Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Jotakie, Urolan pop

Xabi Borda

kronika

Paper hotsak, 2006

 

OS GALLARDOSEKIN URRESTILLAN

 

        Kafea bukatu, eta azkar batean irten naiz tabernatik. Korrika. Denboraz estu nabil, eta zitara garaiz iritsi nahi dut. Urrestillan geratu naiz Jazzmanekin. Autoan sartu, motorra martxan ipini, eta hor abiatu naiz. Kazetaritzaz ezer gutxi dakit, baina hitzordura berandu heltzea erreportari kaxkarraren seinale dela, edonork esango lidake.

        Urrestilla Azpeititik gertu dago. Legez Azpeitiko auzoa da Urrestilla. Herri bat, ordea, bertakoei kasu egitekotan. Azpeititik Zestoarako norantzan, bariantean behera jaitsi, eta Landeta industrialdeko biribilgunean eskuinera hartu behar da Urrestillara joateko. Behin puntu horretara helduta, ez dago galtzeko arriskurik. Fabrika eta baserriak elkarrengandik banatzen dituen errepidean aurrera egin, eta berehala agertuko zaizu bekoz beko. Hamar minutura.

        Bidea itxita topatu dut, ordea. Azpeitia-Azkoitia maratoi erdiak errepideen norantzak oro aldatu ditu. Kirol zaletasun handia dugu bailaran; bizimodu osasuntsuaren aldeko herriak dira gureak. Eta hori, erakutsi egin behar da. Munduko korrikalaririk onenak ekartzen dira urtero bertakoekin nahasturik korrika egin dezaten. Gaurkoan giro ederra dute korrikalariek; bero martxoa izateko.

        Bidegurutze batean eman didate alto ertzainek. Korrikalariak nire aurretik pasatzen diren bitartean, Jotakieren «Bi Mila» abesti futurista entzunez itxaron dut: «2000. urtean gaude, gauzak ez dira orain lehen bezala...». Ezbairik gabe aspaldiko letra, dagoeneko milenio berriko seigarren urtean sartuak baikaude.

        Egonaldiaren erruz, azkenean hamar minutuak ordu erdi bihurtu zaizkit. Hau ez da modua, inoren aurrean kazetari agertzeko. Eskerrak Landetatik aurrera bidea libre zegoen. Urrestilla sarreran utzi dut autoa. Txikia da Urrestilla; etxe multzo koxkorra elizaren inguruan. Frontoi berri bat, bizpahiru taberna, dendatxo bat eta sakabanatutako baserri batzuk.

        Zita Ana Mariren tabernan egin dugu. Ate aurrera lotsatuta iritsi naiz, ia beldurtuta. Barrura sartu, eta hau poza: inor ez oraindik nire zain. Ertzainek geratuko zuten Jazzman ere. Beste kafe bat eskatu, eta itxoiten denbora asko daramanaren plantak egingo ditut. Ez naiz hain gaizki hasiko, beraz.

        Bitartean galdera aldrebes bati lotu natzaio: nola demontre egingo dut denboran atzera. Korrikalariek izerdia azalean nola, ez ote dakar hala liburu honek lerro artean nire asmoaren alferra. Duela hogeita hamar urteko garaia irudikatzen saiatzea, eta orduko kontzertuen oihartzunen bila ibiltzea, azken batean, ezinezko arkeologiak dira.

        Halako batean, bi gizon sartu dira taberna hutsera. Bata Kinio da, besteak Jazzman izan behar du. Kinio ezagutzen nuen lehendik, bistaz. Jazzman ez.

        «Hi al haiz Xabi?»

        Huts egiteko aukerarik ez zuen, kamerak salatzen nau. Larunbatero etortzen omen dira Urrestillara entsaiatzera Os Gallardos taldekoak.

        «Batzuk mus partidarako elkartzen dituk zapatu arratsaldeetan, gu berriz Urrestillara etortzen gaituk musika jotzera».

        Eliza ondotik aldapan gora igota, hor daude Azpeitiko musika taldeen lokalak. Bertara abiatu gara, galderak entsaioaren ondoren erantzungo omen dizkit eta.

