Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Joanes (itxaropenaren semea)

Alaitz Olaizola

haur eta gazte literatura

BBK, 2007

 

1. BADATOR JOANES

 

        (Agertokian, edozein erietxetan egon ohi diren gurpildun bi ohe daude, alde batetik bestera mugitu daitezkeen horietakoak. Ohe bakoitzean, emakume bana dago. Bata Elena, gaztea —27 urte inguru— eta haurdun dagoena. Bestea, helduagoa, txorkatila igeltsutan duena).

 

ELENA

        Ai, ene amatxo maitea! (Bi eskuez sabela igurtziz, hasperenka).

 

EMAKUMEA (Besteari begiratu gabe, irribarrez).

        Horixe bera esango duzu, barruan daukazun horrek hitz egiten ikasten duen orduko...

 

ELENA

        Baliteke, bai.

 

EMAKUMEA

        Baliteke ez, seguru! Egidazu kasu, ez iezaiozu hitz egiten erakutsi.

        (Elenak, sabela ukitzeari utzi, arnasa sakon hartu, eta harrituta begiratuko dio emakumeari).

 

ELENA

        Hitz egiten ez erakusteko? Ederra kontua! Zerorrek ez al diozu zeureari erakutsi, ala?

 

EMAKUMEA (Gozoki poltsa bat ireki, eta janez).

        Bai noski. Hara, egia esango dizut: Patxik, zortzi hilabeterekin ikasi zuen «ez dut nahi» esaten. (Haurraren ahotsa imitatuz). Beraz, bi urte geroago jaiotako Pellori, hitz egiten ez irakastea erabaki nuen.

 

ELENA

        Hori ordea, izugarria da! Ama batek ezin dezake bere seme batekiko horrelako erabakirik hartu. Seme bat mundura ekarri, eta hitz egiten erakutsi nahi ez! (Harrituta).

 

EMAKUMEA

        Halaxe da, bai, izugarria. Izugarria, ikustea, ez irakatsita ere, urte eta erdirako mutiltxoak zeukan berba jarioa. Jakin izan banu...

 

ELENA

        Jakin, zer?

 

EMAKUMEA

        Ez nuela umerik mundura ekarriko.

 

ELENA

        Mesedez emakumea. Ba al dakizu zer esaten ari zaren?

 

EMAKUMEA

        Jakingo ez dut ba! Bi seme baditudala esaten ari natzaizu.

 

ELENA

        Zure semeek hitz egiten jakingo ez balute, bizitza guztirako samina izango zenuke!

 

EMAKUMEA

        Hori ezin ba jakin! (Besteari aurpegira begiratu gabe berriketan, hoztasun ikaragarriz). Aldiz, hitz egiten badakitelako, hil arterainoko samina badudala ziurta diezazuket. (Igeltsua seinalatuz).

 

ELENA (Begiak irten beharrean, emakumearen txorkatilari begira).

        Ez esan beraiena izan dela errua?

 

EMAKUMEA

        Izango ez zen ba! Aste bete daramat hemen, geldi, eta oraindik ez zait inor bisitan etorri!

 

ELENA

        Jesus emakumea, telefonoz deituko zizuten behintzat. (Lasaiago).

 

EMAKUMEA

        Bai, bai, bai. (Ironiaz). Batek Almeriatik, eta besteak Mediterraneo itsaso zabaletik.

 

ELENA

        Txorkatila hautsi bategatik, ez zaizkizu milaka kilometrotatik bisitan etorriko, emakumea.

 

EMAKUMEA

        Ezetz? Handiagoak egin ditut ba nik! Bigarrena izan bezain pronto, gauez, esnea berotzen ari nintzen batean, esne apur bat lurrera erori, hankaz gora erori, eta ukondoa hautsi nuen hartan, larrialdietan, semea hartu zuten aurrena, nire ukondoa zerura begira geratu bazen ere. Eta ni, isilik. Ulertzen?

 

ELENA

        Egia esan, ez.

 

EMAKUMEA

        Ez dun ba horren zaila! Besoetan neukan semeak, gosez eta negar batean zegoenak, nirekin batera egin zuela zorurako bidea.

