Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Irene, tempo di adagio

Pako Aristi

nobela

Erein, 1988

 

1

 

        Santos kupula formako kaiola batekin agertu zen Urte Zahar eguneko arratsalde hartan. San Pedro Basilika eskuan zeramala pentsatuz egin zuen etxerainoko bidea, behin, Mariok bidali zuen tarjeta batean ikusia baitzeukan Erroman zegoen munduko basilikarik handiena, eta hala ihardun zuen tarjetaren atzekaldean Marioren hitzak irakurri baino lehen, apaizei ez zitzaiela sekulan elizak kaiola forman egiteko mania hori alde egingo, kaiolak hegazti basatientzat zirela, ez gizakientzat, eta horrela Marioren hitzak irakurtzea ahaztu egin zitzaion, eta ez zuen Marioren mezu tristea ezagutuko Laurak ohean lo hartu arteko une horretan esplikatu izan ez balio, eta nahiago izan zuen Santosek goizean esplikatu izatea, ez baitzuen gau guztian lorik egin, bere seme desbideratu eta Ameriketara joandakoaren andantzak sortu zioten tristura larriengatik.

        Laurak harriturik begiratu zion kaiolarekin sartu zenean, baina gero, kaiola mahai gainean jarri zuenean, bihotza durduzaturik gelditu zitzaion, eta beldurturik begiratu zion borrokako oilar hari. Bere bizitzan ikusi zuen oilarrik gotor, hanpurus eta alimaliena zen, eta bere gandor, hegoburu eta arpen indar ortzantzatia neurtuz bezala begiratu zion, bi kafe ale bezalako bere begi beltzetan erreparatu gabe.

        —Oilarra jan behar al dugu Urte Zaharretan? —galdetu zion agurtu aurretik.

        Guztia hilabete eta erdi lehenago hasi zen. Bidean Santosek ez zuen hotzak aterarazten zion arnas lurruna begiratzen. Bide hartan, eta hamabi urtetan berdina, Irene itsua jaioko zen bihozkada izan zuenetik, orbel eta morkol berberak zapalduz zihoala, pentsamentuak oso urrun joaten zitzaizkion, une hartan, udazkena zelarik, kukua urrun zegoen bezala. Hain urrun, non lau metrotara ezkur bila zebiltzan kattagorriak ez zituen ikusten, ez zituen haizearen besoak sumatzen arbolak dantzatuz, gutxiago entzuten zituen txorien txirrio bakanak, eta pentsamenduak ez zitzaizkion arnas lurrunaren parera etortzen baso hartatik ateratzen zen arte, hain zuzen, Bezuza eta Belandiarako bidegurutzera iristen zen arte. Pentsamenduen basoa deitzen zion Santosek arboladi hari.

        Egun txinta hartan, asteroko ohiturari jarraituz, Bezuzako azokara abiatu zen bidegurutzetik eskumara hartuz.

        Santosentzat, mundura ateratzen zen egun bakarra izaten zen azokakoa, Bezuzan jende asko bizi da, esaten zien seme ttikiei hauek artean etxe inguruetatik irteten ez zirelarik, Bezuzan badago zer ikusia, eta zer erosia, eta behin karameluz betetako astotxo bat ekarri zien, baina astoa buztinezkoa zen, eta karameluak jateko modu bakarra astotxoa txikitzea zen. Nik karameluak nahi ditut, esan zuen Mariok, eta harri potor baten bila hasi zen, ez, ez, aita, ez utzi, nik astoa nahi dut, oihukatzen zuen Nikolak, la negarrez, nik astoa nahi dut jolasean ibiltzeko, arre arre mandako, bihar Tolosarako, Nikolak besoekin tapatzen zuen astoa, baina Mariok aurkitu zuen jadanik harri potor dezentea eta Nikolari besotik tiraka hasi zitzaion harri potorrarekin burura keinuka, Santosek bi umeei heldu zien, astoa hartu, eta kuku niku egiten hasi zen, ea nori tokatzen zitzaion, kuku niku anda niku txantxa perro kastellano plon plon, ikusi dut erbia lau intxaurren erdia bosgarrena, baina Mariok, burua azkarrago, Nikolari tokatuko zitzaiola aurreikusi zuen, bosgarrena putz, esan zuenean aitak, blaust heldu zion astoari, eskutatik kendu eta lurrera bota zuen, Santosek bosgarrena putz, Ladron y Ministron esatea amaitu zuenarekin batera. Ladron Nikolari tokatu zitzaion, baina lurrera begiratu zuenerako astoa mila puskatan zegoen, eta Mariok lortu egin zituen karameloak, eta baita Santosen somantakorik gogorrenak ere.

