta komenturik izan ez balitz. Ez dago zaila irudikatzen: pabrika zatarra, kea, zikina eta etxe itsusia besterik ez, eta bazter guztiak hondatuak. Bai, senide maiteok: badago aita San Inaziori eskerrak ematen lanik asko. Aita San Inaziori eta gure betiko fede eta erlijioari. Zeren eskeptikoek berek ere aitortu beharko digute oraingo fedea, orain gailen dabilen erlijioa mila bider zitalagoa eta aluagoa dela. Hazkundearen, garapenaren eta diruaren mugitu-beharraren erlijioa esan nahi dut; jendea zaborra ekoizten enpliatzen duen erlijioa esan nahi dut; ezertarako behar ez diren gauzak eginez eta eginez bazterrak desegiten dituen erlijioa esan nahi dut, senide maiteok.

        Aita San Inazioren fedeak salbatu dizkigu gure bailarako beheko lur batzuk, erribera-lur batzuk... oraindainokoan. Nekazaritzarako lur hoberenak, eta begi-bihotz-barruen atseginerako ere ez txarrenak, eta berriro diot, «oraindainokoan» salbatu direla lur horiek, zeren lur horiek gaur mehatxu latz baten azpian baitaude. Gaurko erlijio berri honetako apaizek zerbait «aurreikusten» dutenean, gure lau haragiak dardarak hartzen ditu. Hauen aurreikuspenek gure lehengo profeten esanak eta igarpenak oso motz eta behean utzi baitzituzten aspaldi. Eginez eta eginez bazterrak desegiten dituen erlijio honetako apaizek aurreikusi eta erabaki dute... Loiola bidea etxez betetzea. Alta San Inazio gloriosoa, anpara gaitzatzu!

 

        Erlijio honen misterio haundienetako bat zein da? Gaur herri bakoitzean zenbat etxe dauden hutsik, ba hainbestetxe egiten dituztela etxe berriak, alfer-alferrik edozein giza-logika naturalen ikuspegitik; diruaren logika edo deslogikatik bakarrik esplika daitezke, bestela ezin esplika daitezkeenak. Anai-arrebok: begira ze eromen, ze hondamendi eraikitzaile ekarri duen basiliken eta komentuen erlijio eder hura bazterrean utzi izanak. Aita San Inazioren hankako zauri beneragarriaren izenean: geldi bedi, ez bedi abia holako txikiziorik eta eromenik gure lur santu honetan!

 

        Gure benetako erlijioa eta fedea ordezkatzera etorri den beste fede edo mistika bat ere badabil hemen, nere gaurko prediku honetan aitatu gabe ezin utz nezakeena, eta hura da nazioen eta estatuen fedea, erlijioa eta mistika, nazio eta estatu haundi eta txikiena. Hemengo jendea nazio deklaratu eta nazio hori estatu bihurtzearen aldekoek gure aita San Inazioren kontra jardun ohi dute, esanez Kastillaren aldekoa zela, eta Nafarroaren kontrakoa, eta holako kontutxoak. Eta egiten dizuet galde nik: hala baldin bazen ere, zer? Nori inporta dio? Nik esango dizuet: lehengo gure benetako fedea utzi eta haren hutsa zerekin bete ez dakitenei inporta diete holako kontutxoek, nere aditzaile maiteok. Jendeari, temosotu gabeko jendeari ez behintzat; jendeak nahikoa lan izan du gainean tokatu zaion erresumaren kontra jarduten; hitzez edo egitez, baina kontra jarduten. Bateko soldadu joan beharra, eta besteko kontribuziyo edo zerga... beti eman izan diote errege, printze eta, ze esanik ez, oraingo exekutiboek herriari lanik eta buruhausterik aski eta gehiegi. Gainerakoan, jende zuhurrak komenentziaz jokatu izan du, bidezko den bezala: zer komeni den eta huraxe izan, identitate nazionaletan gehiegi sinetsi gabe, eta ahal bada, batere sinetsi gabe.

        Konparazio batera: neri atzerrira joatea gustatzen baldin bazait, baina aerofobia edo zeru-beldurra baldin badaukat (neri neroni gertatzen zaidan gauza baita), ba komeni zait euskotar abertzalea izatea, zeren, hartara, Logroñora joatearekin aski baitut atzerrira bidaiatzeko; baina, adibidez, makrobiotikaren ideia besarkatu baldin badut gozoro, eta makrobiotikak arroza famatzen baldin badit, eta aldi berean esaten badit bertako jeneroa jan behar dudala, ba orduan españolista izatea komeni zait, aditzaile maiteok, zeren, hartara, Calasparrako arroza bertako jeneroa izango baita neretzat, eta makrobiotikak ez dit nere osasunak kalterako lukeen kontraesanik sortuko.

 

        Aditzaile maiteok: hemen onena indeterminazioa da; ez autodeterminazio eta are gutxiago heterodeterminaziorik. Zer da indeterminazioa? Fisika kuantikotik datorren zera bat da, Heisenbergen printzipioa eta abar. Ezin sartuko gara horretan, eta zuzenean belarriz sentituko ditugu gauzak, nere meza-laguntzaile, monagillo, beretter edo dj zintzoari eskerrak. (Gallito izeneko pasodoblea entzuten da, aurreneko minutua edo, eta Laja eta Landakandak joa). Gallito izena du pasodoble honek eta izen edo ezizen bereko toreroaren omenez egina izan zen. Pasodoble hori korridetako ereserki ofiziala bihurturik dago kasik, eta nik Euskaldunon Egunkariak ateratako diskoan ekarri dut, eta haiek atera zuten azkoitiar «jator» batzuek jotzen dutelako, «betiko trikitixa» omen delako, eta, jakina, «euskal musika». Egunkari hiper-abertzale bat zen hura, beste hiper-abertzale batzuek indarrez eta torturaz itxi zutena, eta haientzat «música española» da Gallito hau, batere dudarik gabe, «española» eta «españolísima». Gu ez gara kontutxo hauekin oilartzen, gallitotzen eta itotzen. Guretzat musika da, pieza bat da. Guk ez dakigu besterik. Horixe da indeterminazioa.

 

        Aditzaile maiteok: bihartik aurrera Jesusen Pasioa edo Nekaldia berrituko dugu. Lehen, gure aita San Inazioren fedea bizirik zegoela, herriko edo auzoko elizara joaten zineten funtziora. Gaur ahal bezain urrutieneko parajeetara zoazte, eta errepideetako eta autobideetako pasioa eta nekaldia biziko dituzue. Hor ibiliko zarete batzuek besteei traba eginez, turismoak ekarri digun herioan. Eta estatistiken sarea ere hortxe dago, istripuen estatistikena, huts egiten ez duten numeroena: honenbesteko bat marrazki bizigabe edo pentaplegiko bihurtzen duen sarea.

        Lehengo fedean ez zegoen holako okerrik. Orain, zuetako gehienok egingo duzuena da, jendeak jendeari opa zionaren kontrakoa; hau da: «gaixki ibilli, asko gastau, ta bueltak iñontzako ez».

        Esana gelditzen da, nere gaurko aditzaile maite-maiteok.

 

        Komeniko da esanik uztea geroztik Loiola ingurua eta Loiola bidea kudeatzen dituen udaletxean siglaberritze bat gertatu zela, baina hala ere gauzek errejimenaren apaizek «aurreikusi» bezala segitu zutela, hau da, GPBk agindu bezala; GPB baita hemen eta la nonahi aspaldian agintzen duena, sigla batzuekin edo besteekin mozorroturik. GPB? Bai: Garapenaren Partidu Bakarra.