Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gloria Mundi

Fernando Morillo

nobela

Elkar, 2004

 

Princetoneko Ikasketa Aurreratuen Institututik oso gertu

Ameriketako Estatu Batuak (1947)

09.00

 

        Robert Oppenheimer gizon luze eta argala zen. Mugimendu urdurikoa.

        Berokiak eta bufanda lodiak babestua, goizeko hamaikagarren zigarroa piztu zuen, keinu azkarrez. Bat-bateko zorabio batek goitik behera astindu zuen, ordea, eta zigarroa, axolagabe, udazkeneko hosto astun baten moduan erori zen lurrera.

        Lasaitu egin behar zuen. Horrela ezin zen inora joan. Institutuaren aurreko zelaietan hotz handia zegoen arren, izerdi jelatu batek bortizki busti zuen gizona. Belztasun hondogabe batean amiltzen sentitu zen une batez.

        —Prometeo —murmurikatu zuen, begiak itxiz. Prometeo mitologikoak jainkoei sua lapurtu eta gizakiei oparitu zien. Prometeok zibilizazioa ekarri zuen. Oppenheimerri hasperen ozena atera zitzaion. Galtzaileen zapore malkarra zeukan. Begiak igurtzi zituen, ezintasunez. Bihozmina handiegia egin zitzaion—. Ni Antiprometeo naiz.

        Munduaren historia nola-hala desbideratu behar zuen.

        Eta beldurrak guztiz jota zegoen.

 

        Eguzkia azkar eta gogoz aurkeztu zen. Lehendik izerditan bazegoen, Oppenheimer blaitzen ari zen orain. Berokia ireki eta bufanda sorbaldetan zintzilik utzi zuen.

        Princetoneko Ikasketa Aurreratuen Institutua. Azkenean. Zelai samurrak, zuhaitz isilak, txoriak kantari. Espero ez zuen irribarrea atera zitzaion.

        Princeton: mundu osoko zientzialari ospetsuenetakoen ikerlekua. Jenioen bakarleku, monasterio zistertarren baretasunean. San Benitoren Ora et Laboratik Princetoneko Cogito et Cogito-ra. Pentsatu besterik ez.

        Eraikin nagusira zeraman mendibidea jarraitu zuen. Leku hark, ezin uka, bake izugarria igortzen zuen. Ahazturiko hilerri baten moduan?, pentsatu zuen ironiaz. Beti izan zuen zalantza. Zer zen, benetan, Princeton: adimenaren pizgailu... edo hil aurreko zimeldura madarikatua?

        Eraikinera hurbildu ahala, aireak zeraman doinu sarkor batez ohartu zen. Biolin baten aiene-melodia. Ondo zekien nondik zetorren.

        Harreragilearengana jo zuen segituan. Emakume lodia zen, baina bizia itxuraz. Aurpegia gorritua zeukan, batera eta bestera ibili beharrak eta, agian, itsumustuko beroak eraginda.

        —Egun on —agurtu zuen Robert Oppenheimerrek—. Maisu Zaharrarekin hitz egin behar dut.

        Hotza eta zurruna izan zen emakumearen begirada. Erantzunik ez. Oppenheimer berriro saiatu zen:

        —Albert Einsteinen bila nator. Berarekin hitz egin behar dut.

        Harreragileak goitik behera miatu zuen etorri berria. Gizon luzanga eta higatu hark zientzialaria edo eroa baino ezin zuen izan. Hala ere, agindu oso zehatzak zeuzkan, ezin zen arriskatu.

        —Une honetan ez dago.

        —Esaiozu faborez Robert Oppenheimer hemen dagoela —tematu zen gizona, lotsagabekeria ukitu batez—. Ondo ezagutzen nau.

        —Einstein jauna ez dago hemen.

        —Esaiozu orduan joka ari den bere biolinari, faborez —ozenago mintzatu zen. Haserretzen hasia zen. Hainbeste istorio!—. Oraintxe bertan!

        Oppenheimer agintzen ohitua zegoen eta nabari zen. Emakumearen kopetan izerdi-tanta txikiak agertu ziren. Are gehiago gorritu zen.

        —Galdetu egingo dut —onartu zuen azkenean, barrera atzeko ate batetik desagertuz.

        Minutu bat. Bi. Hiru.

        Oppenheimer bi metro karratuen barruko ibilaldi geldiezinean hasi zen, jira eta buelta. Kristalezko kutxa batean sartutako euli baten moduan. Azken zigarroa gaurkoz, errepikatu zion bere buruari.

        Azkena.

        Begiak itxi eta hamaikagarren aldiz igurtzi zituen betzulo mugagabeak esku dardarati batez.

        Nola hartuko zuen Einsteinek? Ondo ez, hori seguru.

 

        Oppenheimerrek zigarroa amaitu zuen. Pauso hotsak entzun zituen. Txikiak. Lasaiak.

        —Oppie, Oppie, Oppie —aditu zuen bizkarraldean. Ahots leuna, doinu apur bat lakarra: Einsteinek ia hamabost urte bazeramatzan ere Ameriketako Estatu Batuetan, ezin zuen germaniar kutsu nabariegia findu. Bostekoa eman zioten elkarri.

        Bi janari-orban deigarrik zeharkatzen zuten Einsteinen alkandora zuria. Gosarian egindakoak, agian. Ilea, berriz, inoiz baino harrotuago zeukan. Ez zen sekula aldatuko.