        Bezuzan jende asko bizi da, ez Belandian, Belandia ez da mundukoa, Belandia ez da ezer, esan ohi zuen Santosek, eta jarraitzen zuen esaten semeak etxean baino Belandian denbora gehiago pasatzen hasi zirenean ere.

        —Belandia infernuko atea da —esan zuen bakar hizketan, eta une hartan borrokarako oilarra ikusi zuen jende tustoaren artetik.

        —Ladedios, hori oilarra! —esanda, jende artean oilarrarengana joan zen zuzenean zenbaitekin estropozo eginez.

        Kupula formako kaiola batean zegoen. Beltza, beltza gaua bakarrik izan daitekeen moduan, begi txikiak, beltzak, distira lazgarria, arpek arranoarenak ziruditen, eta gandorra, esnea baino zuriagoa, xerloa bizkarreraino erortzen zitzaion, buru guztian zabalduta. Burua lehoiarena, arpak arranoarenak, gorputza bakarrik zeukan normala oilar hark. Denbora asko egon zitzaion Santos begira, eta arnasa hartzerakoan ulu mehe bat egiten zuela konturatu zen, baina hain emea non pauso bat atzerago entzunezina zen. Hurrengo astean ez zuen oilar hura ikusi arteko onik izan azokara heldu orduko. Ondorengo bi astetan berdina egin zuen. Bosgarren astean oilarra falta zen. Santos penaturik gelditu zen, penaturik ibili zen azokako erotsaren artean oilarraren bila, nakarturik itzuli zen etxera. Laurak ez zekien nola zapuztu eta hortzilundu zitekeen hainbeste gizona egun batetik bestera. Egunak horrela igaro ondoren, helburu bakar batekin joan zen azokara seigarren astean. Oilarra ez zegoen. Frakasoa. Eskuartean edukitako paradisu bat galdu balu bezala sentitu zen. Zazpigarren astean han ikusi zuen berriro oilar gandor-zuria. Urrutitik ikusi zuen, eta jende askoren artetik. Barrutik ateratzen zitzaion aginduaren menpe, erosi egin zuen eta etxera abiatu zen zuzenean, eta Lauraren galdera entzun zuenean mandiora zuzendu zituen pausoak oilarrari begirik kendu gabe:

        —Ez, oilar hau ez da horretarako!

 

        Lauraren lehen burutazioa bere aitona eroa izan zen, Jaungoikoa gurdi zuri batean etorri behar zitzaiola esaten zuena, azkenean gurdi zurian ez baina intxaurrondo oholez egindako hilkaxa dotore batean lurperatu zutena. Une batean hala iruditu zitzaion, Santos, bizitzaren izkimizki tamalgarriak zirela medio, zegokion baino lehenago zaharkitua eta higatua, aitonaren bideari jarraitzen hasi zitzaiola, batere parte onekoa iruditzen ez zitzaion oilar hura erostean. Sekula pentsatu ez zuena, oilarrarekin mandioko ezkaratzak igotzen ikusi zuenean, oilar alimale hark eramango zuela bere senarraren maitasun apurra izan zen, oilarrak bereganatuko zituela gizon haren azken kezka hutsalak, eta azkenik, oilarrak jarriko zuela ere heriotzara zuzentzen duen bidean. Eta aizkoraren azpian burua mokoa zabalik lurrera erori zenean, Laura damutu egin zen oilarra lehenago ez akabatzeaz, baina ordurako Santosen gorpua la usteldua zen Ernestorenaren ondoan Belandiako kanposantuan.

        —Belandia guztian ez dago horrelako oilarrik! —esan zuen Santosek.

        —Belandia guztian ez dago oilar batengatik hainbeste pagatuko duen erorik —erantzun zion Laurak.

        —Eroak bai, dirurik ez! —zuzendu zuen Irenek, la ahorik zabaldu gabe, beti hitz egiten zuen gisan.

        —Mario egon balitz sikira, azken oilarrarekin egin zuena egiteko zure honekin ere —esan zuen Laurak haserreturik.