        Zain ditugu beste kideak: Luka, Makoki eta Giria. Jotakieko baxu jolea izan zen Luka, eta baita Direccion Obligatoriakoa ere. Makoki bi talde horietan ibili zen. Ez dira, beraz, musika munduan gaur hasitako gaztetxoak. Giria da fitxaketa berria, taldeko bigarren abeslaria.

        Festarako gogoak sortu zuen Os Gallardos taldea duela denbora asko. Kinio, Jazzman eta beste zenbaitek osatzen zuten Fluss taldeak Jotakierekin batera Azautze baserrian entsaiatzen zuen 80. hamarkadan. Kontzertu batzuk egiteko asmoz, denak batu eta bertsio batzuk prestatzen hasi omen ziren. Rythm & Blues, Rock & Roll eta Bluesa. Baina baita bestelako erritmo eta abestiak ere:

        «Peret-en kantuetatik hasi eta Rare Heart-en kantak jotzera iritsi gintuan».

        Taldekide izan direnekin zerrenda luzea osatu daiteke. Zortzi, hamar eta hamabi kide ere izatera iritsi omen da inoiz taldea. Orkestra bat ia-ia. Entsaio lokal hura lurrarekin berdindu zutenean Urrestillara mudatu zen gero Os Gallardos. Hemen dabiltza oraindik, haserako filosofiari leial. «Os Gallardos parranda handi bat izaten huan!»

        Laster prestatu dituzte aparailuak; kable bat honako anplifikagailura lotu, beste hau berriz hango zuloan sartu. Gitarra afinatu du Jazzmanek eta mikroa frogatu Kiniok. Hariak tenkatu ditu Lukak eta bere neurrira jaso kaxa Makokik. One, two, three... Ingelesez ekin dio Azkoitiko buruzuriak. Belarriak zorroztu ditut, baina ezin ulertu eztarri urratu horretatik irteten hasi diren hitzak. Ingeles kaxkarra nirea, pentsatu dut.

        Benetan da abila Jazzman gitarrarekin. Ez dago bere Gibson-aren sei hariekin aterako ez duen akorde edo erritmorik. Nahi bezalako marrazkiak egingo dizkizu hariak frekuentzia ezberdinetan dardararaziz. Edonor liluratzen du; suge bat otzanduko luke honek gitarrarekin. Ondo merezia du inguru hauetan irabazia duen ospea.

        Makokik ere gogoz astintzen ditu makilak. Urteak omen dira bateria jo ez duela. Os Gallardos bateriajolerik gabe geratu zen duela gutxi, eta berriro heldu omen dio danborrak eta txapak kolpatzeko lanari. Puntu egokia hartzea falta omen zaio oraindik. Hartuko dio.

        Kiniori ezin ulertu. Giriak lasaitu nau, ez omen da nire ingeles maila kaxkarraren errua. Berak ere, Manchesterrekoa izanagatik, ez dio tutik ulertzen. Baina, Kiniok ingelesez abesten du. Bere eztarri hautsiak urrutiko abeslari bat dakarkit akordura. Baina ez dakit zein.

        Lukaren baxua jotzeko postura, berriz, argazkietatik egiten zait ezaguna. Eta atentzioa eman dit irudi horrek: Luka baxuari helduta, eta bere ondoan Ampeg anplifikagailua, letra horiz «Jotakie» idatzita duen kutxa metaliko baten gainean. Hemen aztarna bat, fosil bizi bat. Etxerakoan entsaio osoan burutik ezin kendurik ibili dudan galderak artegatzen nau. Fosil biziek ez didate askorako balio. Nola egin denboran atzera. Burutazio aldrebes bat daukat gogoan: B mailako pelikula amerikano batean ikusi nuen bezala kasetea alderantzira ipintzen badut, zer? Kotxean sartu eta ertzainek alto eman didatenean entzuten ari nintzen abestian zinta kontrako norantzan ipini dut martxan.

        Eta hara! Miraria. Kantuaren letrak aldatu egin dira: «1980. urtean geunden, gauzak ez ziren lehen orain bezala...» eta atzerantz hasi da kotxea mugitzen.

        Atzerantz noa ume nintzen garairaino.