 

ELENA

        Jainko maitea, ume gizajoa! A ze sustoa, ez?

 

EMAKUMEA

        Pentsa, txorkatila hiru zatitan hautsi nuen...

 

ELENA

        Umearena diot...

 

EMAKUMEA

        Jaio berriaren hezurrak gomazkoak izan ohi direla ez al dakizu zuk, edo zer?

 

ELENA

        Kolpea esan nahi nuen...

 

EMAKUMEA

        Hara, ez dakit ba zer esan. Bere esne anoa hartu bezain pronto lokartu zen. Nik berriz, hiru egun egin nituen lorik egin gabe. Hura bai zela mina... Bueno, hala ere, zuri laster datorkizun minik bezalakorik ez, egia esan.

        (Isilunea. Elena, izu aurpegiarekin, arnasa lasai hartu nahita, erditzearen minak burutik kendu nahian dago).

 

ELENA

        Emakumea, ez dut sekulan inor bere semeengatik horrelakoak esaten entzun.

 

EMAKUMEA

        Jakina ezetz. Pentsatu ordea, ama garenon ehuneko handi batek.

 

ELENA

        Ez dut uste. (Ausart). Nik behintzat, ez dut sekula horrelako burutazio erorik izan.

 

EMAKUMEA

        Ez, noski. Izan ez duzu haurraz ezer ez esanda hobe, gero damutu nahi ez baduzu behintzat.

 

ELENA

        Nik, nire semea, jaiotzerako maite dut. Gure etxeko izarra jaiotzera doa. (Sabelari begira hitz eginez, maitekiro).

 

EMAKUMEA

        Emaiozu laineza jaiotzerako, eta ikusiko duzu gero! Datorrenak, ez ditu zuk jasan beharreko minak jasango, ez eta ulertuko ere! Zer uste duzu ba?

 

ELENA

        Ba! (Jaramonik egin gabe, sabela igurtziz).

        (Isilune labur baten ostean...).

 

EMAKUMEA

        Eta, aita?

 

ELENA

        Aita? Imanol.

 

EMAKUMEA (Barrez).

        Urte askotarako. Non dagoen galdetzen ari nintzaizun.

 

ELENA

        Lanean.

 

EMAKUMEA

        Ikusten? Hark ere hitz egiten jakingo ez balu, hobe! Zure ondoan behar luke, ulertzen? Zure ondoan!

 

ELENA (Haserretzen hasita).

        Hemen, zertarako? Neuk izan beharko dut ba barruan daramadan haurra...Neure lana baino ez da gizaseme hau mundura ekartzea.

 

EMAKUMEA

        Mundura... Aho bete zorion aipatzen dugun hitz ederra... Ja! Ja! Ja! Zein mundu, seņorita? Mutu bakarrik ez, itsu ere jaio gintezke!

 

ELENA

        Ai, aiiiii! (Minez).

 

EMAKUMEA (Aldizkariari begira).

        Mundua, mundua. Zein mundu klase da hau, e? Zein mundu klase? Nekez erditu, nekez bizi eta nekez hil! Batzuentzako ona dena, besteentzako txarra, eta alderantziz. Batzuk irribarre egiteko, beste askok negar egin behar. Eta hori guztia gutxi balitz, erditzeko, kristorenak eta bi pasatu behar!

 

ELENA (Lasaitasuna mantendu nahita, arnasa sakon hartuz, sabelari hitz eginez).

        Lasai Joanes, lasai maitea.

 

EMAKUMEA

        Joanes, e? Mutila beraz. Gutxienez neska izan balitz...

 

ELENA (Berotuta).

        Semeak baino ez badituzu, eta niri, ez dakidanaz ez hitz egiteko esan badidazu, nola esan dezakezu ba zuk, neska hobeto izango dela?

 

EMAKUMEA

        Argi dago: semeak baditudalako. Bata ona ez bada, bestea hobeagoa izango da...

 

ELENA

        Hara... Ez naiz harritzen semeak bisitan etorri ez izana.

 

EMAKUMEA

        Neu ere ez. Ni adina aspertuko lirateke hemen.

 

        [...]