        Laurak bi arantza zituen bihotzean sartuak, eta horietako bat Mario zen, eta haserrealdi guztietan beti berdinarekin hasten zen, Mario egon balitz, ez zuen inoiz Ameriketara joan behar izan, zuk berotu zenion kazkarra, Belandia infernuko ipurdia zela esanez. Beste arantzak urkamendiko sokaren forma zeukan, eta gauez etxe kanpoko zarata guztiak bat bihurtzen ziren Laurarentzat, borreroak palanka sakatu eta Ernestoren oin azpiko zoluak jaisterakoan atera zuen klakatekoa. Zarata lehor, ozen eta dudagabe hura ez zitzaion bizitza guztian belarrietako zulotik alde egin, Irene erditu zuenean gelditu zitzaion obarioetako minak sekula alde egin ez zion bezala. Eguraldi aldaketak areagotu egiten zion mina, eta obarioetatik bizkarrera zabaltzen zitzaion, eta minagatik insomnioak harrapatzen zuenean, klakateko triste hura entzuten pasatzen zuen gaua, eta orduan nola esplikatu Santosi bizitzeko gogorik gabe sentitzen zela, bakardadea uxatzeko eskatu ziola ezkontzea, ez beste ezergatik, eta inoiz baino bakartiagoa sentitzen zela Mario bere seme bihotzekoak Ameriketarako bidea hartu zuenetik. Ernesto bigarren aldiz hil tela sentitu zuen Mario etxetik atera zenean, atorra eta zakutraste handi hura bizkarrean harturik. Adio, Mario, esan zion negarrez atean, Amerika urruti egongo da, bai, berriz hona itzultzeko bai, eta nola esplikatu Santosi orduan bere amaren maitasun guztia zeramala Mariok begi beltz eta bekain lodiz jantziriko kopeta zabal hartan, kopeta aitarena duzu, sudurra amarena, baina erabakiak, guztiak dira zureak, esan zion haseran, Ameriketarako hizketekin hasi zenean, baina azkenean zergatik joan behar duzu, zergatik ez nauzu gehiago maite oihukatu zion Laurak, eta ez zion musurik eman, Santosek sorbaldan jo zuen, Irenek, bere kulunkaritik, Irenek bakarrik opatu zion bidaia ona eta ondo ibiltzea Ameriketa ditxoso horretan.

        —Mario egon balitz sikira, oilarra begi bistatik kentzeko!

        Eta Mariok askotan kontatu ohi zuen, Veracruzen, puten koartoetara sartzeko ate horiak zituen taberna dekadente hartan, munduko edozein marinelekin horditurik, Belandiako festetan etxeko oilarrari egin ziona. Oilarra lepotik bizikletari lotu zion soka batez, eta Belandiako hiru kaleetan zehar korritzen hasi zen. Haseran jarraitzen zion oilarrak, baina gero nekatu egin zen, hankak indargeak gelditu, eta arrastaka hasi zitzaionean plazan sartu zen, farrez, bizikletan gotorki, atzean oilarra erdi akabaturik zekarrela. Jendea algaraka jarri zuen. Orduan lagun batek oilarrari heldu zion, baina Mariok pedalkada gogor bat bota zuen eta lepoa eten zitzaion oilarrari, eta odolak lagunaren alkandora zuria orbandu zuen, eta herrian zabaldu zenez, oilarrak azken kantua bota omen zuen lepoa eten eta gero. Mariok hiru aldiz kantatu zuela esaten zien marinelei, eta hauek, a bai, istorio hori entzuna dugu nonbaiten, eta sinestu egiten zioten.

 