        —Albert. Ez dakizu zenbat pozten naizen.

        Igarlea izan beharrik ez zeukan jakiteko Einsteinek ez zuela begiko. Ez zen bakarra: Einstein, Gidel, von Neumann... Guztiek aurpegiratzen zioten Manhattan Proiektua burutu izana. Guztiek leporatzen zioten bonba atomikoa eraikitzearen arduradun izatea eta —egia ez zen arren— jaurti behar zutenean nahiko gogor egin ez izana.

        Kabroiak.

        Haietako gehienek zuten zerikusia, era batean edo bestean, superbonbaren garapenean. Einsteinek teoriak eta Roosevelti berari idatzitako gutunak jarri zituen, von Neumannek aholkuak Manhattan Proiektuan bertan, Gödelek ere... Baina berdin zen. Ezin zuen beti noria berean bueltaka ibili.

        Gainera, nazien ergelkeria harroari zioten ikara berebizikoa zen gerra-urte haietan. Basapiztia ilehoriek bata bestearen atzean harilkatzen zituzten garaipenak, beren esbastikaren azpian, eta mundu erdia haien beldur zen... Albert Einsteinek berak oso gertutik ezagutzen zituen naziak; aski ondo zekien haien berniz distiratsuak barbaro aseezinena ezkutatzen zuela, eta ezin zitzaiela animalia haiei garaipen-itxaropen txikienik eskaini. Horregatik irrikatu zuten hainbeste —orain marmarka zebiltzan guztiek!— bonba atomikoa. Eta horrexegatik egin zuten lan Manhattan Proiektuaren alde.

        Orain, ordea, bazirudien hori guztia, urte gutxiren joanean, ahaztuz zihoala. Gizon harroa zen Oppenheimer, bazekien berak ere. Harroegia. Baina eskatu ziotena egiteko gauza zen eta egin zuen. Eta orain bazirudien bera zela errudun bakarra.

        —Eta? —galdetu zion Einsteinek—. Nolatan zu hemen?

        Einsteinen ahoak irribarre abegikorra egiten zuen, baina begiek ez zuten ezer utzi aztertu gabe. Arin mugitzen ziren hona eta hara, guztia ikusi nahian. Begi haiek ez zuten irribarrerik egiten.

        Einsteinek pipa atera zuen alkandora orbanduaren poltsikotik. Poliki piztu zuen.

        68 urterekin, Albert Einstein Jainkoaren parekoa —eta ordezkoa— zen Princetonen. Maisu Zaharra esaten zioten askok. Lelo Zaharra ere bai, zenbaitek, jenioa hurbil ez zegoenean. Lehoi-tximadun jakintsuak zientzia-mundu berriak abiarazi, eta ikusi ondoren onartu nahi izan ez zituelako.

        —Mesede bat egin behar didazu, Oppie —bota zion Einsteinek, Oppenheimer hitz egiten hasi baino lehen. Maisu Zaharrak burua okertu zuen, apur batez. Oppenheimerrek ezin zuen ulertu: nola izan zitzakeen Einsteinek oraindik, ia 70 urterekin, haur baten jokabidea eta planta?

        Roberti sinesgaitza zitzaion batzuetan horrelako haur batek hain ulermen izugarria izatea. Einstein iritsi bitarteko fisikan espazioa zegoen, eta denbora. Eta biak eternalak eta independenteak ziren; soka trinko eta hautsezinen modukoak. Baina orduan Einstein heldu zen, urakan fedegabe eta suntsitzaile baten moduan, eta espazioa eta denbora intzestu kosmiko baten partaide zirela frogatu zuen. Sokak ez, baizik eta maitale elastiko eta harrigarriak. Denbora, espazioa, energia... Betikoak ez zuen jada balio, eta Einsteinek iraultza koroatu zuen errege berri gisa. Baina iraultzaren iraultzari uko egiteko gero.

        —Zerbait esan... —hasi zen Oppenheimer.

        —Kurt ez da azaldu —eten zion Einsteinek, bekokia zimurtuz—. Xake-partida bat jokatu behar genuen. Badakizu xakean?

        Oppenheimerrek hasperen egin zuen. Kurt. Kurt Gödel. Beste fenomeno bat. Princetoneko Olinpoko beste jainkoetako bat. Jainko tragikoa. Aristotelesengandik hona izandako logikorik handiena, paranoia mota guztiek jota zegoen. Mundu osoak pozoitu egin nahi zuela sinetsita zegoen Kurt, edo munduko gaixotasun guztiak harrapatuko zituela, edo zenbakiek epaitu egingo zutela. Literalki.

        —Badakizu xakean? —errepikatu zuen Einsteinek.

        —Bai, baina...

        —Etorri.

        Maisu Zaharrak korridore estu batetik eraman zuen. Oppenheimer zerbait esatera behartuta sentitu zen:

        —Zer moduz dago Kurt? Lehen bezain gutxi jaten du?

        —Beti bezain argal jarraitzen du. Eta beti bezain argi.

        Einsteinek iraultza ezarri zuen, bai. Baina gero ez zuen berak zabaldutako bidean aurrera egin nahi izan. Oppenheimer damutzen hasia zen ordurako, bera beste iraultza baten berri ematera baitzetorkion. Latzagoa askozaz.

        Ulertuko al zuen?