        Nikolak, txikia artean, ez zuen ondo ulertzen bere gurasoen asuntoa. Sei urte zeuzkan, Mariok bezala, eta lehenengo aldiz bere gurasoen misterioaz galdetu zuenean, lehen eta azken aldia izango zela erabaki zuen, egia jakiteak sortu zion izu ikaragatik. «Apellidu desberdinak ditugun anaia bakarrak gara Belandian» pentsatzen zuen eskolara bidean basoa zeharkatzean, baina behin basoa bizkarrean utzi eta bidegurutzera ailegatzen zenean, beti ahaztu egiten zitzaion metro batzuk lehenago pentsatutakoa. Hori zen baso hark bidaiariari eskaini ziezaiokeen fruitu bakarra, pentsamenduena, haritzek ematen zituzten ezkurrak ez bait ziren behatz txikiko azkazala baino handiagoak hazten eta gaztainek ez baitzuten inoiz morkola uzten, indargeak aurkitzen ziren, morkolaren babesa uzteko beldurrez, eta horrela, haizea eta eguzkiarengandik ostendurik ez ziren inoiz heltzen, eta urtero, ez zuten hezetasuna galtzen, eta gaztaina hezerik ez zuen inork biltzen. Pagoak luze hasten ziren eta udan hosto ugariek pasoa ixten zioten eguzkiaren argi txirrintari eta neguan langarra erakartzen zuten. Basoa orbelezko alfonbra kordokari eta mendre batek estaltzen zuen urte guztian, ez baitzen orbela aireratuko zukeen haize gogorrik sartzen arbola hil eta bizien enborren murru hartatik. Lo kuluxka bat egitea bezala zen baso hura zeharkatzea. Bidaiariaren pentsamenduak astintzen zituen, ezarian, baina gero, ametsa amaitu izan balitz bezala, ahaztu egiten ziren pentsamenduak. Baina gogoan hartu zuen Nikolak, sei urte zituela, abizen desberdinen pentsamendua, eta eskolara besteak baino lehenago ailegaturik, maistrari galdetu zion. Balentxitarrek Sarasua zuten abizena, Garondotarrek Arsuaga, Beratarrek Otaegi, eta Buenabistakoek Saleronte, baina Mario bere anaia Guardiola zen eta Nikola bera Aldabalde.

        —Ez dakit —erantzun zion maistrak— zure benetako aita hilda egongo da!

        —Baina aita ez al da nere aita?

        —Aita zure aita da, baina lehenago, askoz txikiagoa zinenean, beste aita bat zenean, baina hil egin zen.

        —Hil egin zuten —oihukatu zuen Mariok eskolara sartu berririk —Hil egin zuten gaiztoa zelako.

        Nikola begi zabalik geratu zitzaion eta maistra dardarka hasi zen. Buztinezko astoaren iskanbila izan zenetik Mario eta Nikola ez ziren ondo konpontzen, elkarren kaltea besterik ez zuten bilatzen, eta jadanik bizitza guztian ez zen bere onera etorriko halen adiskidantza, ezta Mario Ameriketan gaixoturik Nikola bere bila abiatu zenean ere, alta zaharraren erreguei ezetz esateko beldurrak bultzatu baitzuen bidaia luze hartara, eta estreinakoz abenturak izateko aukera begi aurrean zabaltzen zitzaiolako, eta ez Laurak uste zuen bezala anaiarekiko maitasun eta sentikortasun ikaragarri batek.

        —Gezurra, hori gezurra da! —eta paparretik heldu zion Nikolak.

        Baina Mario biziagoa zen eta lurrera bota zuen Nikola bi besoetatik helduz.

        —Soka jarri zioten lepo bueltan eta ito arte estutu, horixe egin zioten.

        Maistra esnatu egin zen bere dardarizotik.

        —Isilik Mario! —eta blastateko bat eman zion.

        Biei besotik heldu zien eta begira gelditu zitzaizkion umeak.

        —Mario, zure aita Ernesto Guardiola zen, baina urkatu egin zuten gizon bat hil zuelako, eta Laura zure ama alargun gelditu zen.

        Mariok begiak zabalik begiratzen zion, hitz halen sineskortasuna juzgatuz bezala.

        —Zure aita Santos Aldabalde da —esan zion Nikolari—, baina Teresa zure ama hil egin zen, eta Santos alargun gelditu.

        —Orduan...

        —Orduan zuen aita-ama alargunak elkarrekin ezkondu ziren, eta zuek zeuen apellidoak mantentzen dituzue.

        —Hire aita huen urkatua, ez nerea! —esan zion Nikolak Mariori gorrotoz.

        Mariok lasterka alde egin zuen Nikola muturrean jo ondoren. Nikola negarrez hasi zen, baina maistrak kontsolatu zuen.

        —Eseri mahaian, eta gero erregalo bat emango dizut!

        Umeteriak alde egin zuenean, orri handi bat atera zuen maistrak.. Etxetxo bat egiteko zen. Etxearen zati guztiak zeuden paperean, kolore politez horniturik, eta nola moztu eta hola pegatu esaten zuten instrukzioek. Nikolak kiribildu egin zuen papera eta farrez atera zen, lasterka, etxera ailegatzeko amorratzen, abizen desberdinekin erabat ahazturik, besapean zeraman orri handi hura bere gaztaroko unerik gozoenak irentsiko zituen mundu txiki eta propio bateko lehen etxetxoa bihurtuko zela sospetxatu gabe.